Larunbatean arte garaikidea Bidasoa ibaiaren ertzera iritsiko da Ribera azokarekin

Kultura arloko zuzendari Eunate Encinasek Ribera azokaren zazpigarren edizioa dela-eta irailaren 24an (larunbata) egingo diren jardueren programa aurkeztu du ostegun honetan. Proiektuaren helburua da arte garaikidearen bidez gure Bidasoa ibaiaz eta haren oroimen historikoaz eta mugaren kontzeptuaz hitz egiten diguten hainbat ekimen gurutzatzea. Eunate Encinasekin batera, edizio honetako protagonista izango diren emakume batzuk izan dira aurkezpenean, hala nola María José Noain, proiektuaren laguntzailea; Higinia Garay muralgilea; eta 2021eko beken irabazle izan ziren Julieta Gaztañaga eta Sabrina Díaz Potenza.

Azoka 10:00etatik 14:30 aldera arte izango da, eta jarduerak egingo dira bidegorriaren tarte osoan sortutako instalazio iraunkor batzuetan zehar. Jarduerak eguraldiaren arabera egingo dira. Nazioarteko zubiaren skate parkaren ondoko haur-parketik Osinbiribil zeharkatzen duen oinezkoentzako pasealekuan dauden aurrietaraino izango da bidegorri-tartea. Honako hau da programa:

1) Claudia Eliesek eta Abel Jaramillok “Artxiboa-ibaia” (parkea) jarduera egingo dute haur-parkearen inguruan. Artxibo-ibaia proiektua irudi-kontakizun bat da, Luis de Uranzuren Cuentos del Bidasoa liburuaren hitzaurrean Jorge Oteizak idatzi zuen esaldian inspiratuta: “Ipuin bat kontatzea norbaiti kontatzea da, zerbait kontatzea, zerbaitetarako kontatzea, nolabait kontatzea…” Irungo Udal Artxiboko irudiekin lan egin dute sortzaileek, Bidasoari buruz ikusizko kontakizun bat egiten saiatzeko.

2) Sabrina Díaz Potenzak eta Julieta Gaztañagak (Tándem77) “Zubi bat zubi bat zeharkatzen ari den pertsona bat da” aurkeztu dute, 2021ean eskuratu zuten Ribera bekaren emaitza. Ispilu-jolas baten bidez, errefrakzio/islapen-esperientzia batean parte hartzera gonbidatuko dute oinezkoa. Perspektibak dislokatuz, arketipoek estereotipoak ordezkatzen dituzte, eta lehen aurreiritziak ziren horietan, orain galderak sortzen dira. Zubi bat zeharkatzea jada ez da gauza bera izango. Ingurabidearen azpiko zubiaren inguruan egingo dute jarduera hori.

3) Ilazki de Portuondok eta Julie Laymondek (Duo -Y-) “Sourcière” jarduera egingo dute (guardaren etxea) bidegorriaren amaieran, Artiako ubidearen bokaletik oso gertu. Sourcière-ren hasierako postulatua ura memoriarako baliabidetzat hartzea zen, artxibo gisa kontsulta daitekeena. Jardueraren deskribapenean, zera azaltzen dute, “jarduera alternatiboetako profesionalez inguratu gara, hala nola geobiologo bat, naturopata bat, xaman bat, medium bat eta mago energetiko bat. Horiek fluxu ikusezinak hautematen lagundu ziguten, eta loreen eta mineralen unibertsoa aurkitzen ere bai, gure imajinario kolektiboan sinbolikoki ezarri zirenetik. Orduan, Euskal Herrira hurbilduko gara, sinesmen-kontuek oinarritutako korapilo emozionalen bidez. Faisaien uhartea hartuko dugu abiapuntutzat, Frantziaren eta Espainiaren arteko mugaz gaindiko itun historikoaren lekua, gaur egun kondominio-estatusa duena. Faisaien uhartearekin dugun lehen harremanak, rabdomantziaren bidez, jakinarazten digu menderen mendetan sinatutako itun militarrek hiru geruzaz estali dutela uhartea eta haren jariakortasun energetikoa zigilatu dutela”.

4) Higinia Garay muralgileak “Paradisua herria gidatzen” obra egingo du, ingurabidearen zubiaren azpian.

5) 11:00etatik 12:00etara. Ane Rodríguezek eta María José Noainek “Faisaien uhartean inoiz ez da izan – eta ez dago – faisairik” izenburuko ibilaldi bat zuzenduko dute. Ariketa honen bidez, tokien inguruko norbanakoen eta kolektiboaren imajinarioaren joanarekin eta deformazioarekin jolastu nahi da, haien izenetatik eta datozen edo ekartzen dituzten istorioetatik abiatuta. Ariketa honetan, oroimena, desira eta fantasia nahasten dira, lurraldetik, paisaiatik eta hitzetik abiatuta.

6) 12:00etatik 13:00etara. Irene de Andrés Vegak eta Javier Álvarezek Santiago kalearen amaieratik zuzenean emango dute “Bidasoko La Bañera” podcast-a, La Bañeraren historiaren inguruan. Ibaian bainatzeko toki bat zen La Bañera, eta batez ere gazteak ibiltzen ziren bertan, bainatzen eta igeri egiten ikasten, eta kaleko puntu horretan zegoen. Edukien artean, Oiassoko termak, teoria higienisten hasiera, “hondartzaren asmakuntza” eta ibaian bainatzea, kostaldearekiko zaletasunaren aurrekoak. Aisiak eta lanak bat egiten zutenekoa.

7) 13:00etatik 14:00etara, hitzaldi/tailerra Laiak eskulturaren inguruan, Mutur Beltzen eskutik, “Euskal artilea ezagutzea” izenburupean. Mutur Beltz elkarteak pedagogia- eta ikertze-lan bat egin du baserri-eredu berriak sormen-esperientziatik birpentsatzeko, eta lan horren esparruan egingo da tailer hori. Artearen ikuspegitik, proiektu agroekologiko bat landuko dute.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude