Hirira hurbildu dute garagardoaren feria

2013an antolatu zuen lehen aldiz Estebenea jatetxeak garagardoaren azoka. Udaren amaiera arintzeko, garagardo bereziak eta Alemaniako janariak dastatzeko aukera eman zuen orduan. 2015ean, proposamena zabaldu eta Txingudi Beer Week garagardoaren astearen sustatzaile izan da Olaberria auzoko jatetxea. Tarteko hiru urte horietan, garagardoarekin loturiko beste fenomeno batek eztanda egin du: artisau garagardoaren loraldia hasi da. Errealitate hori kontuan hartu dute garagardoaren asterako.

SONY DSC

Irungo eta Hondarribiko 18 taberna eta elkarte bildu ditu Txingudi Beer Week ekimenak, irailaren 14tik 20ra. Estebenea Jatetxea, Boulevard garagardotegia, Zapiain Distribución enpresa eta localbier.com web gunea izan dira antola-tzaileak. Hiri handiagoetan ohikoa den formatua hautatu dute. “Londresen, Bartzelonan edo Madrilen ikusi izan ditugu antzeko ekimenak. Ideia da garagardo azoka hiri osora zabaltzea”, azaldu du Estebenea jatetxeko Igor Eizagirrek. Establezimendu bakoitzak garagardo mota bana eskaini du aste osoan zehar. Bide batez, artisau garagardoek izan dezaketen harrera probatu ahal izan dute tabernariek. “Ba-tzuei kostatzen zaie artisau garagardoaren aldeko apustua egitea”, aipatu du Zapiain Distribución enpresako Jon Eskisabelek. Errealitate horri azalpena eman dio David Corralek, Matxinada garagardoaren ekoizleak: “Tabernek ardo onak bilatu izan dituzte beti. Baina garagardoa, merkea”.
Gipuzkoako eta inguruko ekoizleen artisau garagardoak eskaini dituzte. Hurbiltasun horrek, ekoizleen presentzia ahalbidetu du. Tabernetan egon dira, kontsumitzaileekin hartu-eman zuzenean. Esperientzia aberasgarria izan dela adierazi du Eizagirrek: “Garagardoa egiteko prozesu osoa azaldu digute. Edo zergatik diren ezberdinak garagardoak”. Afariak ere egin dituzte, garagardoa produktu gastronomikoekin uztartzeko. Irungo Atsegiñan eta Hondarribiko Danontzat Gastrotekan izan dira. Bestalde, garagardoa etxean egiten duten home-brewerren arteko topaketa eta lehiaketa egin dituzte. “Adituen edo esperientzia handiagoa dutenen iritzia jaso ahal izan dute, zertan hobetu dezaketen jakiteko”, argitu du Igor Eizagirrek. Asteburuan Estebenea izan da azokaren erdigune. Bederatzi artisau garagardo eskaini ditu jatetxearen kanpoko aldean prestatutako barra berezian. Eguraldia lagun, garagardoaz gozatu ahal izan dute bezeroek.

SONY DSC
Etorkizun handiko merkatua da
Eskualdeko erreferentzia da Estebenea, gaur egun, tokiko artisau garagardoari dagokionez. Hala ere, mundu hura kanpoan ezagutu zutela aitortu du Igor Eizagirrek: “Belgikako garagardoekin hasi ginela gogoratzen dut. Tradizio handikoak dira, 200 edo 300 urte dituzte batzuek. Gero konturatu ginen inguruan ere bazeudela halako garagardoak. Naparbier zegoen Noainen, Gross Donostian…”. Denbora gutxian, beste hamarnaka ekoizle hasi dira. “Modan” dagoen mugimendua dela onartu du Jon Eskisabel banatzaileak: “Kanpoko eraginaren ondorioz iritsi da. Baina tokiko produktuaren abantailak eskaintzen ditu: freskotasuna, gertutasuna, ekoizlearen eta kontsumitzailearen arteko elkartrukea…”. Epe laburrean, “ikaragarri” handituko den merkatua dela uste du Eskisabelek. Horretarako, kontsumitzailea heztea funtsezkoa dela azpimarratu du Igor Eizagirrek. Orain arte, artisau garagardoak onarpen “erlatiboa” izan duela onartu du: “Lasai eserita garagardoa dastatzea gustuko dutenek baloratzen dute artisau garagardoa. Trago luzea, azkarra eta freskagarria gustuko dutenek, aldiz, nahiago dute industriala”.
Garagardo industrialarekin alderatuta, erabat ezberdina da artisaua. “Beste lehengaiak eta errezetak erabiltzen dituzte. Aromak eta zaporeak oso ezberdinak dira”, nabarmendu du Jon Eskisabelek. Esaldi argigarria bota du David Corralek: “Garagardo industriala eta artisaua konparatzea, ardo arrunta eta erreserba alderatzea bezalakoa da”. Ardoarekin ez bezala, kontsumitzaile gehienek garagardoarekin gozatzeko, produktua dastatzeko eta baloratzeko ohiturarik ez dutela baieztatu du Eizagirrek: “Garagardoa berotzen zaigunean, baztertu egiten dugu. Eta ez du zertan horrela izan. Garagardo batzuek, berotzen direnean, aroma eta zapore biziagoak hartzen dituzte”. Beste mundu bat ezagutzeko aukera eman du Txingudi Beer Week garagardoaren asteak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude