RUTH LOPEZ HERRERO, Erletxea bulegoko arduraduna: “Bulegoko atea gurutzatu duten pertsona guztiek esan duten lehenengo gauza da haien helburua lan egitea dela”

Sarritan ezkutuan gelditzen den errealitatea da pobreziarena. Itzalean bizi da bazterketa sozialean, edo haren arriskuan dagoen jendea. Egoera horretan bizi diren irundarren arazoak gertutik ezagutzen ditu, hain zuzen ere, Ruth Lopez Herrerok, ia lau urte baitaramatza Erletxea bulegoan. Gizarte laguntzen inguruan ohikoa izaten den informazio gabeziari erantzuteko sortu zen proiektu herritarra, 2012an. Kale Nagusiko 5.ean dago Erletxea, eta astelehenetan zabaltzen ditu ateak, 12:00etatik 13:30etara. SONY DSC
Zein da Erletxea egitasmoaren helburua?

Kontua da, erakunde publikoek laguntza sozialei buruz eman behar luketen informazioa ez dela behar bezain osoa izaten. Hutsune horren aurrean, alde batetik, prestazio horiek eskatzen dituztenei informazioa ematea dugu helburu. Bestetik, Irunen ezkutuan geratzen diren hainbat errealitate azaleratu nahi ditugu.

Gaurkotasun gaia izaten da, askotan, laguntza sozialena. Eztabaida politikoen iturri ere izan dira.
Okerrena da, gaia komunikabideetan agertzen denean, laguntzak jasotzen dituen jendeak iruzurra egiten duela esateko dela. Irudi hori ematen da, behintzat, eta kasu gehien-gehienetan, ez da benetakoa. Kasu bat azaleratzen da, eta jendeak pentsatzen du hori dela ohikoena. Horrek eragiten du jende txiroaren kriminalizazioa, eta hainbat aurreiritzi: gezurtiak direla, engainatu egiten dutela, ez dutela lan egin nahi, eta laguntzen kontura bizi nahi dutela.
Aurreiritzi horiek gezurtatu dituzue, proiektuaren ibilbidean zehar?

Bulegoko atea gurutzatu duten pertsona guztiek esan duten lehenengo gauza da haien helburua lan egitea dela. Baina X denbora daramatela langabezian, ez dutela diru-sarrerarik, eta prestazio sozialetara jotzea beste erremediorik ez dutela. Baina haien lehen helburua enplegua topatzea da.

Eztabaida politikoetan entzun duenaz gain, ezagutzen al ditu, jende gehienak, gizarte laguntzak?

Jendea ez da haiengatik gehiegi kezkatzen, eskatu behar dituen momentura arte. Erletxearen lehenengo hilabeteetan, udaleko Gizarte Zerbitzuetatik sekula pasatu gabeko jendea hurbildu zitzaigun. Orokorrean, jendeak ez daki halako egoera batean nora joan behar duen, edo zer eskatuko dioten.

Zein da laguntzak eskatzen dituen jendearen profila?

Bertako jendea izaten da gehiena, komunikabideetan ikusten dugunari erreparatuta, kontrakoa dirudien arren. Batez ere emakumeak, nahiz eta senarrarentzako laguntzei buruz galdetzera etorri. Laguntza sozialak eskatzeko estigma horren aurrean, emakumeak izaten dira aurrera pausoa ematen dutenak.

Atzerritarrak etorri izan dira, ez dizkietelako laguntza bat jasotzeko baldintzak ondo azaldu, edo ez dutelako ulertzen zergatik ez dieten laguntza bat eman. Egoera horien aurrean etorri izan dira migranteak Erletxera.

Zeintzuk dira haien arazo nagusiak?

Erletxearen ibilbidean zehar eraldatu egin dira. Hasieran, informazio eskaerak ziren gehienak. Momentu honetan, jende gehiena etortzen da erreklamazioak egiteko babesaren bila. Laguntzak eten dizkietelako, edo atzeratutako ordainketak eskatu dizkietelako. Irregulartasunak eta inkoherentziak topatu dituztela esaten dizute laguntzak kudeatzen dituzten erakundeek, eta laguntzak eten egiten dizkizute. Egoera horren aurrean erreklamazioa egin beharra dago, eta prozesua administrazioaren aurkako helegite batekin amaitu daiteke.

Horrelako prozesu batean sartzeko, ezinbestekoa izango da Erletxearen edo beste entitateren baten babesa.

Bai. Baina jendeari esan behar dioguna da, administrazioaren aurkako epaiketak irabaz daitezkeela, eta irabazten direla. Epaile askok arrazoia eman dietela horrelako egoerak bizi dituzten familiei. Aholkularitza egoki batekin, lor daiteke. Hori bai, oso garrantzitsua da azkar mugitzea. Erreklamazioak egiteko epeak oso laburrak direlako.

Denboraren aldagaia funtsezkoa izango da, halako kasuetan.

Baliabiderik gabeko pertsona batentzat, ezinbestekoa da. Gizarte laguntza moztu dizutenean, erreklamazioa tramitean dagoen bitartean, bizitzak aurrera darrai. Etxearen alokairua eta fakturak ordaindu behar dira, jan egin behar da, eta gainerako gastuei aurre egin behar zaie.

Denborarekin lotuta, beste joera bat azpimarratu beharra dago, informazio ezak eragiten duena. Jende askok prestazioen bila jotzen du, aurrezki guztiak agortu dituenean. Hori akatsa da. Informazio gehiago emango balitz, eta pedagogia pixka bat egingo balitz, ez litzateke hori pasako. Garaiz kontzientzia hartzea garrantzitsua da. Aurreiritziak baztertzea, eta irtenbideak bilatzea. Horretarako, oso garrantzitsua da babesa eta aholkularitza bilatzea.

Nolakoak dira gizarte laguntzak jasotzeko baldintzak eta betebeharrak?

Gero eta zorrotzagoak dira. Azkenean, hainbeste trabaren aurrean, jende askok amore ematen du. Gero komunikabideetan ikusten dugu, adibidez, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duen jendearen kopuruak behera egin duela. Baina ez da hori kontuan hartzen.

Horrek frustrazioa, antsietatea eta bestelako arazo psikologikoak sor ditzake?

Jakina. Oso egoera konplexuak bizitzen dira, baliabide eskasia dagoenean. Lotsa sentitzen dugu, gure burua gutxiesten dugu etab. Zirkulu arriskutsuak sortzen dira, eta jende asko laguntza psikiatrikoaren beharra izatera iritsi izan da. Gure helburuetako bat da jendeari ulertu araztea arazoa ez dela haiena bakarrik. Jende gehiagok bizi dituela antzeko egoerak. Bazterketa soziala denon arazoa da. Ez du norberak bere porrot gisa ulertu behar, ez baita horrela. Egoera ezberdin pila bat daude, bazterketa sozialera eraman dezaketenak.

Uste dugu, erakunde publikoak ez direla errealitate horri irtenbide orokor bat ematen saiatzen. Petatxuak besterik ez dituzte jartzen, banan-banako arazoak konpontzeko. Erroan dauden arazoak handiagoak dira: enplegua, etxebizitza. Horiei aurre eginda, bazterketa sozialeko egoera asko ekidin daitezke.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude