“Bost zentzumenekin erostea” leloan inspiratutako gogoetak sarituko ditu XVI. Mikromezuen Lehiaketak

Martxoaren 15ean ospatzen den Kontsumitzaileen Eskubideen Munduko Eguna dela eta, Irungo Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoak Mikromezuen Sariketa antolatu du urtero. Lehiaketaren bidez belaunaldi berriak kontsumo arduratsurako jardunbide egokiez sentsibilizatu nahi dira. Aurtengoa lehiaketaren XVI. Edizioa izango da eta “Bost zentzumenekin erostea” jorratu beharko dute parte-hartzaileek.

Lehen Hezkuntzako 5. edo 6. mailako ikasleek edo DBHko ikasleek, 10 eta 17 urte bitartekoak, izango dute lehiaketan parte hartzeko aukera. Horretarako, gehienez ere 800 karaktereko gogoetak edo mikromezuak sortu beharko dituzte. Mezu horiek sortzeko lehiaketak gai hau proposatzen du: “Bost zentzumenekin erostea“.

Sergio Javier Irungo Udaleko Kontsumo ordezkariak adierazi duenez, beste urte batez, ikastetxeen inplikazioa eta nerabeen partea lortu nahi dute, eta parte-hartzearekin aurreko edizioetan lortutako emaitzak berrestea espero dute. “Hausnarketa ariketa bat da hau, eta kontsumo arduratsu, kontziente eta kritikoa sustatu nahi du gazteen artean, publizitateak eta Internetek aparteko eragina baitute haiengan”, azaldu du Sergio Javierrek. Bestalde, ikasleak oso informatuta daudela adierazi du Kontsumo ordezkariak, eta, horrexegatik, “oso exijenteak” direla. “Bada, ziur nago ideia bikainak emango dizkigutela kontsumo joerei buruz”, gaineratu du gaur goizean egindako prentsaurrekoan.

Lanen entrega

Lanak martxoaren 3ra arte aurkeztu ahalko dira. Mikromezuak WhatsApp bidez, 688 756 254 zenbakira idatzita, edo posta elektroniko bidez, omic@irun.org helbidera idatzita bidali ahalko dira. Sari banaketa, berriz, martxoaren 15aren inguruan izango da, Kontsumitzaileen Eskubideen Munduko Eguneko ospakizunarekin loturik. Euskarazko eta gaztelaniazko kategoriak bereiziko dira, eta bi sari banatuko dira bakoitzean: lehenengo saria ordenagailu eramangarri bat izango da, eta bigarrena, smartwatch bat.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude