Jose Antonio Santano, Irungo alkatea. “Tokiko Araubide lege berriak udalak adingabeak bagina bezala tratatzen gaitu”

Udal aurrekontua onartzeko garaia iritsita, gobernuak 75 milioi inguruko proiektua proposatuko du, iazkoaren antzera. Alkatea gastuen ardatzez mintzo da, baita superabitarekin egingo denaz ere.
Erakundeen arteko tirabirak eskumen gatazkak direla eta, hiritarren parte-hartzea eta Tokiko Araubide lege berriak udalei ekarriko liekeen demokrazia defizita ere hizpide ditu elkarrizketan.

alkatea5342

– Zertan inbertituko da iazko aurrekontuko superabita?
Udal aurrekontuaren diru sarrera nagusia Foru Aldundiko Funtsetik datorkigu, eta biltzen den araberakoa da. Diru koltxoi bat edukitzea da gure politika, aurreikuspenak betetzen ez badira gero asko kostazen delako Aldundiari dirua itzultzea. 2012ko soberakina 5,5 milioi ingurukoa izan zen. Oraindik ez dugu dena gastatu. Inbertsio txikiak auzo ezberdinetan egin genitzake
– Aurten ere superabita aurreikusten da. Irungo elkarteei diru laguntzak murriztu zitzaizkien eta batzuk nahiko itota dabiltza. Diru gehiago jaso lezakete?
Aurten ez dugu gehiago murriztu, eta datorren urtean gauzak beren horretan mantenduko ditugu.
Superabitari dagokionez, gure asmoa da abendurako plan berezi bat lantzea, non eskaera eta beharrizan garrantzitsuenak jasoko ditugun. Horri jarraiki gastatuko dugu.
– Eskumenak zeinenak diren argi ez dagoelako, 2013an berriro ere erakundeen arteko tirabirak gertatu dira. Zer egin beharko litzateke horrelakoekin bukatzeko?
Eskumen arazoak beti eman dira, baina orain oso agerikoak dira, diru gutxiago dagoelako; hori dela eta, erakunde bakoitzak bere mugak zorrotz behatzen ditu. Ondorioa da azkenean beti Udalak dirua aurreratu behar duela, eta gero dagokion erakundeari erreklamatu. Bi adibide dira Gizarte-Larrialdiko Laguntzak (41.000 €) eta eskoletako obrak (273.000 €). Kopuru horiek erreklamatuko dizkiogu.
Euskadin udal lege bat behar dugu, eskumenak zein erakunderi dagozkion eta horien finantzazioa ere zehaztuko dituena. Legea heldu den urtean onar liteke.
– Zein izango dira 2014ko aurrekontuaren ardatz nagusiak?
Ardatz estrategikoak dira zerbitzu publikoak mantentzea eta elkartasuna familia zein pertsonekin. Azken hau oso inportantea da, Euskadiko udalek sare soziala osa-tzen dugulako. Halaber, enpleguan inbertitzen jarraitu nahi dugu, baita zenbait auzotan ere. Azkenik, urte anitzeko inbertsoek aurrera jarraituko dute; hots, Urdanibia plazako zaharberritzeak, Gain Gaineko parkeak, liburutegi berriak eta Porcelanaseko urbanizazioak.
– Aurrekontuak onartzeko, beste alderdiren baten babesa behar du udal gobernuak. Zeinena lortuko duzue?
Negoziaketatik ez dugu inor baztertzen. Zenbat eta alderdi gehiagorekin adostu eta zenbat eta gehiago adostu, orduan eta hobeki. Oposizioaren helburua aurrekontua hobetzea da, ez blokeatzea. Beharbada Irunen hori hobeki ulertu da. Gure jomuga negoziatzea da, eta azkenerako beti iristen gara akordioetara.
– Bildu kexu da hiritarren parte-hartzea eskasa dela.
Parte-hartze prozesuak abian jartzeko ahaleginak egin ditugu. Azken kritika behin-behineko jarduerei buruzko ordenantza dela-eta egin dute. Ez gaude ados kritikarekin, elkarte guztiei bidali zitzaielako, eta batzuek aldaketa zehatzak proposatu dituzte. Bilduk uste du ordenantza bat lantzeko orduan zerotik abiatzea badagoela; baina hori ez da horrela, atzean bete beharreko legea eta prozedurak daudelako. Guk proposamen bat egiten dugu, eta gero hobetu egiten da elkarteen ekarpenekin. Bilduk gauzak beraiek plantea-tzen dituzten eran egin daitezela nahi du, baina modu asko daude.
Gobernatzen duten erakundeetan eska-tzen dutena aplikatzen dute? Ahaldun Nagusiak alkateoi dei egin digu aurrrekontua aurkezteko, ez elkarrekin lantzeko.

Araubide lege berriaren ondorioak

– Zer ondorio ekarriko lioke Iruni Tokiko Araubide lege berria onartzeak?
Euskadin ezarriko balitz, Udalak zenbait eskumen galduko luke: oinarrizko gizarte sarea, enplegua eta sustapen ekonomikoa, berdintasuna eta udalaren barruko funtzionamenduari dagokionez, eta sistema berrian Ogasun ministerioaren kontrolak lehentasuna izango luke, udalbatzaren borondate politikoaren gainetik ere, kasu askotan. Ezarri nahi den kontrolak adin txikikoak bagina bezala tratatzen gaitu eta XIX. mendera atzera eraman nahi gaitu, hau da, bebespeko udaletara.
Atzean dagoen ideia da udalak arazo iturri direla. Errealitatea, ordea, justu kontrakoa dela uste dut: pertsonen arazoak konpontzeko ekarpen handia egin dugu. Udalen zorra ez da Euskadiko zor publikoaren % 0,4ra ere
iristen.
Udal txikietan, lege honek demokrazia akabatuko du, hainbat eskumen Aldundiaren esku geratuko direlako. Kontuan izan Euskadin izan ezik beste probintzietan aldundietako ordezkariak ez direla modu zuzenean aukeratzen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude