Bidasoa bizirikek “Berdintasuna Lantzen” proiektua jarri du abian. Helburua da prestakuntza-ibilbide honetan parte hartzen duten pertsonak desberdintasun-egoerak detektatzeko gaitzea. Horrela, horiek gizartean ikusarazteaz gain, erakundeekin eta gizarte eragileekin lankidetzan, egoera horien prebentzioan eta desagerpenean lan egiteko emakumeen parte-hartzea bultzatu nahi da.
Prestakuntza arratsaldez egiten da eta 13 emakume langabek hartzen dute parte, gehienak eskualdekoak. 2024ko irailean amaituko dute ibilbidea. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak finantzatzen du proiektu hau, laneratzeko eta berrikuntza soziolaboraleko proiektu bereziak garatzeko laguntzen deialdiaren esparruan, lana lortzeko edo enplegua mantentzeko zailtasunak dituzten langile landun eta langabeentzat.
Proiektuak prestakuntza-ibilbide kualifikatzaile bat du, 3. mailako profesionaltasun-ziurtagiri baten bidez osatua (“Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako sustapena (SSCE0212)”). Halaber, parte-hartzaile bakoitzak lanekoak ez diren 120 orduko prestakuntza-praktikoak burutuko ditu. Era berean, proiektua “Soft skills” gaitasunak garatzeko tailer batekin osatuko da. Bertan, enplegagarritasunarekin eta emakumeen eta gizonen berdintasun eraginkorrerako sustapenaren lan-esparruarekin lotutako zeharkako konpetentziak identifikatu, balioetsi eta entrenatuko dira.
Miguel Ángel Páezek, Bidasoa bizirikeko presidenteak adierazi duenez, “Garrantzitsua da aitortzea emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-etorkizuna enpresa-, politika- edo hezkuntza-esparru berean nahi badugu, ezinbestekoa dela garapen-eragile gisa egiten dugun jardueratik egindako lana indartzea eta berdintasun-agentearen figura sustatzea, bai gizartean, bai lanean”,
Bestalde, Estitxu Urtizbereak, Bidasoa bizirikeko lehendakariordeak, gaineratu duenez, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko arlo sozialean, kulturalean eta laboralean politikak martxan jarri eta neurriak hartu diren arren, agerian geratzen da sexuen arteko desoreka nabaria dela oraindik ere. “Hori dela eta, “Berdintasuna Lantzen” proiektua jarri dugu abian, pertsonak desberdintasun-egoerak identifikatzen ikasteko eta egoera horiek prebenitzeko tresnak ezagutzeko”, gehitu du Bidasoa bizirikeko lehendakariordeak.