Alardearen tradizioan, Udalak eta Elizak paper oso garrantzitsua izan dute; horregatik, desfilea Urdanibiatik atera ondoren San Juan plazara eta Junkalera abiatzen da. 90eko hamarkadan Alardearen gatazka sortu arte, Udalaren ordezkariak (alkatea eta zinegotziak), eta 80kora arte elizgizonak, desfilearen atzealdean sartzen ziren, denak elkarrekin San Martzial mendira igo eta 1522an egindako zina betetzera. Gaur egun, Udalbatza bere aldetik igotzen da mendira eta alde erlijiosoaren aztarna bakarra San Martzialeko zutoihala edo pendoia da, mezaz gain.
Orain erabiltzen dena erreplika bat da, Irungo Betiko Alardearen Aldekoak elkartearen ekimenez 1999an sortutakoa, urte bereko maiatzean Ricardo Requejo Retegui musikari irundarrak Amaia KZn eman piano kontzertu batean bildutako diruarekin. Akordio baten bitartez, zutoihala Alardean ateratzen da: bost urtetik behin IBAA elkarteak aukeratzen du eramalea, eta besteetan konpainiaz konpainia ardura banatzen da. Aurtengo Alardean Olaberriaren txanda da eta, eurek erabakitakoaren arabera, José Luis “Joxe” Aranburu Lizeagak ohore hau izango du, bere familian eginkizun hau betetzen duen hirugarrenak.
– Nola izan zinen aukeratua San Martzialeko zutoihala eramateko?
Aurten Olaberriari tokatzen zitzaion eta konpainiaren batzordean hitz egin genuen apirila hasieran. Ni bertan nabil eta gaia atera zenean eramateko nire asmoa azaldu nuen. Kapitainari ondo iruditu
zitzaion eta ez genion buelta gehiagorik eman.
– Ia postu guztietan ibili zara 1974an Alardean lehenengo aldiz desfilatu zenuenetik...
Bai, 2000. urtera arte erredoble jole izan nintzen, 1989an kenduta alferez izan nin-tzela. Gero berriro alferez izendatu ninduten, baita tenientea ere, eta azken zazpi urteotan eskopetarekin atera naiz. Betidanik konpainia laguntzen saiatu naiz, lehenengo garaietan kantinerak bilatzen edo sablearekin lerroak zuzentzen. Aurtengoa lan berria izango da.
– Nola jaso zenuen albistea?
Poztasun handiarekin. Zutoihala eramateak ilusio handia egiten dit eta ohore handia da niretzat eta familiarentzat.
– Lan berria zuretzat, baina zure familian hirugarren eramalea izango zara, ez?
Bai. Nire aitona Jose Luisek 80ko hamarkadan eraman zuen, eta 2002an nire anaia Iñakik, bere semeekin batera. Aitona zendu zen, baina nire anaiarekin askotan elkartzen naiz eta trikimailu guztiak azaldu dizkit.
– Zeintzuk dira trikimailu hauek?
Zutoihalak ez du pisu handirik, baina eramatea zaila izan daiteke haizeak jotzen badu. Gerriko bat ematen digute eramateko, baina ez da bertan zergatik jarri behar; gainera, gorputzaren keinua ere nahiko zehatza da, beste eskuan txapela eraman behar delako. Bestela, ez dago prestakuntza berezirik, baina ez ditut eskularru txuriak ahaztu behar, hauek eramatea da postu honen berezitasuna!
– Antolakuntza aldetik, zer berezitasun izango du zuretzat San Martzial egunak?
Zutoihalak ez du Alardearen ibilbide guztia egiten, Elizan sartzen da. Horregatik, goizaren lehenengo zatian nire betiko eskopetarekin aterako naiz. Junkalen, IBAA-en ordezkari batek zutoihala emango dit eta hortik aurrera desfilean sartuko naiz arratsaldean berriro Elizan itzuli arte. Noski, eguerdian mendira igo behar dudala ahaztu gabe.
– Beraz, bistan da une bereziak bizitzea espero dituzula ekainaren 30ean…
Bai, uste dut mendian momentu hunkigarrienak biziko ditudala. Zina berritzen denean eta kantinerek lore eskaintza egiten dutenean, zutoihala eta bere eramalea eszena guztiaren aurrean daude.
– Olaberriko kideak urruti izango dituzu aurten.
Zutoihala Alardearen atzealdean doa, Artilleriaren ondoren. Ez naiz bakarrik egongo, ordea, nirekin batera Olaberriko beste hamabost eskopetero izango baitira eskolta moduan, adin guztietakoak, gazteak eta zaharrak. Bestalde, zutoihala eramaten laguntzeko bi haur izango ditut, Alberto alferezaren semeak.
– Uste duzu jendeak dakiela zein den pendoiaren historia?
Askok, batez ere gazteek, ez dute gogoratuko alkateak eta apaizek Alardearekin bat egiten zutela. Alardeko Junta saiatzen ari da garrantzia eta indar gehiago ematen, eta aurten nire eginkizun berezia ere izango da.
Iñaki Goikoetxea