Lakaxita eraisteko asmorik ez du Irungo Udalak
Sancheski enpresaren lekualdatzea atzeratu dute, eperik gabe
Beste urrats bat eman du San Migel-Anaka eremuaren urbanizazioak. Hiri Antolaketarako Plan Bereziaren bigarren aldaketaren berri eman du Irungo Udalak, eta alegazioak jasotzeko epean dago orain. Maiatzean edo uztailean plenora eramatea aurreikusten du udal gobernuak, behin-betiko onartzeko. Egindako aldaketek bi helburu nagusi dituzte: kargak murriztea, eta proiektua aurrera eramateko etapak zehaztea. “Modu horretan, horrenbeste atzeratu den plana behingoz martxan jartzea lortuko dugu”, argitu du Xabier Iridoy Hirigintza arloko ordezkariak. Besteak beste, Lakaxita ez eraistea eta Sancheski enpresaren lekualdatzea atzeratzea aurreikusten du udal gobernuak.
Milatik gora etxebizitza eraikiko dituzte, hurrengo urteetan, San Migel eta Anaka auzoen arteko eremuan. 100.000m²-ko espazioa hartuko dute, guztira, etxebizitzetako eraikinek, Letxunborro, Jaizkibel, Donostia eta Anaka kaleen artean. Hiri Antolaketarako Plan Bereziaren bigarren aldaketaren arabera, etxebizitza libreak 288 izango dira. Babes ofizialekoak, aldiz, 887 (%75). Zortzi urteko epean, 400 etxebizitza inguru alokairu sozialera bideratu nahi lituzke udal gobernuak. “Gogoratu behar da alokairu sozialeko etxebizitzaren eraikuntza konplikatua dela, finantzatzerako orduan topatzen diren zailtasunak direla eta”, azpimarratu du Iridoyk.
“Plan handia eta konplexua da, akordio asko behar dituena”
Xabier Iridoy, Irungo Udaleko Hirigintza ordezkaria
Etxebizitzez gainera, futbol zelaia, bestelako kirol instalazioak eta merkataritza gunea eraikiko ditu udalak eremuan. Proiektuaren bolumena ikusita, argi dago luze joko duela. Iridoyk berak aitortu du: “Plan handia da, konplexua, akordio asko behar dituena”. Horregatik, hiru etapa edo fase nagusitan aurrera eramateko planteamendua egin dute. Dena den, 2017ra arte, behintzat, ez dira lurra mugitzen hasiko. Aurtengo helburuen berri eman du Xabier Iridoyk: “Alde batetik Eusko Jaurlaritzarekin lan egiten jarraituko dugu, lursailen %25en jabea baita. Aldi berean, lurraren deskontaminaziorako ikerketari ekingo diogu. Ondoren, PAU edo urbanizaziorako ekintza plana eta partzelazio proiektua martxan jarriko ditugu”.
Eremuan dauden eraikinen etorkizuna
Planaren zken aldaketak, eremuan dauden zenbait eraikin finkatu ditu. Beraz, ez dituzte eraitsi behar izango. 1.343.000 euro bideratu ditu Irungo udalak azken urteotan, eraikinak eraberritzeko. Proiektuak izan duen atzerapenak bizilagunei eragin dizkien eragozpenak onartu diru José Antonio Santano alkateak: “Ziurgabetasunean bizi izan dira hamarkadetan zehar. Lasai egon ahal izango dira orain”. Lekaenea ikastetxea ere finkatu du Irungo Udalak. Sancheski enpresa behin-behinean finkatu du, eta haren lekualdatzea atzeratu, jabeek erabakia hartzen duten arte.
Beste eraikin batzuk, aldiz, ordenaziotik kanpo gelditu dira: Santa Barbara, Izartxo-Enea, Agerre Txiki, Etxeberri eta La Casita, gaur egun Lakaxita Gaztetxea hartzen duena. Azkena izan ezik, gainerakoak eraitsi egingo dituzte, errepideak edo oinezkoentzako bideak eraikitzeko. Lakaxitaren lursaila, eraikina barne, 1.300.000 euroren truke erosi du Irungo Udalak. Dena den, ez du eraikina eraisteko asmorik. “Lakaxitako jarduerek aurrera egin ahal izango dute”, konfirmatu du Xabier Iridoy Hirigintza arloko ordezkariak.