Irungo Udalak prebentziozko babesneurri batzuk aktibatu ditu biharko iragarritako beroaldiari aurre egiteko

Euskalmetek alerta laranja eman du biharko, bero handiko eguna izango baita. Horri erantzuteko, Larrialdietako Udal Plana aktibatu dute Irungo Udalak eta Udaltzaingoak, Eusko Jaurlaritzaren Larrialdi eta Meteorologia Zuzendaritzaren bidez, biharko (abuztuak 9) iragarri den tenperatura altuaren ondoriozko muturreko arriskua dela eta. Udalaren  Babes Zibileko Plana barne-kontroleko orri bat da. Dokumentu horretan zenbait jarduketa jasotzen dira, herritarrei, Udalaren arloei eta larrialdietan diharduten zerbitzuei zuzenduak, ezohiko egoera meteorologikoei aurre egiteko.

Euskalmetek une honetan ematen duen iragarpenaren arabera, muturreko tenperatura handien alerta indarrean egongo da 12:00etatik 21:00etara arte. Ordu tarte horretan, tenperaturak 31 ºC-an egongo dira batez beste, eta 33 ºC-ra ere iritsiko dira 17:00ak aldera.

Udalaren Babes Zibileko Planaren barruan, zenbait ekimen jarri dira abian, herritarrei zuzenduta, «Udan, kontuz beroarekin!» lelopean. Besteak beste, Udaltzaingoak zenbait jardunbide egokiren berri emango die herritarrei, beroaldiaren ondorio negatiboak prebenitzeko edo, gutxienez, arintzeko.Udaltzaingoak gogorarazi du guztiz debekatuta dagoela Aiako Harriko parkean barbakoak egitea, eta arreta handiz aritu beharko dela Soroetan.

Horrez gain, gomendio hauek ematen zaizkie herritarrei, biharko beroari aurre egiteko:

  • Saiatu eguzkitan luzez ez egoten, parkeetan edo igerilekuetan.
  • Langileek ez dute bero handitan egon behar (bide-garbiketan, obretan, teilatuetan, etab.).
  • Saihestu jende asko pilatuko duten ekitaldiak.
  • Arreta handiz zaindu jaioberriak, adinekoak eta behar bereziak dituzten pertsonak.
  • Eguerdi aldean, saiatu kalera ez irteten eta jarduera fisikorik ez egiten.
  • Beroari aurre egiteko beste modu bat da ura edatea eta itzaletan egotea. Horretarako, tresna lagungarri gisa, mapa honetan bildu dituzte Udaleko zerbitzuek hiriko iturriak eta parke estaliak: arcGIS zerbitzuaren geolokalizatzailea.

Eguraldiaren iragarpen eguneratuak, bestalde,Euskalmeten webgunean kontsultatu ditzakezu: Euskalmet.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude