Hamabost urte zituela hasi zen Ganix Miron irundarra saskibaloian jokatzen. Futbola eta eskubaloia ere probatu zituen, baina baloi laranja eta saskia gustatu zitzaizkion bereziki. Harrezkero, harreman estua izan du beti saskibaloiarekin. Erroibide-Irun elkarteko nesken talde nagusia entrenatzen du gaur egun. Estatuko Lehen Mailan jokatzen dute.
Club Amigos del Baloncesto taldean eman zituen lehen urratsak Ganix Mironek. Osasuntsu zegoen Irungo saskibaloia 90eko hamarkadan. “Eskola guztiek bi edo hiru talde zeuzkaten, bai mutiletan, baita nesketan ere”. Argi dauka maila handiagoa zela orduan. 1998an Hondarribiko Hondartzarekin elkartu zen Amigos del Baloncesto, Txingudi Saskibaloi Elkartea osatzeko. Mutilen sekzioa bertan behera gelditu zen orduan. Ganix Mironek Irundik alde egin behar izan zuen, saskibaloian jokatzen jarraitu ahal izateko. Besteak beste, Donostian eta Beasainen pasa zuen erbestealdia.
Duela hamar urte, Irungo La Salle ikastetxeko ikasle batzuek Erroibide Saskibaloi Elkartea sortu zuten, gurasoen lagun-tzaz, senior mailan saskibaloian jokatu ahal izateko. Albiste pozgarria izan zen Ganix Mironentzat: “Elkarterik ez zegoen, eta Irunen tamainako hiri batean larria da hori”. Bilakaera handia izan du Erroibidek hamarkada honetan. Senior, junior eta kadete mailetako taldeak ditu gaur egun, nesketan eta mutiletan. “Horrek esan nahi du Irunen zaletasuna badagoela”, nabarmendu du Mironek. Zailtasunak ere baditu, noski; ekonomikoak, eta entrenatzeko azpiegiturei dagozkienak.
Arauzko neurriak dituen kantxa bakarra dago Irunen, Artaleku kiroldegikoa. Baina Bidasoa-Irunek dauka hura erabil-tzeko lehentasuna. Bertan entrenatzeko aukera izaten dutenean ere, kantxaren heren batean egin behar izaten dute Erroibideko taldeek. Hortaz, Azken Portun edo Artalekun izan, arautegiak markatzen dituen neurrietara iristen ez diren kantxetan entrenatzen dute beti. “Partidetan espazioak handiagoak dira, eta hiruko marra urrunago dago”, gogoratu du Ganix Mironek. Ohitura falta agerian geratzen da neurketetan.
Estatuko hirugarren ligan ari dira neskak
Duela bost urte hartu zuen Ganix Mironek Erroibideko nesken talde nagusia entrenatzeko ardura. Bi maila igo zituzten bi urtean. Gaur egun Lehen Mailan, estatuko hirugarren kategorian jokatzen dute. Liga zaila dela onartu du Mironek: “Estruktura handia daukaten taldeak daude. Baina guk ilusioarekin eta konpromisoarekin berdintzen ditugu gure gabeziak”. Jaitsieraren arriskua hurbil dauka aurten Erroibidek. Azkenaurrena den Araba Araskik baino garaipen bakar bat gehiago lortu dute irundarrek lehen itzulian. “Zortzi-bederatzi jokalarirekin ari gara bakarrik, eta hori ordaindu egiten da”, azpimarratu du Mironek.
Lan handia izaten du urtero entrenatzaileak taldea osatzeko. Hiritik kanpo jokatzen ari diren neskak erakarri izan ditu, klubak ez baitu Lehen Mailan aritzeko moduko neska multzo handia hazteko baliabiderik. Gainera, senior mailara iristerakoan kirola uzteko ohitura izaten du askok. Eragozpen handia izaten da Ganix Mironentzat: “Neskek badute afizioa, baina motibazioa falta izaten zaie”. Zailtasunak zailtasun, erreferente bilakatzen ari da Erroibide Gipuzkoa mailan. “Beti izango ditugu muga batzuk, baina lan egiteko gogoa daukan jendea dagoen bitartean, aurrera egingo du klubak”. Borondatezko lana da Erroibideren oinarria.