Sky Games: Mendi lasterketen asteburua

KARTELA LOGOS
Mendi lasterketen asteburua maiatzaren 11n eta 12an burutuko da, Erlaitz Mendi Elkarteak antolatuta.

Erlaitz Mendi Elkarteak oso plan erakargarria antolatu du maiatzaren 11 eta 12rako. Izan ere, Aiako Harriko parke naturalean kirola, natura, abentura eta lehia nahastuko dituen mendi-jokoak prestatuko ditu, Sky Games: Mendi lasterketen asteburua.

Egitaraua bi proba desberdinez osatzen da. Lehenengoa, kilometro erdia bertikal deitzen dena, aurten lehenengo aldiz egingo da; larunbatean, maiatzak 11, arratsaldeko lauretan hasiko da, eta ordu eta erdi geroago bukatuko. Bigarrena biharamunean burutuko da, Erlaitz Mendi Maratoi Erdiaren hirugarren edizioa. Goizeko bederatzietan hasiko da eta bukaera arratsaldeko ordubi eta erdiak aldera izango da.

Gorka Leal Erlaitz Mendi Elkarteko kidearen esanetan “helburua jendartean mendi lasterketak aditzera ematea da, eta eskualdeari, eta hain zuzen ere Aiako Harriko parke naturalari, kirol honi nazioarteko mailan leku nabarmena eskaintzea”.

Lealek azaldu zuen kilometro erdi bertikala lasterketan Endarlatsako zubia abiapuntutzat hartuta, Erlaitz mendiraino igo beharko dela, 2,5 kilometroetan 480 metroko desnibela gaindituz”. Halaber, erlojupeko proba izango dela zehaztu zuen. “Igoera osoa burutzeko denbora gutxien behar duenak irabaziko du. Korrikalariak bakarka minutuz minutu irtengo dira”.

Mendi lasterketaIgandeko lasterketa, aldiz, ohiko mendi maratoi erdia izango da. Lasterketa Ola Sagardotegitik irtengo da, eta Meakako parapente maldan bukatuko. Guztira 21 kilometro egin beharko dira Aiako Harriko parke naturalean zehar, 2.800 metroko desnibela gaindituz eta gehienez 810 metroko altuerara iritsiz.

Erlaitz Mendi Elkarteko kideak adierazi zuenez, “bai larunbateko proba bai igandekoa egingo dutenak lehiaketa konbinatu batean sartuko dira, bi lasterketetako postuak gehituz. Bestetik, proba bakarra egin nahi dutenek ez dute hala egiteko arazorik izango. Halaber, kilometro erdia bertikal lehiaketan txapelketa berezi bat antolatu nahi dugu, beste kiroletako kluben artean, beraien arteko erronka osatuz”.

Mendi lasterketen inguruan erabateko asteburua osatzeko, proba hauetako korrikalariek eta zaleek elkarren artean topatzeko aukera izan dezaten, gune bat prestatuko da larunbat arratsaldean, bost eta erdietatik zortzi eta erdietara, Ola Sagardotegiko frontoian, “Korrikalariaren mini azoka” deituko dena. Han mendiko kirol-arropa marka baten postua egongo da, eta GKE baten postua ere bai; lurraldeko produktuak salduko dira, entrena-tzaileek eta fisioterapeutek hitzaldiak emango dituzte, eta mendi lasterketen inguruko dokumentalak proiektatuko dira.

Beraz, maiatzeko bigarren asteburuan Bidasoa eskualdera hurbilduko den jendeak puri-purian dagoen kirol honetaz goza-tzeko aukera izango du Erlaitz Mendi Elkartearen eskutik. Kirolariek, zalantzarik gabe, maila aparteko ikuskizuna bermatuko dute gure mendietan. Ea ikusleek ere maila berean erantzuten duten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude