Leka-Enea klubak denboraldi hasieran ezarritako helburuak luzez bete ditu denboraldi amaierara iritsitakoan. Azken bi urteetan zehar jokatutako partidu eta txapelketek mahai-tenis klubeko jokalariak maila nazionaletara eta internazionaletara eramateko aukera eman dute. Klubeko jokalari irundarrek Sonia Etxezarreta teknifikazio zentroan ikasitako guztia erakusteko aukera izan dute emaitza borobilak ekarri dituen denboraldian.
Sergio Rodríguez Leka-Eneako zuzendaritza Batzordeko kideak eta Ioana Tecla entrenatzaileak 2021-2022 denboraldiak emandakoa errepasatu dute. “Nire ustez, izan dugun denboraldi amaiera izan da azpimarragarriena”, adierazi du Sergio Rodríguezek. Ekainean beti adinen araberako Espainiako Txapelketa jokatzen da. Bertan benjaminen, kimuen, haurren, Sub21 eta Sub23 kategorietako kirolariek parte hartzen dute. “Espainiako Txapelketan lortutako emaitzak itzelak izan dira, emaitza onen bat lortzea espero genuen, baina lorpenak asko izan dira”. Esaterako, haurren kategorian lehiatu diren Iker Plazaz, Xabier Toqueroz eta Eneko Rodríguezek Espainiako Txapeldun titulua lortu dute. Iker Plazak gainera, brontzezko domina lortu du binakako kategorian. Bestetik, Aimar Chamorrok gazte kategorian, santandertar kirolari batekin batera, hirugarren postua lortu du binakako kategorian. “Urte askotan lortu dugu final-zortzirenetako edo final-laurdenetako kanporaketetara iristea, baina aurten, egia esan, jokalarien emaitzak benetan onak izan dira, klubaren historian Irungo hiru jokalarik Espainiako Txapelketa bat elkarrekin irabaztea inoiz lortu ez dutelakoan nago eta”, gaineratu du Sergio Rodríguezek.
Ioana Tecla entrenatzaileak adierazi duenez, Espainiako Txapelketa irabaztea lortu duen hirukotea berak entrenatutako lehen kirolari taldeetako bat da eta orain artean denbora luzez egindako lana fruituak ematen hasi dela dirudi. “Txikitatik klub honetan trebatu diren mutilak dira, eta, azkenean, balio duten guztia erakutsi ahal izan dute”, adierazi du talde irabazlearen entrenatzaileak. Ioana Teclak nabarmendu duenez emaitza azpimarragarri guztiak ez dira soilik maila nazionalekoak izan, Beñat García Espainiako selekzioarekin batera Europako Txapelketa jokatzeko aukeratua izan baita. Teclaren hitzetan, “orain arte bagenekien bide onetik gindoazela, baina ez genekien noiz hasiko ziren emaitza onak lortzen”.
Urrezko hirukotea
Iker Plazak, Xabier Toquerok eta Eneko Rodríguzek Haurren Espainiako Txapelketan nagusitzea lortu zuten. Xabier Toquerok azaldu duenez, beraientzat ez da erraza izan txapeldun titulua lortzea. “Espainiako Txapelketan taldearen helburua podiumera iristea zen, baina azkenean txapeldunak izatea lortu genuen”. Beraz, taldearentzat ez zen izan aurretik esperotako lorpen horietako bat, baina konturatzerako txanda batetik bestera igarotzea lortu zuten eta horrela lortu zuren urrezko domina lepotik zintzilikatzea.
Eneko Rodríguezek gaineratu du txapelketa irabazi ahal izateko taldekideen arteko babesa funtsezkoa izan dela, baita aulkian jokatzeko esperoan zeuden bitartean ere. “Elkarri aholkuak eman dizkiogu eta gauzak okertu arren, burua hotz mantentzea lortu dugu gainontzekoen babesari esker”, azaldu du Rodríguez taldekideak. Gainera, txapeldun posturaino iristeko Enekok gogoratu du urte osoan zehar astero klubean egindako entrenamenduak oso baliagarriak izan direla.
Iker Plazak ere denboraldian zehar egindako lanaren emaitzak ikusi ditu Espainiako Txapelketan. “Ezinezkoa da horrelako titulu bat lortzea gogor eta era jarraitu batean lan egin gabe”. Aurten hirukotea haurren kategorian lehiatuko da berriro eta, oraingoan bai, denboraldi on bat egin eta emaitza onenak lortzeko aukerekin hasiko dute erronka berri hau, aurreko urteak emandako esperientzia baliatuz. “Berriro taldeka Espainiako Txapelketa irabaztea eta banaka top nazionalean postu on batean kokatzea dira gure helburuak”, azaldu du Xabier Toquerok.
Gazteen lehian
Aimar Chamorro irundarra kategoria gaztean lehiatu da aurten. “Aurten nire emaitza onena binakako txapelketan lortu dut, santandertar kide batekin hirugarren postua lortu baitugu”, azaldu du Aimarrek. Binakako emaitza espero zuela azaldu du Aimarrek, bere taldekidearen maila ona eta elkarren arteko harreman onean oinarrituz. “Elkarrekin irabazle izateko aukerak ikusten nituen, baina azkenean ez da horrela izan, nahiz eta hirugarren postua ere oso ondo dagoen”.
Hala ere, Aimar Chamorrok ez du taldean lehiatzeko aukerarik izan, ez baita gazte taldea osatzeko aukerarik egon. “Datorren urtean binakako emaitza berdintzea gustatuko litzaidake eta, horretaz gain, taldekako eta bakarkako txapelketan emaitza on bat lortzea”, adierazi du Leka-Eneako jokalari gazteak.
Nazioarteko mailaraino ere
Beñat Garcíak, berriz, Irungo Leka-Enea klubaren izena nazioarteko mailaraino eramatea lortu du. Denboraldi hasieratik jokatutako txapelketetan lortutako emaitza onek nazioarteko mailaraino eraman dute jokalari irundarra. Ligan lortutako emaitza onez gain, Trials eta Top 8 txapelketetan bere onena erakutsi zuen eta horrela Espainiako Selekzioarekin batera Europako Txapelketan lehiatzeko aukera lortu zuen. “Europako Txapelketan parte hartzea amets bat izan da eta, zalantzarik gabe, orain arte kirolean izan dudan esperientziarik onena”, azaldu du García jokalariak. Denboraldi hasieran bere helburu bakarra Espainiako Txapelketara iristea zen baina luzez gainditu du bere buruari ezarritako erronka. “Datorren urtean berriro Europako Txapelketara itzultzea gustatuko litzaidake eta hori ezinezkoa balitz, behintzat Espainiako Txapelketan maila onena erakutsi nahiko nuke”, adierazi du Beñat Garcíak.
Ikusmira hastear den denboraldian
Denboraldi baten amaiera beti dago kirol-etapa berri baten hasierarekin lotuta. Ioana Teclak aurreratu du denboraldi berrian ere “ilusio berdinarekin” lan egiten jarraituko dutela. “Kategoria aldaketa batzuk izango badira ere, guk haurren eta gazteen kategorian lehiatzen jarraituko dugunez orain bai datorren urtean Espainiako Txapelketan benetan emaitza onak lortzeko aukerak izango ditugula, baita Europako Txapelketan ere”. Sergio Rodríguez, berriz, klubaren etorkizunean zentratu da: “adin bereko jokalari asko dauzkagu eta Irungo teknifikazio zentroan jasotako eskolez gain, uste dut atzerrira egindako irteerak jokalarien trebakuntzarako oso onuragarriak izaten ari direla”.