CBAko bigarren fasea forma hartzen ari da

Asteazken honetan, Irungo alkate José Antonio Santano eta Gipuzkoako Kulturako diputatu María José Tellería Carlos Blanco Aguinaga kulturgunearen bigarren faseko lanen aurrerapena ikusten izan dira. Haiekin batera, Udaleko Obretako eta Kulturako ordezkariak izan dira, Cristina Laborda eta Borja Olazabal hurrenez hurren, eta, elkarrekin, lehenengo mugimenduak ikusi dituzte.

José Antonio Santano alkatearen hitzetan,”Agintaldiko inbertsio nagusietako bat da, eta kultura du ardatz. Duela zazpi urte zabaldu zen CBA, eta iraultza izan zen, oso aldaketa onuragarria hiriko kultur eskaintzaren barruan, liburutegi handi, moderno eta irisgarriagoa ekarri baitzigun”. “Hala ere, oraindik zerbait falta zitzaigun jatorrizko proiektua osatzeko, eta orain beteko dugu hutsunea, proposamen honek erabilgarri dugun lekua ia bikoiztu egingo baitu eta ekipamendu berriak ekarriko baitizkigu”, adierazi du alkateak.

Proiektuaren deskripzioa

Proiektuaren barruan, CBAren San Juaneko lurpeko lehenengo solairuaren azalera 2.400 m2 handituko da –gaur egun, 2.700 m2 da–, eta, eremu berri horretan, erabilera berriak kokatuko dira, programazioa nabarmen sendotzeko aukera emango dutenak. Horretarako, gune berriak sortuko dira, hala nola kontzertuak eta bestelako emanaldiak antolatzeko areto bat. Kamerinoak, komun publikoak, biltegiak eta materialak zamatzeko gune bat ere egokituko dira areto horretarako, eta Prudencia Arbide karrikan kokatuko da sarrera. Hiru modutan antolatu ahalko da aretoa. Batetik, agertoki klasiko bat instalatu ahalko da, hitzaldiak eta ikus-entzunezkoen proiekzioak antolatzeko, 91 eserlekuko harmaila barneragarri batekin; gainera, bi, hiru eta lau besaulkiko banku mugikorrak (beste 64 eserleku) instalatu ahal izatea aurreikusten da. Bestetik, aretoaren erdian jarri ahalko da agertokia, eserlekuz inguratuta. Azkenik, jendeak zutik ikusteko ikuskizunetarako erabili ahalko da aretoa, 385 lagunentzat. Oso areto garrantzitsua izango da, berritasuna izango baita hirian: hirian ez dago horrelako gune publikorik, eta, hortaz, areto berria sortuta, programazioa nabarmen sendotuko da, gaur egun beren beharrak eta formatua kontuan izanik antolatu ezin diren ekitaldiak antolatzeko aukera emango baitu.

Arte eszenikoetarako aretoaz gain, erabilera berriak kokatzea aurreikusten da, hala nola liburutegiko ikasketa gela handitzea eta formatu ezberdinetako erakusketak jartzeko moduan diseinatutako gune bat sortzea, lehenengo faseko CBAren erabilera eta proposamen aniztasunaren ildotik. Era berean, langelak sortzea aurreikusten da, bilerak eta bestelako jarduerak egiteko, baita Gazteartean gazteria zerbitzuaren jardunerako gune bat ere. Gainera, komunetarako eta artxibotarako tokia handituko dira. Azkenik, bigarren faseko proiektuak gogoan du eraikinaren hasierako kontzeptua, zeina erdiko patio obalatuaren inguruan taxutu zen; izan ere, argi naturala sartzeko bide bakarra da patio hori, eta kulturgunearen barruan orientatzeko ikusizko erreferentzia bat. Bada, erabilera nagusi gehienak, erabiltzaileak luzaro egongo diren lekuak, haren inguruan kokatu nahi izan dira, eta gune osagarriak kanpoaldera eraman. Kulturgunea handitzeko lanak egitearekin batera, sarrera berri bat sortuko da, Jesus karrikan, Alde Zaharretik sartzeko, baita beste sarrera bat ere patio obalatuan, bi mailatan (oinezkoentzako pasarelan eta sotoko solairuan). Proposamenak oinplano libreko barne hall baten bidez biak lotzea eta eremu jarraitu bat sortzea aurreikusten du, non jarduera eszenikoak eta askotariko beste jarduera batzuk egin ahalko diren, hala nola egon eta aldi baterako erakusketak jarri.

Lanen egoera

Orain arte, barnealdea konpartimentutan banatzeko igeltserotza lanak egin dira, aurreikusten diren gelak bereizteko, eta, aldi berean, instalazioak egokitu dira: elikadura, klimatizazioa, suteen aurkakoa, hoditeria, etab. Era berean, artxibategiko solairuarteko errementaritza lanak eta hormigoia jartzekoak burutu dira.

Gaur egun, berriz, zoruak goratzen ari dira, aurreikusitako mailan jartzeko; instalazioak jartzeko lanak egiten jarraitzen dute; eta zati hezeak azulejuz estaltzen hasi dira. Laster, azkenik, sabai aizunak jartzen hasiko dira, eta auditoriumeko kabina teknikoko errementaritza lanak bistan daude jadanik.

Behin lan horiek guztiak bukatuta, hurrengo faseetan, kanpoko eskailerak eta obaloko zolagaina berrituko dira, eta barneko pasarela eraikiko da. Era berean, CBA barruko zolagaina, sabaiak eta hormak akabatuko dira, eta, aldi berean, aurreikusitako arotzeria guztia eta instalazioen gailuak jarriko dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude