Ermitaraino korrika, berrogeigarrenez

Ekainaren 25ean izango da San Martzialera igoera

Kirol lehiaz aparteko bestelako osagaiak ditu Super Amara-BATek jaietan antolatzen duen San Martzialera igoerak. Festetako ohitura bat gehiago da ia urtero parte hartzen duten atleta askorentzat, baita animatzera gerturatzen diren ikusleentzat ere. Jai giroa izaten da gero helmugan, musika, txistorrada eta guzti. Osagaien uztartze aproposa dela eta bete ditu 40 urte, formatuan eta ibilbidean ia inolako aldaketarik jasan gabe. 14667854911_3bbaeaf25d_o

Parte hartzaile eta ikusle leialak ditu San Martzialera igoerak. 125-140 korrikalariren bueltan ibiltzen da urtero. “Kopurua ez da hazten, baina behera ere ez du egiten”, adierazi du Ibon Muñoz Super Amara Bidasoa Atletiko Taldeko kirol zuzendariak. Beheraldi bat izan zuen, ordea, parte hartzeak, igande goizean egiten zen garaian. Larunbateko afarien eta parranden eraginez, urte batean 70 parte hartzaile baino ez zituen izan, eta antolatzaileek larunbat arratsaldera aldatzeko erabakia hartu zuten. “Kopuru arruntetara bueltatu zen orduan”, argitu du Muñozek.

“Parte hartzaileen kopurua ez da hazten, baina behera ere ez du egiten”
Ibon Muñoz, BATeko kirol zuzendaria

Duela zenbait urte, beste arerio indartsu bat sortu zaio igoerari: Betti Gottik antolatzen duen Herri Bazkaria. “Ez dakigu zenbateraino murrizten duen parte hartzea, baina argi dago eragina duela”, aipatu du klubeko Gorka Sotok. Hori dela eta, etorkizunean lasterketa larunbat goizera aldatzea planteatzen ari dira. “Arratsaldean, bero ikaragarria egiten du urte batzuetan. Goizeko hamarretan eginez gero, hori ere saihestu ahal izango genuke”, argudiatu du Muñozek.

Ibilbide gogorra, baina giro ederra

Edonola ere, aurten ekainaren 25ean, 18:00etan egingo dute San Martzialera igoera. 40.edizioa izango da. www.kirolprobak.com web gunean izena eman daiteke aspaldi, eta merkeagoa da, gainera (10 euro). Hala ere, jende askok lasterketaren egunean bertan egingo du, Urdanibia plazan (12 euroren truke). 14 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute. Kuadrillen arteko lehiarako, bost laguneko taldetan aurkeztu beharra dago. Uraskaren paretik irtengo da lasterketa, ohiko ikusleen animoen artean. Bitxikeria bat azpimarratu du Ibon Muñozek: “Badago kuadrilla bat, inguruko elkarte batean bazkaria izaten duena, eta urtero-urtero irteerara gerturatzen dena”.

Hilerriko aldapa oso pikoa da”
Ibon Muñoz, BATeko kirol zuzendaria

Santa Elena kalean aurrera abiatuko dira korrikalariak. 3,6km-ko ibilbide gogorra osatu beharko dute. Ezaugarri hori da, antolatzaileen ustez, korrikalari gehiago ez erakartzeko beste arrazoietako bat. Ibon Muñozek eman ditu xehetasunak: “Hilerriko aldapa oso pikoa da, gero datorren jaitsieran ia arnasa hartzeko denborarik ere ez dago, eta hortik aurrera ez dago atsedenik”. Txingudi Tenis Klubaren sarreran ura ematen diete korrikalariei, ibilbidea eramangarriago egiteko. Helmugan, doako txistorrada eskaintzen dute. Musika ere ez da falta izaten, eta festa giroa sortzen da, beraz, ermitaren azpiko plazatxoan.

Gainditu ezineko errekorra

Juan Miguel Sodupe hondarribiarrak 1984an lortutakoa da San Martzialera igoerako markarik onena: 12:35. 32 urte luze daramatza ondorengorik gabe. “Oso marka ona da. Gainera, kontuan hartu behar da ibilbidea ez dela batere aldatu”, gogorarazi du Ibon Muñozek. Hurbildu ere ez dira egiten azken urteotan lasterketaren buru izan direnak. Eneko Garinek 13:50eko denbora egin zuen iaz, eta 13:58koa Ion Garrausek 2014an. Nola da posible? Muñozek Soduperen marka justifikatzeko argudio sendoa eman du: “Ia 14 minututik jaistea lortu zuen 5.000 metrotan”. Juan Miguel Sodupek berak arrazoi berdina eman du: “Gaur egun, Gipuzkoan ez dira horrelako markak egiten. Gure garaian maila handiagoa zegoen”.

Sodupek baieztatu du San Martzialen marka hobea egin ahal izan zuela. 1981ean inoiz baino hobeto ibili zela, baina lan istripu baten ondorioz, ez zuela sekula maila berdina berreskuratu. 1984an, Luis Yergaren errekorra apurtzera irten zen Juan Miguel Sodupe. “Bakarrik egin nuen lasterketa”, adierazi du. Azken txanpan bihurguneetako batekin nahastu zen, helmugara heltzear zegoela pentsatu zuen, eta beste bihurgune bat falta zitzaiola konturatu zenean, segundo batzuk galdu zituen: “Azkenean, gutxigatik hobetu nuen Yergaren denbora”. Hurrengo urtean, marka hobetzen ahalegindu zen, baina bero ikaragarria egin zuen, eta alde batera utzi behar izan zuen ideia. Hala ere, 12:35eko markatik urrun gelditu dira ondorengo irabazleak. “Gazteek esaten didate orduan ehun metro beherago egongo zela San Martzial”, aitortu du, barrez Sodupek. Urteak joan urteak etorri, helburu harrapaezina izaten jarraitzen du Soduperen markak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude