
Alba Rodríguez borrokalariak 2025. urtean Espainiako Txapelketan txapeldun izatea lortu zuen 48 kiloz azpiko grappling modalitatean kimonoarekin. Horrez gain, brontzezko domina irabazi zuen Espainiako Modalitatean 57 kiloz azpiko borroka olinpikoan. Bi garaipen horiei esker, berriki Irundarron Saria jasotzeko kirolari izendatuetako bat izan da. Alba Rodriguezek bere kirolean lehiatzea nolakoa den azaldu du.
Zer moduz joan zen 2025eko Espainiako Txapelketa?
Oso ondo. Egia esan, ez nuen espero lortu nuena. Batez ere, kimono gabe lehiatzeko prestatu nintzelako eta azkenean ez nuen horretan irabazi, baizik eta kimonoarekin. Justu kontrakoa gertatzea espero nuen. Gero wrestling, hau da, borroka olinpikoko txapelketara joan nintzen eta 23 urtez azpiko kategorian irabazi ez nuen arren, senior kategorian brontzezko domina bat lortu nuen, beraz, oso pozik ere.
Azkeneko 4 urteetan grapplingean bestelako lorpenak lortu ostean, pozik zaude?
Egia da azken 4 urte hauetan topera ibili naizela lehian. Unibertsitateko ikasketak eguneroko entrenamenduekin uztartu ditut, izan ere, egunero ia entrenamendu bat baino gehiago egin baitut. Orain aldiz, entrenamendu bakarra egiten ari naiz eta entrenatzen ari ez naizenaren sentsazioa dut. Gainera, orain lanean hasi naiz eta, beraz, aurten urte ezberdina izaten ari da. Aurten Espainiako Txapelketari ezetz esan diot uste dudalako batzuetan hobe dela garaiz gelditzea, ilusioa eta gogoa berreskuratzeko. Kirolaz beste modu batean disfrutatzen ari naiz, lasaiago, hainbeste sufrimendurik gabe. Baina bai, azken 4 emaitzekin oso pozik nabil.
Urrezko domina gutxien esperotako modalitatean irabaztea sorpresa handia izango zen.
Bai, 4 urte hauetan gainean presio handia izan dudala uste dut. Espainiako Txapelketan esaterako, grappling eta grappling Gi modalitateetan lehiatu naiz, asteburu bakarrean, larunbatean kimono gabe eta igandean kimonoarekin. Horren ostean, wrestlingean lehiatu nintzen, grapplinga guztiz alde batera utziz. Horrek pisu gehiago galtzea eskatzen zidan, beste kategoria bat zelako. Nire kasuan, wrestling egiten nuen grappling entrenatzeko. Wrestling zutik hasten eta bukatzen den borroka da eta, beraz, teknika hori erabiltzen nuen gero grappling borroketan aplikatzeko. Hala ere, wrestling txapelketak ere serio hartzen nituen, bere entrenamendu zehatzekin eta guzti, nahiz eta nire arreta guztia grapplingean jarrita izan.
“Aurten Espainiako Txapelketari ezetz esan diot uste dudalako batzuetan hobe dela garaiz gelditzea, ilusioa eta gogoa berreskuratzeko”
Dominak eskuratzea egindako lanaren ondorioa izaten da.
Bai, baina egia da batzuetan, nahiz eta asko entrenatu emaitzak ez datozela bat egindako lan guztiarekin. Baina, bai, normalean hala izan beharko litzateke, asko entrenatu ostean zure helburuetara iristea. Dena den, batzuetan emaitzak ez dituzu lehen edo bigarren urtean ikusiko, lan asko egin arren. Gertatu izan zait gogor entrenatu eta prestaketa ona eginda ere, lehiaketan gero gaizki aritzea. Espainiako Txapelketa honetan hori bera gertatu zitzaidan, nire helburua grapplingean ondo egitea zen eta azkenean urrezko domina kimonoarekin irabazi nuen. Egia da, behin hori lortuta, hurrengo egunean inolako presiorik gabe joan nintzela, nire entrenatzaileak ez lehiatzea ere proposatu zidan, baina oso polita izan zen.
Txapelketetara begira, presioa kudeatzen jakitea garrantzitsua izango da. Erraza egiten zaizu hori?
Egia esanda, inoiz ez naiz txapelketa batera lasai joaten. Dena den, egia da txapelketa batean egiten duzun lanaren % 90 zure buruan dagoela. Alderdi hori beti landu izan dut nire entrenatzailearekin, hau da, osasun mentalean aditua den pertsonarik gabe; nire kabuz landutako zerbait izan da. Hala ere, ez dut baztertzen egunen batean hori guztia profesional batekin lantzea. Azkenean, esperientziak asko irakasten dizu, zu zeu geroz eta hobeto ezagutzen zara eta zure burua nola prestatu behar duzun ikasten duzu. Borroka zure buruaren barnean dagoenean da okerrena.
Borrokalari profesional bezala bizitzeko aukera ikusten duzu?
Oso zaila da eta bizitzan momentu bat iristen da non balantza batean jarri behar duzun kirolak zer ematen dizun eta zer kentzen dizun. Borrokan kirolari profesionala izatea oso zaila da. Azkenean, Espainiako txapelketan lehiatu arren, nire bizitzak berdin jarraitzen du. Nire senideak harrituta geratzen dira esaten diedanean irabazteagatik euro bat bera ere ez digutela ematen, nahiz eta ordu asko sartu. Esperientzia bakarrak dira eta ez nuke ezergatik aldatuko bizitako guztia. Noski, laguntza ekonomiko bat izanez gero, nire zalantza guztiak ezabatuko lirateke.
“Nire helburua grapplingean ondo egitea zen eta azkenean urrezko domina kimonoarekin irabazi nuen”
Berriro ere Irundarron Saria jasotzeko izendatua izan zara. Nola sentiarazi zaitu?
Gala asko gustatu zait hirian zenbat kirolari eta kirol dauden ikusteko aukera ematen duelako, horietako batzuk, nirea bezain ezezagunak. Hirian klub handi eta ezagunak daude, baina zorionez geroz eta gehiago dira. Horregatik, nire izendapenarengatik baino gehiago, galara joatea asko gustatzen zait kirolariak ezagutzeko eta Irunen nolako maila dagoen ikusteko. Gainera, grapplinga ezagutarazten laguntzeko beste modu bat da eta nabari da geroz eta jende gehiagok ezagutzen duela. Kirol oso polita izateaz gainera, defentsarako ezinbestekoa da eta, beraz, denok probatu beharko genukeela uste dut, helduok zein umeek.
Borroka hitza entzunda jendeari beldurra eman diezaioke, ezta?
Ulertzekoa da jendeak aurreiritzi hori izatea, baina probatzea gomendatuko nieke, horrela ikusiko baitute benetan zer den kirol hau. Izan ere, kirolean ez daude jendeak espero dituen kolpeak eta gure klubean gainera errespetu handia dago; beraz, inork ez dizu minik emango. Kirol honetan bakoitzak bere gorputzarekin eta gaitasunekin egiten du jokoa. Altuagoa den batek bere tamaina erabili dezake eta txikiagoa denak, aldiz, bere abilezia. Zure adinekoak diren mutilen edo zu baino helduagoen aurka lehiatu zaitezkeela ikasiko duzu, azkenean, teknika kontua da.
2026rako zeintzuk izango dira zure helburuak kirol arloan?
Nire helburua hurrengo urtean, 2027an, Espainiako Txapelketara bueltatzea izango da. Baina orain batez ere nire helburua entrenamenduetan zentratzea eta horretaz gozatzea da, eguneroko lanean hobekuntza nabarituz, txapelketetan hainbeste zentratu ordez. Izan ere, txapelketak prestatzeko entrenamenduak oso ezberdinak dira, horretarako, sufritu behar duzulako eta batzuetan ez duzu hori nahi. Badirudi entrenatzeko beti sufritu behar duzula eta benetan ez da horrela. Orain, ez dudanez sufritzen, entrenatzen ari ez naizenaren sentsazioa dut eta horrek batzuetan barne borroka bat sortzen didan arren, pozik nago.
Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai duzue.



