Mende erdia beteko du Santiagotarrak Kirol Elkarteak

Urte osoko egitaraua prestatzen ari dira

Duela 50 urte antolatu zuten, lehen aldiz, Bidasoa Ibaiaren Jaitsiera. Santiagotarrak Kirol Elkartearen lehen ekimena izan zen. Hasiera ofiziala. Hortaz, mende erdia beteko du aurten klubak. Ospatzeko moduko urtemuga da, eta ez dute oharkabean pasatzen utziko. “Proiektua garatzeko lan talde bat eratu dugu. Denbora daramagu lanean, 2016a berezia izan dadin”, baieztatu du Antxon Arellano presidenteordeak. logo-rojo-2-768x751

Urte osorako egitaraua prestatzen ari dira. Hilabete bakoitzeko, jarduera bat, behintzat, programatu dute. Kirol lehiaketak daude, baina kultur eta gizarte arloko ekimenak ere bai: Irun Hiria Musika Bandaren eta Ametsa Abesbatzaren kontzertua, Irungo Argazki Elkartearekin elkarlanean antolatutako argazki rallya, Euskal Jiran parte hartzea, Santiago Auzo Elkartearekin batera, Santiagotarrak 50 urte liburua argitaratzea, argazki erakusketa, hitzaldiak, mendi martxa edo Santo Tomas egunaren eta Olentzeroren etorreraren ospakizunak. Batzuek data zehatzak dituzte, beste batzuk lotzeko lanean ari dira oraindik.

Bidasoa ibaiko ura hartuko dute, Sellan isurtzeko”
Antxon Arellano, presidenteordea

Nolanahi ere, jarduera nagusia, Bidasoa Ibaiaren 50. Nazioarteko Jaitsiera izango da. Piraguismo asteburua hartuko du Bidasoa ibaiak, uztailaren 23an eta 24an. Larunbatean, Espainiako IV. Ibaien eta Zeharkaldien Txapelketa jokatuko dute. Hitzordu horrek estatuko piraguista onenetako batzuk erakarriko ditu, eta jaitsierako parte hartzaileen mailak ere gora egingo du. Ezaugarri emotibo gehiago izango ditu aurtengo jaitsierak. Horietako bat azaldu du Antxon Arellanok: “Presa jaitsi ahal izango den azken aldia izango da. Eraitsi behar baitute”. Bestea, Asturiasko lagunen bisita izango da. Bidasoa eta Sella ibaien jaitsieren arteko senidetzea egingo dute. “Haiek Bidasoa ibaiko ura hartuko dute, Sellan isurtzeko. Guk alderantziz egingo dugu, abuztuan hara joaten garenean”, argitu du Arellanok.

“Esan dezakegu Santiagotarrak erreferentea dela, estatuan, eta mundu mailan ere bai”
Olatz Zabala, presidentea

Ospakizunei amaiera emate aldera, bazkaria eta itxiera ekitaldia egingo dituzte. Azaroan izango dira, Ficoban. Santiagotarrak Kirol Elkartetik pasa den jendea omenduko dutela aurreratu du Olatz Zabala presidenteak: “Denek egin dute haien ekarpena, haien ilusio guztiarekin, engranaje konplikatu honek funtziona dezan. Denon lanari esker esan dezakegu Santiagotarrak erreferentea dela, estatuan, eta mundu mailan ere bai”. Beste bi jarduera geldituko dira abendurako. Santo Tomas eguneko ohiko txistorrada, eta Gabon gau egunean Olentzeroren etorrera ospatzea. Garrantzi handia du azken honek, klubaren ernamuina izan baitzen.

Santiagoko bi koadrilaren ekimena

1965ko Gabonetan, Olentzeroren koplak abesteko elkartu ziren Irungo Santiago auzoko bi koadrila. Dozena bat gazte, guztira. Lehen saria irabazi zuten lehiaketan, eta bildutako diruarekin, elkarte bat sortzea erabaki zuten. Ganbara bat utzi zieten lagun baten gurasoek, eta hura atonduz hasi ziren. “Ez genuen elkarte gastronomiko hutsa izan nahi. Beste aktibitate bat sortu nahi genuen”, gogoratu du José Ramón Barriok.

Orduan, egurrezko bateletan ibiltzen hasi ziren. Stadium Galeko harmailen azpian gordetzen zituzten, hasieran. “Gaur egun, elkarteak duen ontziralekua harrigarria da guretzat. Udako ikastaroetan haur guzti horiek ikusten ditudanean, hunkitu egiten naiz”, onartu du José María Lecuonak. Lehen urrats xume haien ondoren, klubari behin betiko bultzada emateko, Bidasoa Ibaiaren Jaitsiera antolatzea erabaki zuten, 1966an. Duela berrogeita hamar urte.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude