Irudek Bidasoa Irun denboraldiko bigarren itzuliari aurre egiteko prestatzen ari da. Julen Mujika lehen taldeko eskuin alboko jokalariak denboraldiko bigarren zatirako taldeak finkatu dituen helburuez hitz egin du. Asobal Ligan zein Europako Txapelketan arituko da taldea datozen hilabeteetan zehar.
Nola joan da denboraldiaren bigarren zatia prestatzeko urtarrilean zehar egin duzuen aurredenboraldi txikia?
Esango nuke gogorra izan dela. Baja asko eduki ez arren, Matheusek eskubaloia uztea erabaki zuen belaun arazoengatik. Bestalde, Iñaki Peciña ere lesionatu egin zen. Azkenean, normalean baino entrenamendu karga handiagoa edukitzen dugu eta horrek lesio gehiago egotea dakar. Dena den, prestaketa ona egin dugu, batez ere, hobetu beharreko puntuak landuz. Hala ere, denboraldiaren bigarren zatiko lehen bi partiduak nahiko kaxkarrak izan direnez, denboraldiko helburuak argi eduki eta zertan hobetu behar dugun ikusteko balio izatea espero dut. Taldearen aldetik, alderdi horietan hobetzea izango da gure helburua.
Urtarrila prestaketetan sakondu eta, aldi berean, deskonektatzeko baliagarria suertatu zaizue?
Bai, nire kasuan adibidez, deskonektatzeko modua da, gero unibertsitateko ikasketekin konektatzeko aukera ematen didana. Gainera, urtarrilean azterketak ditut, beraz, entrenatzea gehiago kostatzen zait, azterketekin atzera eta aurrera ibiltzen naizelako. Hor pare bat aste lasai izan genituen eta horiek eskubaloiaz deskantsatzeko baliagarriak izan ziren. Maila honetako denboraldi batek karga fisiko eta mental handia du, Europan ere lehiatzerakoan bidaia dezente dituzulako.
“Egia da oraindik ez dugula gure maila onena atera, baina egunero ari gara lanean hori lortzeko”
Bateragarria al da goi mailako kirolaria izatea eta unibertsitateko ikasketak egitea?
Kudeaketa ez da erraza. Egia da ikasketetako lehen urteetan zailagoa izan zitzaidala, nire klasekideak ikusita, denera iristen saiatzen nintzelako: klase guztietara joaten eta dena lehenengoan gainditzen; baina ezinezkoa zen. Bigarren mailan txipa aldatu nuen, ikasgai gutxiago hartu nituen, patxadaz, eta nire kabuz arratsaldeetan ikasten hasi nintzen galdutakoa berreskuratzeko. Azken urteetan hobeto eraman dut. Orain azken urtean nago jada, praktikak eta gradu amaierako lana falta zaizkit soilik.
Nola ibili zarete urtarrileko lagunartekoetan?
Oso baliagarriak izan dira, nahiz eta pare bat Euskal Kopakoak izan. Maila baxuagoko aurkarien aurka aritu arren, partidu guztietan gure % 100 eman behar dugula ulertzeko balio izan zigun, bestela edozeinek irabazi ahalko gaitu. Adibidez, Zarautzen auka ozta-ozta ibili ginen. Bestetik, Asobal Ligako taldeen aurkako partiduak lagungarriak izan dira, esaterako, Valladoliden aurkakoa edo Arandaren aurkako bigarren zatia.

Bitarte horretan nazioarteko jokalariak harrobikoekin ordezkatzean ondo moldatu zarete?
Bai. Gurekin ahal duten guztietan entrenatzen dute eta asko laguntzen digute. Alex hemen egoten da egunero eta orain lehen taldearekin jokatzeko saria jaso du, maila baduelako. Orain etorri diren jubenilak, Oihanek, Aimarrek, Eñautek edo Unaik lan ona egin dute. Niri gustatzen zait horrelako jendearekin jokatzea, bertako jendearekin eta euskaraz aritzeak erosotasun puntu bat ematen baitit. Pozgarria da egiten duten lanak saria duela ikustea. Betidanik polita iruditu zait ikustea herrikoa edo ingurukoa den batek golerako pasea ematea. Realzalea naiz eta harrobiko jokalariekin hori bera gertatzen zait eta, beraz, Irungo zalegoari antzeko zerbait gertatuko zaiola uste dut.
Espainiako Kopan Barçaren aurka galdu arren, nola aritu zinetela uste duzu?
Pena eman zigun gure partidurik onena ez egiteak; Barçaren aurka irabazteko partidu bikaina egin behar duzu eta, gainera, haiek egun txarra izatea. Denak internazionalak direnez eta urtarrilean kanpoan ibilita, ez nuen espero hain fin ibiliko zirenik. Behintzat guk hobetu beharrekoez konturatu ginen. Egia da oraindik ez dugula gure maila onena atera, baina egunero ari gara lanean hori lortzeko.
“Europako gauek disfrutatzeko aukera ematen digute, baina horretarako Asobal ligan neurria eman behar dugu”
Asobal Liga ere beste modu batean hastea espero zenuten?
Denboraldiko gure partidu okerrena izan zen eta, intentsitate aldetik, gainetik pasa ziren. Hori da orain gure akats nagusietako bat, intentsitatea. Partidu hori atentzio dei bat izan daiteke, arreta eskaera gisako bat, etxetik kanpo horrelako partidu gehiago izan ditzakegulako. Partiduz partidu nekea metatzen zaigunean, hasieratik partidu serioa egiten ahalegindu behar gara, arreta galdu gabe. Lehen itzulian zehar gure arerio zuzenen aurkako partiduak irabaztea falta izan zaigu. Gozoak ez diren partiduak oso baliagarriak dira ikasteko. Europako gauek disfrutatzeko aukera ematen digute, baina horretarako Asobal ligan neurria eman behar dugu. Denboraldiko lehen zatian beherago dauden taldeen aurkako partidurik ez genuen galdu eta horretara itzuli behar gara, jakina, arerio zuzenen aurka ere irabaziz.
Eta Europako txapelketako bigarren itzulia berriz, nola espero duzue?
Aurrekontu, plantilla, jokalari eta azpiegitura aldetik gainontzekoak 3, 4 edo 5 maila gorago daude. Talde horien aurka partidurik onenak egiten saiatzen gara, haiek ez baitira guztiz garaiezinak. Gure helburua horietakoren bat irabazten saiatzea da, aukera gutxi izan arren, dauzkagunak baliatu behar ditugu. Aste horietan Artalekun gai politak bizitzea espero dut eta garaipenarekin bada, hobe.
Pertsonalki, zeintzuk dira zure erronkak denboraldiko bigarren itzulirako?
Nire ametsa beti Txapeldunen Liga jokatzea izan da eta, aurten formatu aldaketaren ostean, oraindik ez dakigu baina agian bigarren postua lortzeak horretarako aukera ematen digu. Niretzat izugarria litzateke eta uste dut baita taldearentzat orokorrean ere, beraz, hori izango dugu helburu. Asobal ligan lehen urratsa oso ona izan ez bada ere, hurrengoak ahalik eta onenak izaten saiatuko gara. Hain urruti iritsi izanak eta nire ametsera iristeko aukerak ditugula ikusteak ilusioa egiten dit.
Elkarrizketaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



