Uxue Azkarate Gambrak GazteARTEan bekaren bosgarren edizioaren barnean egindako lana aurkeztu du

Uxue Azkarate Gambrak GazteARTEan bekaren bosgarren edizioaren barnean egindako lana aurkeztu du.Zehazki, “Nerabeak eta autoirudia eta sare sozialak: arte hezkuntzaren bidezko begirada kritiko bat” da Uxue Azkaratek egindako ikerketa lanaren izenburua. Proiektuaren emaitzen aurkezpena Irungo udaletxean egin da eta Sergio Javier GazteARTEan Gazteria arloko ordezkaria bertan izan da.

GazteARTEan beka Haur, nerabe eta gazteen alorreko Irungo Udalaren ekimen bat da beka hori, 35 urtetik beherako gazteei zuzendua. Bekaren xedea da gazteen ekimenak autonomoki garatzen laguntzea, ikertze-lana bultzatzea eta akuilatzea gazteen artean, eta, aldi berean, Udalaren eta gazteen artean lan egiteko lerro berri bat irekitzea.

Sergio Javier Gazteriako ordezkariak nabarmendu duenez, Irungo Udalak uste du garrantzitsua eta ezinbestekoa dela erakundeen eta gazteriaren arteko harreman hori jorratzea. “Azken batean, komunikaziorako eta lankidetzarako kanal hori irekita, gazteen etorkizuna eraikitzen laguntzen dugu, ardura eta ahalduntzea oinarri hartuta, eta tresnak eskaintzen dizkiegu erabakiak hartzen diren eremuetarako, beren egunerokoa eragiten dieten kontuen protagonista izan daitezen”, azaldu du Gazteriako ordezkariak. “Gazteek politika instituzionalean parte hartu behar dute, eta udal-agenda eta ekintza politikoa markatzeko eta berauetan eragina izateko mekanismoak izan behar dituzte”, erantsi du Sergio Javierrek.

Bekaren bosgarren edizioa

Azterlan honen xedea da zer-nolako eragina duten gazteen autoestimuan eta autoirudian sare sozialetan presente dauden edertasun-kanonek. Bereziki nabarmena da nerabeen kasuan, bizitzaren etapa horren ezaugarri baitira aldaketa fisikoak eta horien ondoriozko segurtasunik ezak.

Ikerketa gauzatzeko, tailer praktiko hauek egin dira Irunen:

  • Hezkuntza formala, La Salle: hiru saio egin ziren DBHko 1. mailako 30 ikasleko talde batekin, Hezkuntza plastikoa, bisuala eta ikus-entzunezkoa irakasgaian. Lehen saioa La Salleko ikasleekin kontaktua hartzeko izan zen. Hasteko, tailerra aurkeztu zen eta kultura bisualaren inguruko elkarrizketa kolektiboa sustatu zen; saioaren bigarren erdian, erreferenteen mapa bisual bat osatu zuten. Bigarren eta hirugarren saioetan, ikasleek autorretratu bat egin zuten, collagearen teknika erabilita. Saio guztietan ikasleek interesa eta parte hartzeko gogoa erakutsi zuten, eta planteatu zitzaizkien ariketa guztiek oso erantzun positiboa jaso zuten.
  • Hezkuntza ez-formala: Artia eta Martindozenea gaztelekuak: La Salleko ekimenarekin batera, hiru tailer proposatu ziren, hiru astetan, Artia eta Martindozenea gaztelekuetan. Jardueraren deialdia sare sozialetan zabaldu zen eta borondatez izena eman zuten nerabeek hartu zuten parte. Lehen saioan kultura bisuala zer den eztabaidatu zen eta micro-short bat egin zen; bigarrenean selfien gaia landu zen eta hirugarrenean fanzine bat idatzi zuten parte-hartzaileek, arraza, adina, generoa eta antzeko gaiak jorratzeko.

Bekaren asmoa da gazteak eskubide osoko herritar gisa gaitu daitezen laguntzea; herritar gazte erantzunkide, kontziente, proaktibo eta emantzipatuak sustatzea.

Uxue Azkarate Gambra

Uxue Azkarate Gambra erandiotarra Arteko graduduna da, eta bi master egin ditu: arte garaikide teknologikoari eta performatiboari buruzkoa bat eta irakasle izateko bestea. Gaur egun Psikodidaktikari buruzko doktoretza egiten ari da, eta irakasle dihardu EHUren Arte Ederren fakultatean. Gainera, artista eta ikertzailea da, lan ugari egin ditu, argitalpen asko idatzi ditu eta zenbait kongresutan parte hartu du.

Seigarren edizioa ere martxan

Horrez gain, Gazteria arloak interesdun guztiei gogorarazten dien 2024ko urriaren 4ra arteko epea dutela GazteARTEan bekaren seigarren ediziorako ikerketa-proiektuak aurkezteko.

GazteARTEan bekaren helburua da haurrak, nerabeak eta/edo gazteak gai nagusi gisa hartzen dituen ikerketa-ekintza proiektu bat garatzen laguntzea eta gazteen ikerketa-lanak bultzatzea. Bereziki interesgarriak dira ikerketa edo ekintza garatzeko momentuan Irungo gazteen parte-hartze zuzena eta aktiboa sustatzen duten proposamenak. Erabilitako metodologiaren originaltasuna eta berrikuntza baloratzen dira, eta hausnarketarako prozesuak integratzea gazteek esperimentatuz eta partekatuz ikas dezaten.

Baldintzak:

– Pertsona fisikoek, banaka, edo horretarako berariaz osatutako taldeek eska dezakete beka hau.

– Beka eskuratzeko, ezinbestekoa da Unibertsitateko gradua edo lizentziatura edukitzea.

– Eskatzaileak 35 urteak bete gabe izan beharko ditu beka eskatzen den urteko abenduaren 31n.

– Proiektuak aurkezteko epea: 2024ko urriaren 4ra arte Dirulaguntzaren zenbatekoa: 8.000,00 €

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude