Bizikletaren pedalei eraginez aurkitu zuen Naiara Espinosak kirolaz gozatzeko modua. Aitarengandik datorkio txirrindularitzarekiko zaletasuna, konfinamenduan sofan eserita zegoela txirrindularitza lasterketa bat ikusiz kutsatu ziona. Kirolean nola hasi zen eta gaur egun bere kirol erronkak zeintzuk diren kontatu digu txirrindulariak.
Zergatik aukeratu zenuen txirrindularitza beste kirolen artean?
Aitarekin telebistan txirrindularitza lasterketa bat ikusiz konturatu nintzen kirol hau ez zela besteak bezalakoa. Hau da, zaletasun handiko kirola dela konturatu nintzen. Horregatik deigarria egin zitzaidan, zure idoloa zugandik metro gutxira bizikletan pasatzen ikusi dezakezulako. Beraz, zaletasuna izan zen kirol honetara erakarri ninduena. Horrela, aitak egiten zuen bezala, bizikletan ibiltzen hastea erabaki nuen eta aldaketa ederra izan zen nire bizitzan.
Kirol honetan hasi zinenetik, zein izan da zure ibilbidea?
Irungo Txirrindulari Klubean hasi nintzen, baina egia da klub horretan oso neska txirrindulari gutxi daudela. Bi neska ginenez bakarrik, klubean mutilengan arreta handiagoa jartzen zuten, beraz, Donostiako klub batera laga gintuzten, Goenaga izenekoa eta uste dut jada desagertu dela. Bertan bi urte inguru eman nituen eta, egia esan, oso gustura egon nintzen. Kluba neskarik gabe geratu zenez, Limousin izeneko taldera aldatu behar izan nintzen. Tolosako txirrindularitza talde bat da eta neska dezente gaudenez, oso gustura nago bertan. Orain Juniorren bigarren urtean lehiatzen ari naiz.
Zentzu horretan, zeintzuk izango dira zure hurrengo kirol hitzorduak?
Ba orain neguan pista denboraldiaren garaia da, beraz, bertan lehiatzeko prestatzen ari naiz. Izan ere, denboraldian zehar hainbat lehiaketa egiten dira. Beraz, orain nire hurrengo kirol helburuak pistako txapelketak izango dira, martxo inguruan egin ohi direnak. Horrela, txapelketa horietarako neguan zehar prestatu behar zara. Horren ostean, errepideko lasterketak prestatzen hasiko naiz.
“Aitarekin telebistan txirrindularitza lasterketa bat ikusiz konturatu nintzen kirol hau ez zela besteak bezalakoa”
Oso desberdina da pistan eta errepidean lehiatzea?
Bai, oso desberdina da. Hau da, pistan indar handia behar da, zirkuitua dena laua da eta gainera garapen bakarra duzu, hau da, ezin duzu ahulagoa den batera aldatu eta ez dago balaztarik. Errepidean, berriz, oso desberdina da, erliebeak gorabeherak baititu. Mendateak igo behar dituzu eta horretarako, indarra baino gehiago, iraupena eskatzen du, goraino ondo iritsi ahal izateko.
Parte hartu duzun proben artean, zein izan da zure gustukoena eta zergatik?
Ba asko gustatzen zait Portugalgo Volta. Hiru eguneko itzulia da errepidean, ibilbideak oso politak dira, oso desberdinak ere bai. Orokorrean oso laua da, baina tarteka badu igo beharreko mendateren bat, beraz, bistak ederrak dira, nahiz eta asko sufritzen den. Gainera, kanpoko jende asko etortzen da proba hori ikustera.
Nola antolatzen dituzu zure entrenamenduak?
Bai, beno, nik entrenamenduak antolatzen dizkidan entrenatzaile bat daukat eta berak esaten dit noiz, nola eta zer entrenatu behar dudan. Horrela, nik gero eskolarekin hitz egiten dut, noiz atera naitekeen zehazteko. Astean zehar atseden egun bakarra izan ohi dut.
Istripuek erakusten dute errepidean entrenatzea, ordea, arriskutsua izan daitekeela, ezta?
Bai, egia esan arriskutsua izan daiteke errepidean bizikletarekin entrenatzea, baina azkenean gustatzen zaizun kirola denez, horrela egin behar duzu, ez dago beste aukerarik. Badira txirrindulariekin kontu handirik ez duten gidariak eta ondorioz bizikletarekin ateratzen zarenean egunero bizitza jokoan jartzen duzu.
Zer egin beharko litzateke nesken artean txirrindularitza sustatzeko?
Egia esan, neska txirrindulariak oso gutxi gara. Ni, adibidez, mutilekin lehiatu naiz, eta ikusten dut zaletasuna askoz handiagoa dagoela mutilekiko. Neskak bakarrik lehiatzen garenean, zaleak gutxiago dira. Egutegian ere aldea dago, mutilek neskek baino lasterketa gehiago dituztelako. Neskak askotan Euskaditik kanpo joan behar izaten gara lehiatzeko, adibidez, Madrilera edo Galiziara, Espainiako gainontzeko neskekin elkartzeko. Azkenean, horrek txapelketetan parte hartu ahal izateko denbora gehiago eskatzen dizu, errazagoa baita etxe ondoan lehiatzea, bai denbora bai baliabide aldetik.
“Egoera honek zuzenean eragiten digu txirrindulariei, lehiaketarik izan gabe entrenatzen ari garelako”
Azkenaldian lasterketak antolatzeko zailtasunak daudela salatu da. Manifestazio horietan parte hartu duzu?
Bai, urriaren 13an manifestazio bat izan genuen aurten oraindik lehiaketen egutegirik ez dagoela salatzeko. Antza denez, ez dago ertzain nahikorik lasterketak behar bezala antolatu ahal izateko. Egoera honek zuzenean eragiten digu txirrindulariei, lehiaketarik izan gabe entrenatzen ari garelako. Beraz, orain lehiatzeko dugun aukera bakarra kanpora joatea da.
Zergatik gomendatuko zenuke txirrindularitza probatzea?
Jendea kirola probatzera animatuko nuke, kirola egiteko leku bat baino gehiago delako, familia bat bezalakoa da. Jende asko ezagutzen duzu, bai hemen eta hemendik kanpo. Gainera, bidaiatzeko aukera ematen dizun kirola da eta horri esker leku desberdin asko ezagutu ditzakezu.
Txirrindulari gisa zein izango litzateke zure amets gorena?
Bada, nire helburu gorena txirrindulari profesional bihurtzea izango litzateke. Oso zaila da, baina dena saiatu behar da. Horrela, La Vuelta edo Donostiako klasikoa korritzea gustatuko litzaidake eta noski, irabaztea ere.