Leka Eneak klubeko kirolarien lorpenen errepasoa egin du denboraldi amaieran

 

Leka Eneak klubeko kirolarien lorpenen errepasoa egin du denboraldiaren amaieran. Pandemiak eragindako ezustekoek baldintzatutako denboraldia izan bada ere, Irungo mahai-tenis klubeko kirolariek hainbat lorpen esanguratsu pilatu dituzte 2020/2021 denboraldian. Sergio Rodríguez Leka Eneako Zuzendaritza Batzordeko kideak, klubeko kirolarien konpainian, denboraldiko lorpen esanguratsuenak errepasatu ditu.

Sergio Rodríguezek azaldu duenez, “Leka Enearen denboraldi onenetariko bat izan dela esango nuke”. Izan ere, klubak ia kategoria guztietan lehiatzea lortu du eta, gainera, kirolariek oso emaitza onak eskuratu dituzte. Hala ere, pandemiak goitik behera baldintzatutako denboraldia izan denez, murriztapen neurriak nagusitu dira txapelketa zein entrenamenduetan.

Elite mailako kirolarietatik hasita, Gizonezkoen Super Dibisioan hiru jokalari nazionalekin batera jokatu dute Leka Eneako kirolariek, hau da, atzerriko kirolariak nagusitu ohi diren mailan. Talde horrek ligako 4. postuan sailkatzea lortzeaz gainera, datorren urtean Europako Txapelketa jokatzeko pasea lortu du. Super Dibisioko Emakumeentzat, aldiz, oso urte konplikatua izan da. Izan ere, Covid-19ak eragin handia izan du, hainbat kutsatze gertatu baitira. Ondorioz, Super Dibisioko taldea harrobiko neskekin osatu behar izan dute. Hala ere, azken minutuan kategoria salbatzea eta bertan irautea lortu dute.

Gizonezkoen Ohorezko Dibisioan Leka Eneako hiru mutilek oso denboraldi ona egin dute. Galiziara joan ziren igoera-fasea jokatzeko aukera ematen zuen txapelketa bat jokatzera eta hirugarren postua lortu zuten. Lehen Nazional Femeninoan, berriz, taldeko txapeldunak izan ziren. Antequeran igoera-fasea jokatu zuten eta datorren denboraldian Emakumezkoen Ohorezko Dibisiora igoko dira.

Bigarren Nazionalean taldeko bigarren postuan amaitu zuten eta kategoriaz igotzeko playoff-etan sartu ziren, baina Lehenengo Nazionalean jada talde bat badutenez, mailaz igotzeko aukera galdu dute. Euskal Liga eta Txapelketetan lorpen ugari izan dira ere. Bertan jokatzen ziren hiru ligetan, hau da, Bigarren Euskaldunean, Lehenengo Euskaldunean eta Ohorezko Dibisio Euskaldunean hiru taldeek mailaz igotzea lortu dute. Hortaz, liga mailan ere oso denboraldi arrakastatsua izan da.

Pandemiaren eragina
Sergio Rodríguez klubeko teknikariak adierazi duenez, Leka Eneak denboraldian zehar pandemiaren murriztapen neurrietara egokitu behar izan du. Hala ere, gutxienez klubaren instalakuntza aproposei esker entrenatzen jarraitzeko aukera izatea asko eskertu dute. Sonia Etxezarreta Teknifikazio Zentroko solairuetan tenis mahaien kopurua murriztu egin behar izan dute eta entrenamendu taldeak txikitu dira.

Espainiako Txapelketarekin denboraldia amaitutzat eman ostean, uztaila atseden hartzeko aprobetxatuko dute. Abuztuan denboraldi berriari ekingo dio Leka Enea klubak eta kirolari gazte berriak mahai-tenisera erakartzeko ikastaroak presatu dituztela baieztatu du Rodríguez teknikariak. Horretaz gain, Sergio Rodríguezen hitzetan, “datorren denboraldian uste dut Leka Enea izango garela maila nazionaleko kategoria guztietan taldeak izango dituen klub bakarra”. Beraz, datorren urteko arrakasten esperoan, aurtengo denboraldian zehar lortutakoak errepasatzeko une aproposa izan daiteke.

Iker Martinez eta Mikel Angulo
Leka Eneko Iker Martinezek eta Mikel Angulok elkarrekin jokatu dute Gizonezkoen Ohorezko Dibisioan. Taldekako txapelketa irabazteaz gainera, igoera-fasean hirugarren postua lortu dute, mailaz igotzeko aukerarik izan ez duten arren. Espainiako Txapelketan taldeka final-laurdenetara iristea lortu zuten. Iker Martinez gainera banakako txapelketako finaleraino iritsi zen, baina txapeldunorde postuarekin konformatu behar izan zuen 4-2 estu batengatik galdu ostean eta ranking nazionaleko jubenilen bigarren postuan dago orain. Mikel Angulok, aldiz, ez zuen bere maila osoa erakutsi banakako txapelketetan, lesio baten ondorioz. Datorren urtean gazteen kategoriak bere horretan jarraitzea espero du, taldeko handienak izateak ematen dien abantaila aprobetxatu eta emaitza onak lortzeko.

Beñat García eta Eneko Rodríguez
Beñat García aurten Bigarren Nazionalean lehiatu da eta taldekako txapelketa irabazi dute. Banakako txapelketetan, berriz, Espainiako Top 8a jokatzea lortu du eta Espainiako Txapelketan final-laurdenetan kanporatu zutenez, orain bere kategorian Espainiako 7. onena da. Eneko Rodríguezek, berriz, Ohorezko Euskal Dibisioan jokatu du eta taldeka kategoria horretan nagusitu dira. Gainera, Euskadi eta Gipuzkoako Txapelketak irabazi ditu. Espainiako Taldeko Txapelketarako Leka Enean taldetik osatzeko aukerarik izan ez zuenez, CN Sabadell taldeak fitxatu zuen eta alebin kategoria irabaztea lortu dute. Infantil mutilen kategorian, berriz, final-laurdenetaraino iritsi ziren, baina Burgoseko taldeak txapelketatik kanporatu zituen.

Maitane Zuazua eta Amaia Angulo
Maitane Zuazuak eta Amaia Angulok talde berean jokatu dute 2020/2021 denboraldian. Horrela, Lehen Nazionalean jokatu eta bertan garaipena lortu dute talde gisa. Antequeran jokatutako igoera-fasean Jaengo taldearen aurka galdu zuten arren, datorren urtean Ohorezko Dibisioa jokatuko dute sailkatutako talde batek huts egin ostean eta maila berri horri eustea izango da neska irundarren helburua.

Nesken taldeko jokalaria izateaz gainera, Amaia Angulo amaitu berri den denboraldian Leka Enea klubeko sare sozialak kudeatzeaz arduratu da. Amaia Anguloren lana ezinbestekoa izan da, zuzeneko ikuslerik gabeko urte honetan txapelketetako kronika, emaitza eta argazkiei zabalpena emateko. Era horretan, mahai-tenisa ezagutarazi eta Leka Enea klubari handitzen laguntzeko bere aletxoa jarri nahi izan duela azaldu du Amaia Angulok.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude