Kilometro zeroko kulturak hitzordu bereziak izango ditu Irunen abenduko hilabetean zehar

Kultura KM0 ekimena urriko hilabetean martxan jarri zen Irunen pandemiaren aurrean kulturaren sektoreko profesionalak babesteko helburuarekin. Ekimenean parte hartzeko asmoa zuten sortzaileen eskaerak jaso ostean, Kultura KM0 programa osatuko duten jardueren programa aurkeztu da. Irungo artisten kolektiboak programaren esleipen prozesua zalantzan jartzen dituzten bi gutun igorri ditu Irungo Udalera.

Kulturak KM0 programaren barnean antolatutako jarduera nagusietako bat abenduaren 28 eta 30ean Amaia Kultur Zentroan Irungo artistekin egingo den emanaldia izango da. Kultura jaialdiak musika, dantza, antzerkia, zirkua, magia, kultura urbanoa eta abar uztartuko ditu. Jaialdia bi pasetan egingo da, emanaldiak abenduaren 28an eta 30ean egingo baita arratsaldeko 19:00etatik aurrera, 8-10 minutuko iraupena izango duten errezital laburrekin. Emanaldiez gozatzeko aukera eskainiko duten sarrerak 4,40 euroren truke eskuratu ahalko dira Irungo emanaldietarako sarreren salmentarako webgunean, Luis Marianoko turismo bulegoan edo Amaia Kultur Zentroan emanaldiaren egunean bertan.

Ana Pérezen zuzendaritza artistikoarekin eta Asier Burguete eta Álex Mahónen aurkezpenarekin, hauek izango dira eszenatokitik igaroko diren artistak: Patxi Pérez (antzerkia), Irati González Jaimerena (zirko akrobatikoa), Antton Ganzarain (biolin elektrikoa), Josune Gurrutxaga eta Jon Menor (aretoko dantza), Aritz Petricorena (magia), Burrunba Elektrotxaranga, Esther Barandiarán (piano), Leticia Vergara (kantua ), Mario Simancas (bakarrizketa), Borja Mora, Son de Rue taldekoa, (musika urbanoa), Adriano Mr. Lobster (zerrote musikala). Programa ez dago guztiz itxita eta ez da azken orduko ustekaberik baztertzen.

Juncal Eizaguirre kultura ordezkariak azaldu duenez, azken hilabeteetan zehar kultura seguruaren aldeko apustua egiteko ahalegin ezberdinak egin ditu Irungo Udalak. “Krisiaren ondorioak jasaten ari dituen sektoreetako bat laguntzeko modua da”, azaldu du kultura ordezkariak. Oraingo honetan, gainera, kultura babesteko beste urrats bat eman nahi izan dela azaldu du Eizaguirre, epe labur ertainean bertako kultur sortzaileei laguntzeko talka-plana aurkeztuz.

Bestelako emanaldiak
Kultura KM0 jaialdi bikoitzaz gainera, kulturaren sektorea babesteko bestelako emanaldiak antolatu dira abenduko hilabetean zehar. Zehazki, abenduaren 6an Uikan konpainiak emanaldia eskaini zuen Amaia Kultur Zentroko dantza aretoan. Hilaren 10ean Kulto Kultibo taldearekin eta abenduaren 11n Iñaki Estevezekin, 19:30etik aurrera, ´Master-class´ bana egin zen. Hortaz gain, Iker Martin saxofoi jotzaileak eta Ylenia Benito kazetariak Charles Dickensen Gabonetako ipuin klasikoaren bertsio egokitu eta musikatua aurkeztu zuten abenduaren 12an. Era berean, Menchu Gal aretoan 0 Km Kulturaren esparruan, dantza ikuskizunak antolatu dira abenduaren 19 eta 20rako. Myriam Pérez Cazabón konpainiaren eta Jonathan Mesonero biolin-jotzaileak eskainitako emanaldiak izango dira.

Azken ikuskizun hauek doakoak izango dira eta gonbidapenak emanaldi bakoitzaren egunean bertan jasoko dira, 50 minutu lehenago. Myriam Pérez Cazabón konpainiaren eta Jonathan Mesonero biolin-jotzailearen emanaldietarako gonbidapenak Menchu Gal aretoan jaso beharko dira, udako programako mekanika bera jarraituz.

Azpimarratzekoa da, halaber, espazio eta emanaldi horietan guztietan COVID-19ari aurre egiteko ezarritako neurriak zorroztasunez beteko direla. Hau da, edukiera murriztua izango dute, segurtasun-distantziak errespetatuko dira, maskara nahitaez erabiltzea derrigorrezkoa izango da eta eskuak garbitzea beharrezkoa izango da. Gainera, emanaldiak 21:00ak baino lehen amaituko dira. Gainera, Maialen Arocena Garcia artistak mural bat egingo du Gain Gainean parkean. Tokiko artisten lanen erosketari dagokionez, udal bilduman sartuko da eta laster artista horien izenak ezagutaraziko dira, erositako lanak aurkezteaz gainera. Ekintza guztiak bideoz grabatuko dira, ostean, programaren barruan egindako ekintza guztiak laburpen-bideo batean erakusteko.

Irungo artisten kolektiboaren desadostasuna
Irungo Kultura KM0 programaren emaitzak ezagutzera eman ostean, Irungo artisten kolektiboak hiriko alkate eta udal-zinegotziei zuzendutako gutuna helarazi zien. Hiriko 19 artistek sinatutako gutunaren bitartez Kultura KM0 diru-laguntzaren esleipen prozesuaren inguruko azalpenak eskatu zituzten artistek.

Artisten kolektiboak abenduaren 1ean adierazi zuenez, programa emaitzak aurkeztu ostean, diru-laguntzaren deialdia prentsan eta sare sozialetan argitaratu zen bakarrik. Beraz, deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian edo Irungo Udalaren atariaren publikatu ez izana salatu zuten. Gauzak horrela, aukeraketa prozesua nola gauzatu zen, diru-laguntza eskatzeko bideak eta prozedura zeintzuk izan ziren argitzea eskatu zuen artista irundarren kolektiboak. Hortaz gain, aurrekontuaren desglosea eskatu zuten, diru publiko partida horren banaketa ezagutarazteko gardentasun ariketa eskatu zieten Irungo udaleko agintariei.

Aste berean, Irungo artisten kolektiboak bigarren gutun bat zuzendu zien Irungo Udaleko ordezkariei. Bigarren gutunaren bitartez, aurreko gutunak jasotako erantzun “laburra” salatu dute, “deialdia berdintasun, publizitate, gardentasun eta diskriminazio ezaren printzipioak errespetatu gabe” egin zela salatuz. Bigarren gutunaren bitartez kolektiboak gardentasun ariketaren eskaria errepikatu dio udalari, momentuko krisialdi egoeran era horretako diru-laguntzek kulturaren sektorea laguntzeko duten garrantzia azpimarratuz.

Ondorengoak dira Irungo artisten kolektiboaren izenean Irungo Udalera zuzendutako lehen gutuna sinatu zuten artistak: Pau Montagut Ibanyez (argazkilaria, Belarte elkarteko presidentea), Ruben Mejuto Fernandez (musika irakaslea eta koru zuzendaria), Julio Bravo Maldonado (Irungo kontserbatorioko irakaslea), Zoa Tamara Cuellar (Ostomila Txotxongilo taldeko zuzendaria), Maite Aseguinolaza Montes (musikaria), Ion Martinez Santamaria (musikaria), Juan José Roldán Hernandez (musikaria), Jon Galdos Cazabon (txalapartaria), Felix Martín Cámara (dokumentalista), Anne Perez de Azpeitia Hamilton (musika pedagogoa eta konpositorea), Karmele Martin Camara (poeta), Mikel Sucunza (musika irakaslea eta gitarra jotzailea), Osmar Mijail Vazquez Claro (aktorea eta antzerki zuzendaria), Mikel Goñi Ruiz (musikari independentea), Alberto Couto Muñoz (aktorea), Maite Munarriz Mendizabal (Belarte elkarteko kidea), Alvaro Maria Hortelano Diaz. (perkusionista), Andrea Giraldo Sevilla (antropologoa, ikerlaria eta poeta) eta Hans Dieckmann Goñi (zirku artista). Bigarren gutunean, aldiz, Txemari Leiza, (Vola Verunt taldeko bateria) eta Grillo Martín Cámararen ( kartelgilea) sinadurak batu ziren aurretik aipatutako artisten kolektibora.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude