Delia Medices bost urterekin hasi zen judoa praktikatzen. Olaketa Judo Klubean eman zituen judoaren munduan lehenengo urratsak eta, orain, Usurbil Judo Taldean entrenatzen du. 16 urterekin Espainiako Txapelketan Kadete kategorian irabazlea izan da eta Fuengirolako Europako Kopan laugarren postua lortu du.
Zer sentitzen da zure kategorian Espainiako Txapeldun izatea lortzen duzunean?
Oso pozik nago lortu dudanarekin, txapelketa irabazteko gogor lan egin dudalako. Aurreko urtean ere saiatu nintzen, baina, azkenean ez nuen lortu. Aurten, Espainiako Txapelketaz gain, beste zenbait kopa eta superkopetan parte hartu dut eta emaitza onak lortu ditut.
Txapelketak prestatzeko gogor lan egin behar da?
Txapelketak hurbiltzen direnean aste guztian zehar entrenatzen dut, egunero.
Lesioren bat izan duzu noizbait?
Aurreko urtean Espainiako Kopa batean ukondoa dislokatu zidaten. Honen ondorioz, hurrengo txapelketetan besoan min handia sentitu nuen eta indarra galdu nuen, beraz, lesio gainditzea ziala izan zen. Espainiako Txapelketan aritu ostean, Europako Kopa baterako konbokatu ninduten arren, ezin izan nuen parte hartu.
Ikasketak, txapelketak eta azterketak uztartzea erraza da?
Ez, hori lortzeko larritu ohi naiz ni. Hala ere, zure burua ezagutzen baduzu eta eginbeharrekoak antolatzeko modua topatzen baduzu dena ondo aterako da.
Egunen batean gerriko beltza eramatea lortuko duzula uste duzu?
Bai, gerriko beltza lortzeko prestatzen ari naiz orain. Azaroan daukat azterketa eta proba prestatzeko klase bereziak jasotzen ari naiz.
Nola moldatzen zara zure kategoriako pisua mantentzeko?
Zaila da, izerdi asko bota eta kirol asko egin behar duzulako. Aurten pisua mantentzeko zailtasunak izan ditudan arren, pure eta dieta berezi batekin pisua mantentzea lortu dut.
“Judoa gizon zein emakumezkoentzako kirol bat
dela esango nuke, ez soilik gizonezkoentzat”
Judoan neska eta mutilen artean alderik dagoela esango zenuke?
Bai, pisuaren aldetik, gizonezkoak kategoria altuagoetara izena eman ohi dutelako emakumeekin alderatuta. Hala ere, judoa gizon zein emakumezkoentzako kirol bat dela esango nuke, ez soilik gizonezkoentzat.
Judoak zaletu asko dauzkan kirola da?
Bai, kirol hau praktikatzen hasi nintzenean uste nuen oso jende gutxik ezagutzen eta praktikatzen zuen kirol bat zela. Baina, egia da, txapelketa eta kopetan parte hartzen duzunean konturatzen zara judoa praktikatzen duen uste baino jende gehiago dagoela.