Alba Rodriguez, grappling borrokalaria: “Kontua ez da bakarrik zure gorputza prestatzea, zure burua ere entrenatu behar duzu”

Gracie Barra akademiako Alba Rodriguez Munduko Grapping Txapelketan lehiatu da. Txapelketa Pontevedran jokatu zen urriaren 12a eta 15a artean eta 600 lagunek baino gehiagok eman zuten izena horretan parte hartzeko. Akademia irundarreko kirolaria 20 urte azpiko kategorian lehiatu da. Alba Rodriguezek bigarren postua lortu zuen Grappling kategorian eta hirugarren Grappling-Gi izenez ezagutzen denean. Klub irundarreko kirolariak txapelketa nola bizi izan zuen kontatu du.

Pozik zaude munduko txapelketan lortutako emaitzekin?
Bai, oso pozik. Bai emaitzengatik alde batetik eta baita esperientzia hau bizitzeko aukera izateagatik ere, oso polita izan baita.

Zenbat denbora eskaini diozu txapelketa honen prestaketari?
Udara osoa eman dut txapelketarako entrenatzen. Egunero entrenatu dut. Adibidez, astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan nire akademiako klaseetara joaten nintzen. Astearteetan eta ostegunetan aldiz, gimnasioan ibili naiz. Hala ere, hori ez zen nahikoa maila honetako txapelketa bat prestatu ahal izateko, beraz, bi hilabete lehenago topera entrenatzen hasi nintzen, egunero bi edo hiru entrenamendu egin ahal izateko. Gogorra izan da, bai. Klase arruntek 2 orduko iraupena dute eta ondoren, nire entrenatzailearekin geratzen nintzen zaku batekin, entrenatzaileak atzetik goma elastiko batekin tiratzen zidan bitartean eta orkatiletan pisuak neuzkala errepikapenak egiteko. Entrenamenduak ia hilik amaitzen nituen, ia arnasa hartu ezinik. Ezinbestekoa da sentsazio horretara ohitzea borroka bat amaitzen duzunean horrela sentituko baitzara, baina ez da erraza.

Nabaritu duzu munduko txapelketako maila normalean baino altuagoa izan dela?
Bai. Izan ere, kontua ez da bakarrik zure gorputza prestatzea, zure burua ere entrenatu behar duzu eta hori da zailena niretzat. Zure buruan konfiantza izan behar duzu eta erraza dirudien arren, ez da hain erraza.

Beraz, presiopean lehiatzen ikasten duzue?
Noski. Zaila da, baina ez dago beste aukerarik eta egin beharra dago.

Nola joan zen Pontevedran jokatu zen txapelketa?
Kontutan izan ni orain arte frontoietan egiten diren txapelketa txikietan lehiatu izan naizela, lurrean botatako lau koltxoneten gainean. Orduan testuinguru aldaketa sekulakoa izan zen niretzat, bat-batean sekulako montajearekin topatu nintzelako han. Giroa oso ona izan zen, esperientzia nire antzeko mutilekin eta neskekin partekatu dudalako. Borroka batzuk besteak baino hobeto atera zitzaizkidan eta nabaria da maila horretako txapelketetan oraindik esperientzia gutxi daukadala. Otsailean Espainiako Txapelketa irabazi nuen eta hortik mundialera pasa naiz, beraz, alde handia nabaritu dut. Uste dut oraindik askatasun gehiagorekin mugitu naitekeela nire benetako borroka maila erakutsi ahal izateko eta hori esperientziarekin ikasten da bakarrik. Txapelketan asko nabaritu nuen nire ohiko entrenatzailea atzean ez izatea, Espainiako Selekziokoa etorri zelako nirekin.

Hala ere, lortutako emaitzekin pozik egongo zara, ezta?
Hori da. Kimonorik gabe bigarren postua lortu nuen eta hirugarrena kimonoarekin.

Horrela, uste duzu hurrengo erronkei aurre egiteko esperientzia irabazi duzula?
Bai, adibidez, bigarren postua lortu ostean, hurrengo urtean lehenengo postua lortzeko gogoa piztu zait. Hurrengo denboraldia 20 urtez azpiko kategorian lehiatuko naizen azken urtea izango da niretzako eta ahal bezainbeste aprobetxatu behar dut.

Uste duzu zure lorpenak Irunen kirol honekin lotutako erreferenteak sortzeko balio dezakeela?
Nire akademian maila oso altua duten lehiakideak dauden arren, egia da ni izan naizela Espainiako Selekzioarekin batera lehiaketa batean borrokatzea lortu duen lehenengo pertsona. Beraz, uste dut arrazoi horregatik nire izena hor nonbait idatzita geratuko dela.

Kirol gutxitua izanda, erreferenteen sorrera garrantzitsua da?
Bai, nahiz eta egia esan, kirol hau geroz eta ezagunagoa egiten ari da. Esaterako, Espainiatik kanpo oso kirol ezaguna da. Hemen ordea, pixkanaka ikusten da lehiaketen maila geroz eta altuagoa dela.

Iruditzen zaizu zure lorpenak akademiara jende gehiago erakarri dezakeela?
Bai. Esaterako, Gracie Barran 15 eta 16 urte arteko gazte asko daude eta pentsatzen dut beraientzat nire lorpenak motibazio bat izan daitezkeela. Argi ikusi dut lehiatzeko eta horrelako esperientziak bizi ahal izateko gogoa sartu zaiela. Batzuek Espainiako Txapelketan parte hartu zuten, baina lehen postua lortu ez zutenez ezin izan zuten maila altuagoetan lehiatu. Uste dut hurrengo urterako gehiago entrenatuko dutela eta irabazteko aukerak izango dituela batek baino gehiagok.

Zeintzuk dira zure hurrengo erronkak?
Nire helburu nagusia hurrengo urteko mundialean lehiatzea da, baina horretarako datorren urteko Espainiako lehiaketa irabazi beharko nuke. Beraz, epe motzean Espainiako Txapelketa da nire helburua, baina tartean sortzen diren beste edozein txapelketetan parte hartzeko asmoa dut, esperientzia hartu eta ahal bezain beste borrokatzeko. Etorkizunean kirol bera praktikatzen jarraitzeko aukerekin ikusten naiz. Printzipioz entrenatzen eta txapelketetan parte hartzen jarraitu nahi dut, baina uste dut nire akademian egunen batean irakasle izatera ere iritsi naitekeela.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude