Esan dezakegu Irun nahiko hiri kirolaria dela. Kirol desberdinetako elkarte ugari dago Irunen, goi-mailako kirolari profesionalak ere eman ditu eta, orokorrean, irundarrek jarduera fisikoa egiteko kultura daukate. Baina Irungo Udalak areago jo nahi du.Bere eguneroko bizimoduan jarduera fisikorik egiten ez duen jendeak ohitura osasuntsuak hartzea izango da Irungo Udalaren helburua etorkizun laburrean, eta, gainera, “honekin ekonomia garatzea ere espero dugu”, adierazi zuten. Bi kontu hauek hizpide izanda, maiatzaren 24an Ficoban “Irun Sasoian” Lehenengo Topaketa Profesionala burutu zen.
Bertan, Irungo kirolarekin zerikusi profesionala duten hainbat erakunde eta per-tsona bildu ziren; hala nola, teknikariak, aholkulariak, kirol dendak, enpresak, dantza-akademiak, gimnasioetako arduraduna eta kirol elkarteak.
Iñaki Iturrioz Irungo Udaleko Kirol Ekin-tzen Arduradunak jomuga zein zen azpimarratu zuen: “Batez ere gaur zuek elkar ezagutaraztea eta guk nola lan egiten dugun erakutsi nahi dugu, hemendik aurrera lankidetza publiko-pribatua bultza-tzeko eta guztioi interesatzen zaizkigun proiektuak garatzeko”.
Lankidetza bultzatu
Iñaki Iturriozek mintzaldi batekin hasi zuen Topaketa. Hirian jarduera fisikoa areagotzeko politikei eta programei buruz izan zen azalpena, eta Udalak egiten duen ekintza bakoitza argi eta garbi azaldu zuen. Baina orain arte Udala kirol arloan kiroldegietako zerbitzuen kudeaketarekin, Eskola Kirola programarekin eta kirol elkarteekin harremanetan jartzera mugatu dela esan zuen, baita hori nahikoa ez dela onartu ere.
Hori horrela, kirol alorrean Udalean gauzak aldatzen ari direla aditzera eman zuen. Ildo horretatik helburu berria plazaratu zuen: “Orain hiriak ematen dizkigun aukera guztiak ustiatu nahi ditugu, etorkizunean Irunen pertsona aktiboa izateko aukera errazagoa izan dadin, eta horretarako zuen laguntza ezinbestekoa dela pentsatzen dugu”.
Talde dinamika
Iturriozen parte-hartzea bukatu zenean gonbidatuak lau mahaitan banatu ziren, mahai bakoitzean zortzina pertsona aurrez aurre egon zirela, eta ‘World Cafe’ talde dinamikari hasiera eman zioten. Formatu horretan Irungo kirol eragileek hiru gairen inguruan solastu behar izan zuten, eta gero akordio batera iritsi, ideiak eta ondorioak guztion aurrean aurkezteko.
Irun Sasoian Lehenengo Topaketa Profesionalean mamitu ziren hausnarketak zein proposamenak Irungo Udal teknikariek bildu zituzten, eta material horrekin dosier bat prestatuko da, helburu berriak lehebailehen erdiesteko. Jardunaldiaren amaieran Pedro Alegre Irungo Udaleko Kirol Ordezkariak hitza hartu zuen, Topaketaren inguruko balantze txikia egiteko. “Guztiz probetxagarria izan da gaurko eguna, ideia politak atera dira, eta ziur nago aurrerantzean proiektu bikainak aurrera eramango direla. Gaur lehenengo topaketa burutu dugu, baina laster berriro elkarrekin egongo gara, hitz egin dugun guztiarekin zerbait zehatza garatzeko”. Irundarren onerako, espero dugu horrela izatea.