Korrika amaitu bada ere, euskararen aldeko martxak ez du etenik. AEK-k “Korrikaren 12. Eguna” izeneko ekimena jarri du martxan, lasterketak piztutako ilusioa eta indarra urte osoko konpromiso bilakatzeko asmoz. Ekimen honen helburu nagusia herritarrak euskararen erabileran eta ikaskuntzan urrats berriak ematera gonbidatzea da, konpromiso hori 11 egunetatik harago joan dadin.
Kanpainak “Euskara gara… ETA IZANGO GARA!” leloa hautatu du. Mezu honekin, AEK-k etorkizunera begira jarri nahi du fokua, euskararen normalizazioan eragiteko garrantzia azpimarratuz. Izan ere, erakundearen ustez, benetako lanketa Korrika igaro ondoren hasten da, eta horregatik ezinbestekoa da herritarren aktibazioari eustea.
Doako eskolak eta Mintzodromoak
Estrategia honen barruan, bi jarduera nagusi antolatu ditu AEK-k datozen asteetarako. Batetik, “Eskola bat doan” egitasmoa abiatu du. Datorren apirilaren 22an, euskaltegi guztiek hasierako mailako doako eskola bat eskainiko dute. Ekimen hau euskararekin lehen harremana izan nahi dutenentzat pentsatuta dago. Irunen, adibidez, bi aukera egongo dira: goizez 10:00etatik 11:00era eta arratsaldez 17:00etatik 18:00etara.
Bestetik, maiatzaren 21ean izango da hurrengo hitzordua, Mintzodromoarekin. Gune hauen helburua euskaraz hitz egiteko espazio irekiak eta atseginak sortzea da. Aurtengo Mintzodromoetan, gainera, berrikuntza batzuk egongo dira. Erabilerari buruzko hausnarketarako tartea egoteaz gain, hika aritzeko espazio berezi bat egokituko da, iazko Hikadromoari jarraipena emanez eta Bidasoaldeko hikazaleei lekua eskainiz.
Parte hartzeko deia
AEK-k gainerako eragileak ere norabide berean urratsak ematera gonbidatu ditu, euskararen pizkundea guztion artean elikatzeko. Mintzodromoei buruzko xehetasun gehiago datozen asteetan emango dituzte ezagutzera.
“Eskola bat doan” ekimenean parte hartu nahi dutenek kartelaren QR kodearen bidez egin dezakete, edo zuzenean Irungo euskaltegiarekin harremanetan jarrita: irun@aek.eus edo 688 746 633 telefonoan. AEK-k herritar guztiak animatu nahi ditu ekimen hauetan parte hartzera, euskararen munduan murgiltzen jarraitzeko eta herria euskalduntzeko bidean pausoak emateko.



