Urriaren hasieratik Irunek eta Hondarribiak birziklapena errazteko 10 punttu izango dituzte

Urriaren hasieratik, Irunek eta Hondarribiak 10 Punttu garbi izango dituzte, zortzi Irunen eta bi Hondarribian. Edukiontzi berri horien helburua herritarrei gaikako bilketa hurbiltzea eta birziklatzeko ohitura sustatzen jarraitzea da.

Edukiontzi bereziak dira, bestela garbiguneetara eraman beharko liratekeen hondakinak uzteko diseinatuak; erradiografiak, kazolak eta zartaginak, inprimagailuen tonerrak eta kartutxoak, pintura-poteak, CDak eta DVDak, etxetresna elektriko txikiak, pilak eta bateriak, mugikorrak eta kargagailuak, bonbillak eta kafe-kapsulak.

Herritarrei hondakin horiek etxetik gertu bota ahal izateak ematen dien erosotasunaz gain, bide publikoan dagoen espazioa ere optimizatzen dute, edukiontzi berean hainbat produktu biltzeko aukera ematen baitute.

Edukiontzi berriak zuriak izango dira, eta “hondakin anitzeko edukiontzia” gisa errotulatuta egongo dira. Irlatxoetatik gertu egongo dira, baina ez bertan txertatuta. Irunen, Punttu garbiak jarriko dira Urdanibia, Pio XII., Lezo, Puiana, Bizkaia, San Pedro, Berroeta Pintorea eta Euskal Herriko Hiribidean. Hondarribiaren kasuan, Punttuak Bidasoa pasealekuan eta Amuten kokatuko dira.

Jose Antonio Santano Irungo alkateak azaldu duenez, “oraingoz 10 edukiontzi jarriko dira, guztiak Irun eta Hondarribiko gune estrategikoetan, pertsonak hondakin txikiekin Garbiguneraino joan behar ez izateko”. Leire Zubitur Txingudiko Zerbitzuetako gerenteak gaineratu duenez, edukiontziak etxeetan erabiltzeko baino ez dira; etxean pilatzen ditugun hondakin txiki horiek guztiak uzteko, baina inolaz ere ez gremioentzat edo kopuru handientzat”. Gainera, Zubiturrek zehaztu du edukiontzi bakoitzaren kostua 3.550 € dela.

Azkenik, Txomin Sagarzazuk, Hondarribiko alkateak, ziurtatu du Punttu horiek jartzea beste urrats bat dela eskualdea birziklatzearen aldeko apustu sendoan, “hemendik aurrera ez dago aitzakiarik pilak, bonbillak, mugikorrak etabar etxean pilatzeko edo modu egokian ez birziklatzeko, izan ere, hondakin horiek guztiak modu erosoan eta etxetik gertu bota ahal izango dira”.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude