PACO CARRILLO, Alarde Tradizionaleko Jenerala: “Ardura handia da, irundarrentzat oso maitatua den zerbait irudikatuko dudalako”

Iñaki Arruabarrenaren lekukoa hartu du aurten Paco Carrillok, Alarde Tradizionaleko Jeneral karguan. Buenos Amigos konpainian desfilatu izan du beti. Soldadu gisa hasieran, eta Alferez, Teniente eta Kapitain postuetan, beranduago. Alardeko Batzordean eta Agintarien Batzordean parte hartu izan du. Urrian hautatu zuten Jeneral, eta prest dago erronkari aurre egiteko. paco carrillo

Kapitainen multzo batek proposatu zion Jeneral izateko hautagaitza aurkezteko. “Abentura honetan murgiltzeko konbentzitu ninduten”, aitortu du Carrillok. Urrian egindako bozketan, gehiengo osoarekin eman zioten babesa. Ilusio ikaragarriarekin hartu zuela baieztatu du, baina “ardura” handi bat sentitzen duela ere bai: “Irundarrentzat oso maitatua den zerbait irudikatuko dut. Erronka handia da, eta ahalik eta hoberen egiten saiatuko naiz”.

“Nire kezka handietako bat da, ea gai izango naizen nigan konfiantza eta itxaropena duen jende guzti horrek emandakoa bueltatzeko”

Babesa eman dion jendearekiko erantzukizuna sentitzen du Carrillok: “Nire kezka handietako bat da, ea gai izango naizen nigan konfiantza eta itxaropena duen jende guzti horrek emandakoa bueltatzeko”. Bestelako beldurrik ez duela esan du hasieran, baina atzera egin du ondoren, lehenengo hilabeteetan izan duen buruhauste nagusiaren berri emateko: “Ordu asko sartu behar izan ditut Jaizubia Hipikan, Itziar Juarros eta Xabi Berrotaran irakasleekin. Nik uste laster kanpin denda jarriko didatela han”.

Bestelako prestaketak ere aldatu dira Paco Carrillorentzat. Alferez, Teniente eta Kapitain izan da lehenago, baina Jeneral izateak oso bestelako dimentsio bat duela argitu du: “Ez du zerikusirik. Kanpotik ikusten duzunean, Jeneral izateak dakarrena imajina dezakezula uste duzu. Gero konturatzen zara hori baino askoz gehiago dela”. Ekipamendua bera, zeharo ezberdina da, adibidez: botak, ezproia, usta, aginte makila etab. Horietako asko oparitu egin dizkiote, eta oso eskertuta dago Carrillo.

Berarentzat aurten aldatu ez den zerbait, Kantinerari hautatua izan dela jakinarazteko momentua izan da. Buenos Amigos konpainiakoarekin egin izan du azken urteotan, eta aurten, Jeneral gisa, Junkal Torres Zalditeriako Kantineraren etxera joatea egokitu zaio. “Oso esperientzia ederra da. Momentu horretan, Meltxor, Gaspar, Baltasar, Olentzero eta Aita Noel batera izango bazina bezala sentitzen zara. Nesken eta senideen erreakzioa ikustea izugarria da”, nabarmendu du Carrillok.

Unean-unekoa bizi nahi du

Hizlari fina da Jenerala, umoretsua eta berritsua. Horregatik, ekainaren 28ko kantineren aurkezpenean eman beharko duen hitzaldian bere burua kontrolatu beharko duela onartu du: “Nik orduak emango nituzke hizketan. Beraz, erronka da egin ditudan zirriborroak moztea. Bestela, ekainaren 30era arte egon naiteke Zabaltza plazako kioskoan hitz egiten”. Hurrengo eguna, ekainaren 29a, berezia izango da berarentzat, armen ikuskatzearekin. “Eta luzea ere bai”, zehaztu du, barrez: “Konpainiarekin ezagutu dudana parte txiki bat besterik ez da. Baina orain dena bizi ahal izango dut. Ikaragarria da, 15:00etatik 22:00ak arte, zazpi orduz ariko gara auzoz-auzo. Oso momentu ederrak biziko ditugu”.

Alardeak duen onena da milaka une eder dituela”

San Martzial egunari dagokionez, zaila iruditzen zaio momentu gogokoena aukeratzea. Une bakoitzarekin gozatzen ahaleginduko dela baieztatu du: “Alardeak duen onena da milaka une eder dituela. Gainera, ez dute zertan urtero berdinak izan. Sentimendu bakar horien batura da Alardea handi egiten duena”. Pixka bat estututa, ordea, momentu horietako bati buruzko xehetasunak eman ditu: “Eguerdian mendira igotzea, adibidez, betidanik gustatu izan zait. Gurasoekin igotzen ginen txikitan, oinez. Eta aurrerantzean ere urtero igo izan naiz. Mendian egiten dugun Alarde txiki hori ikaragarri polita da”. Hilabeteetako prestaketaren ondoren, aginte makila hartuta Alardea zuzentzeko gogoz dago Paco Carrillo.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude