Familiaren balioa

Familia aniztasunean bizi garela zalantzarik ez dagoen arren, batzuetan gizarteak aniztasun hau islatzen ote duen zalantza datorkit. Bikote banantze baten ostean beste bikote bat eratzea ohiko bilakatu bada ere, egoera berri hauek haurrengan zer eragin duten aztertu al dugu? Gurasoen banantzeak haurrengan nola eragiten du? Eta bananduta ez dagoen baina giro txarra duen familia batean nola dago haurra? Haur askok beren guraso bananduak berriro ere elkarrekin bizitzea amesten dute. Zergatik ote? Eta zergatik daude zenbait haur bere gurasoak bana daitezen desio dutenak? Bi egoera hauek loturarik al dute?

familia (1)
Esperientziak argi utzi dit familia eredua baino garrantzitsuagoa dela familia eredua nola eramaten den aurrera. Zer behar du familiak haurrak eredu positibo batean hezi eta hazi ahal izateko? Hona hemen zenbait gogoeta:
•Errutinekin edo eguneroko ohiturekin bat datozen arau gutxi eta argiak ipini behar dira familian: goxo jaiki, gosaldu, jantzi, aurpegia eta hortzak garbitu, norbere gela txukun utzi… Etxera iritsi, deskantsatu, etxeko lanak, jolastu, pantailentzako tartetxoa, afaldu, ohean irakurri, goxotasun unea eta lotara joatea.
• Guraso biek errutina hauek modu antzekoan ipintzea garrantzitsua iruditzen zait, haurren oreka emozional eta osasun fisikoan eragin positiboa izango baitu. Errutinetan adostasunak bilatzea erraza izaten da gure egiteko modu ezberdinak errespetatzen baditugu.
• Beti ez dugu gure bikotearekin bat egingo, eta kasu horietan gure bikotea gutxietsi gabe joka-tzea funtsezkoa da. Noski naturaltasunez eman behar ditugula gure iritziak, baina arreta ipini behar dugu gure bikotea minduz eztabaida sakonean ez sartzeko, haurrak ere min ditzakegulako. Gatazkak ditugula? Haurren aurrean errespetuz hitz egiten dugu; bestela, ez daudenean.
• Familiaren ardurak kide guztien artean adostea eta tarteka horiek aztertzea komeni da. Kide denak elkarrekin hitz egiteko tarteak hartzea komenigarria da etxean zein ardura dauden eta nola doazen hitz egiteko. Batetik, haurrek betebehar pertsonalak dituzte (goizeko eta gaueko errutina, e-txeko lanak…. ) eta, bestetik, etxeko lan komunak: mahaia jarri, platerak jaso, arropa garbitzera bota… Denok ahal duguna egin behar dugula ohartzen bagara, giro positiboa bideratuko dugu.
• Gurasoon ardurak haurrak eta etxeko lanen martxa dira. Gizon eta emakumeen berdintasuna gero eta handiago bada ere, oraindik handia da etxeko lanen ardura emakumeongan. Alde batetik, zenbait gizonezkok ez dituztelako lan ohiturak eraiki (nahiz eta gaurko gazteek honetan espeziea hobe-tzen ari diren) eta, bestetik, emakumeok ez dakigulako eginkizunak delegatzen: gauzak gure moduan egin behar dira bikoteari eskua sartzen utzi gabe. Beraz, emakumeok ireki beharra daukagu, gizonek beren lekua aurki dezaten.
• Bikoteek denbora hartu behar dute elkarrekin egoteko. Beti esaten dugu esaldi hori, baina egunak joan doaz eta ez dugu egiten. Zein aukera dugu? Astean egun edo tarte finko bat hartzea; elkarrekin bazkaldu, paseo bat eman, kiroldegira joan. Haurrek etenik ez dute, baina aukerak aztertu eta ondo programatu behar direla uste dut. Bikoteak denbora behar du hitz egiteko, mimatzeko eta erlazio afektibo sexualak izateko.
• Haurrak hezteko modurik egokiena “presentzia” dela uste dut. Haiekin egon eta haiekin errutinak sortu. Ez beti pegatuta, baina bai eskuragarri. Gure eginbeharrek ez digute beti aukera ematen, baina haiekin egoteko eta gozatzeko denbora izatea ezinbestekoa da. Egin, egon eta izaten gozatu. Hori da zoriontasunaren iturri, ezta? Gure haurren presentziaz gozatu, haiekin konpartitu eta disfrutatu. Maitasunez begiratu eta maitasunez tinko ipini eguneroko errutinak, haiekin egonez eta baloratuz. Zer nahi edo espero dugun azaldu erreferentzia positibo batekin, beharrezkoa sentitzen dugunean haserretuz, baina erreferentzia positiboez. Ez diezaiegun esan beti zer ez duten egiten, zer egiteko gai diren ikusi eta gure presentziaz egitea bideratu edo animatu. Batzuetan ez gara modu positiboan kokatuko eta normala da, gure erreferentziak gehienetan negatiboak direlako; baina leku positibo honetara bueltatzea bai dago gure esku.
Bananduak dauden gurasoentzako gogoeta hurrengoan jorratuko dugu. Izan zoriontsu, haurrekin gauden tarte horietaz gozatuz. Sarri arte
MAPI URRESTI ORTIZ
Kuttun.kuttun@gmail.com

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude