Martxan da Eskola Kirola

Urrian ekin diote kirol jarduerari Irungo ikastetxeetan

Irailean itzuli ziren haurrak eskolara, eta urriarekin batera hasiko dira eskolaz kanpoko jarduera gehienetan. Lehen Hezkuntzako haurren artean, Eskola Kirola programa da zabalduenetako bat. Irungo Udalaren eta hiriko ikastetxeen arteko elkarlanari esker, kirol diziplina ezberdinak probatzeko aukera dute 8 eta 12 urte arteko neska-mutilek. elatzeta

Kirol jarduerarekin duten lehen harremana izango da haur gehienentzat. Eta harreman horren izaera, norabidea, eta iraupena baldintza ditzake Eskola Kirolak. Horregatik, Irungo Udalak bultzatzen dituen kirol programen artean “garrantzitsuena” dela uste du Pedro Alegre Kirola arloko ordezkariak: “Oinarrizko kirola da, hastapenekoa. Irungo etorkizuneko kirolaren zimendua”. Oinarri hori sendoa izan dadin, kirolarekin harremana duten balioak transmititzeko helburua du programak. Hezten duen kirola leloa hautatu dute aurten. “Programa ez da zorrotza errendimenduari edo lehiari dagokionez. Inportanteena formazioa da”, azpimarratu du Alegrek.

Programa ez da zorrotza errendimenduari edo lehiari dagokionez”
Pedro Alegre, Kirola arloko ordezkaria

Lehen Hezkuntzako bigarren eta hirugarren zikloko bostehundik gora haur ariko dira Eskola Kirolean. 40 talde baino gehiago osatuko dituzte, eta 30 kirol hezitzaile ariko dira haiekin. Udalak kontratatutako enpresa batek kudeatuko du programa, Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztiekin lankidetzan. Bakoitzean Eskola Kiroleko koordinatzaile bat egongo dela aipatu du Pedro Alegrek. Ikastetxeen inplikazioa azpimarratu du, bide batez: “Ezinbestekoa da zentroetan egiten duten lana”.

Kirolak probatzeko aukera izango dute

Urrian hasi eta maiatzera arte, taldekako hiru kirol nagusi egingo dituzte: eskubaloia, saskibaloia eta futbola. Errugbia ere landuko dute, eta bakarkako beste hainbat kirol ere bai: tenisa, pala, pilota, atletismoa, igeriketa etab. Alegrek azaldu du asmoa dela haurrak goizegi espezializatu daitezen saihestea: “Kirol ezberdinak probatu behar dituzte, eta aurrerago izango dute hautatzeko aukera”. Taldekakoetan, elkarbizitzarekin lotutako balioak landuko dituzte. Bakarkakoetan, norberaren burua ezagutzen eta aurkariarekiko errespetua edukitzen ikasiko dute, besteak beste.

Aniztasun funtzionala duten haurrek ere kirola egiteko aukera izango dute, Irungo Udalak Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioekin sinatu duen hitzarmenari esker. Iaz egin zuten lehen esperientzia, eta hogei neska-mutil aritu ziren, talde ezberdinetan. “Bide horri eutsi nahi diogu, aniztasun funtzionala duten haurrek ere kirola egiteko eta beste haurrekin harremana edukitzeko aukera izan dezaten”, aipatu du Alegrek. Bestalde, udal ordezkariek mezu berezia bidali nahi izan diete hirugarren zikloko neskei. 11-12 urteko nesken izen- emateen kopuruak behera egiten baitu, nabarmen. “Adin horretan hasten dira finkatzen bizitzako ohiturak, eta uste dugu, horien artean kirola sustatzea ezinbestekoa dela”, nabarmendu du Josune Gomez Euskara eta Gazteria arloko ordezkariak.

Eskolatik kanpo euskara erabiltzeko aukera paregabea da”
Josune Gomez, Euskara arloko ordezkaria
Euskara landuko dute

Eskola Kirola programako jarduera guztiak euskaraz burutuko dituzte. Hori da Irungo Udalaren eta ikastetxeen helburua, eta horretan ahaleginduko dira arduradunak eta monitoreak. “Irungo errealitatean, eskolaz kanpo euskaraz aritzea zaila izaten da askotan”, onartu du Josune Gomezek. Horregatik azpimarratu du programaren garrantzia: “Eskolatik kanpo euskara erabiltzeko aukera paregabea da. Gainera, euskara aberasteko bidea eman dezake, hiztegi teknikoarekin, esamolde bereziekin etab.”. Euskararen erabilera txikitatik sustatzeko espazio egokia izan daiteke kirola.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude