NOELIA LORENZO PINO: “Irakurlea harrapatzeko gaitasun handia du nobela beltzak”

Loraldia bizi du nobela beltzak azken urteotan. Neurri batean Dolores Redondoren Baztango trilogiaren arrakastaren eraginez. Alabaina, argitaletxe eta komunikabide handien oihartzunetik urrun ere, badira generoko idazleak Euskal Herrian. Hamarnaka urte eta liburu daramatzate batzuek, ospearen gozoa dastatu gabe. Noelia Lorenzok hirugarren eleberria argitaratuko du udara baino lehen. Chamusquina izan zen irundarraren debuta, Dauro Ediciones argitaletxe txikiarekin. La sirena roja Ereinekin plazaratu zuen, eta beste hainbat ate ireki zizkion. Hura argitaratu eta urte bete eskasera, prest dauka hirugarren lana, La chica olvidada izenekoa. Irun hiria eta haren inguruak hautatu ditu beti Lorenzok eleberrietako eszenatokietarako.
Irakurle izan zinen, idazle bilakatu aurretik?

Bai, eta nobela beltza irakurri izan dut beti, gainera. Berandu hasi nintzen, eskolako irakurketa derrigortuak ez zitzaizkidalako batere gustatzen. Beranduago, lagun baten gomendioz hasi nintzen genero beltza irakurtzen, eta harrapatu ninduen. Ikaragarria izan zen, obsesibo samarra. Hilabetean bizpahiru eleberri irakurtzen nituen. Nobela nordikoaren eztandaren garaian hasi nintzen, beraz, autore horiek izan ziren nire lehen erreferentziak.

Idazten ere aldi berean hasi zinen?

Txikitatik idazten nuen, egia esan. Olerkia eta ipuinak, behintzat. Gero antzerki tailer batean egon nintzen, eta obra baten gidoia idatzi nuen lagun batekin. Beranduago, Chamusquina nire lehen eleberriari heldu nion. Erdizka nuela, nobela beltzeko ikastaro batean izena eman nuen. Intentsiboa izan zen, eta asko ikasi nuen. Ikastaroa bukatu nuenean, Chamusquina berridatzi nuen, ikasitako guztia aplikatuta. Balio izan didaten gako asko eman zizkidan, egia esan.

Bukatu zenuenean, argitaletxeetara bidaltzeko konfiantza eduki zenuen.

Nire ingurukoek irakurri zuten. Senarrak eta lagunek asko animatu ninduten. Niri, argitaratu edo ez, ez zitzaidan gehiegi inporta. Ariketa gisa hartu nuen, praktikarekin ikasi ahal izateko. Baina animo horiekin, argitaletxeetara bidaltzeari ekin nion. Hogei argitaletxetara bidali nuen, agian. Hiruk izan zuten interesa, eta Oskarbi liburu dendara joan nintzen, aholku eske. Anak bat gomendatu zidan, banaketa sare ona zuelako.

“Autoedizio batekin, edo argitaletxe txiki batekin, inguruko zirkulutik ateratzea oso zaila da”

IMG_20160415_232534

Harrera ona izan zuen?

Granadako argitaletxe txiki bat zen. Beraz, publizitaterik ez nuen izan. Ni neu jarri nintzen komunikabideekin harremanetan, promozio lana egin nuen, aurkezpena antolatu nuen etab. Guzti hori kontuan hartuta, oso harrera ona izan zuen. Ezagunek irakurri zuten lehenengo, ahoz-ahokoak funtzionatu zuen, eta Irunen kokatuta zegoenez, hiriko jende asko harrapatu zuen. Dena den, autoedizio batekin, edo argitaletxe txiki batekin, inguruko zirkulutik ateratzea oso zaila da.

Bigarren eleberria Ereinekin argitaratu zenuen. Alde handia nabaritu duzu?

Izugarria. Editorial serioa da. Promozioa egin didate, nobela beltzeko jardunaldietara eta liburu azoketara gonbidatu naute etab. Eta banaketa estatu mailakoa da. Lehenengo tirada, behintzat, liburu denda handi gehienetan egon da.

Zein bilakaera izan duzu eleberri batetik bestera? Asko ikasi duzu?

Lehenengo eleberritik bigarrenera, batez ere. Chamusquinak asko irakatsi zidan. Bigarrenetik hirugarrenera, ez nuke esango alde handia dagoenik. Baina ez dakit, irakurleek epaituko dute.

Estilo argia eta zuzena duzu, korapilo handirik gabea. Irakurlearengana hurbiltzeko modua da?

Horrelako idazkera gustuko dut. Zinematografiko samarra, oso bisuala. Akzioa gustatzen zait. Nik eleberri bati eskatzen diot entretenigarria izatea, ez dadila aspergarria izan. Ni ere horretan saiatzen naiz. Nire ustez, literaturak gozatzeko balio behar du, egunerokoaz deskonektatzeko.

Giza harremanei buruz idaztea gustatzen zait”
Nobela beltzaren ezaugarriak dituzte zure eleberriek, baina bestelako gaiak lantzeko ere baliatzen dituzu. Pertsonaien alde pertsonalak pisu handia du.

Zalantzarik gabe, hala behar du izan. Niri ez zait gustatzen polizia txosten soil bat irakurtzea. Horregatik, ikerketaren inguruko testuinguruak ere parte hartu behar du istorioan. Ertzaina baldin bada protagonista, bere familiako dramak, bere ideiak eta beldurrak ezagutzea ezinbestekoa da. Giza harremanei buruz idaztea gustatzen zait.

La sirena rojako pertsonaia nagusiak berreskuratu dituzu La chica olvidadan. Jendeak eskatu dizulako, edo zuk erabakita?

Azkenean, pertsonaiekin harreman estua sortzen da eleberria idazterakoan, eta haiekin jarraitu nahi nuen. Egia da jende askok eskatu zidala. Onartzen dut niri ere gustatzen zaidala sagak irakurtzea, baina ez nuen uste jende guztiak jarraipena eskatuko zidanik. Ez zen erabaki erraza izan, eleberrietarako ideia asko ditudalako buruan.

Zer aurreratu daiteke, La chica olvidadari buruz?

Ertzaintzaren Oiartzungo komisariako ikerketa taldea da protagonista, aurreko eleberrian bezala. Oraingoan, Hondarribia da eszenatoki nagusia. 1999an gertatutako krimen batekin hasten da. Neska baten gorpua itsasargira doan errepidean agertzen da. Orainaldira jauzi egiten du gero eleberriak, hildako beste neska bat agertzen baita antzeko baldintzetan. Kasu horien arteko harremana da abiapuntua.

Ingurua ez duzu gehiegi aldatuko beraz. Nahiago duzu ezagutzen dituzun lekuei buruz idatzi?

Bai, oso eroso nabil nire inguruari buruz idazten. Emaitza ona eman dit, gainera. Inguruko jendeak esan dit eskertzen duela lekuen izenak irakurri eta horiek irudikatu ahal izatea. Dena den, kanpoko jendearentzat ere interesgarria izan daitekeela uste dut, lekuak ezagutzeko. Niri adibidez, asko gustatzen zait Suediako herri txikietan gertatzen diren eleberriak irakurtzea.

Erritmo bizkorrean ari zara idazten. Nola egiten duzu lanarekin uztartzeko?

Momentu honetan ez naiz lan egiten ari. Disko-hernia batekin nabil, min handia daukat, eta lan egiteari utzi behar izan diot, momentuz. Bestela, lanaldi erdiko lanpostuak bilatzen ditut, idazteko denbora eduki ahal izateko. Badago jendea oporretan idazten duena, etab. Baina zaila da horrela eleberriak idaztea. Jarraitutasuna behar dute.

Nola azalduko zenuke nobela beltzak azken aldian lortu duen arrakasta?

Ez dakit zer gertatu den. Irakurlea harrapatzeko gaitasun handia dauka. Batzuetan, irakurtzen hasita, ez duzu gelditzeko unea topatzen. Bestalde, gizartea islatzeko aukera ere ematen du.

Kritikak, askotan, bigarren mailako literaturatzat hartzen du nobela beltza.

Generoak beti izan du borroka hori. Baina niri ez zait batere axola. Gehien gustatzen zaidan generoa da irakurtzeko, eta idazteko. Jende askok irakurtzen nau, eta ni zoriontsu naiz horrekin. Gero, gertatzen dena da idazleek kritikoen aurkakoa pentsatzen dutela. Blogarien iritziak irakurtzea besterik ez dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude