Senior taldeko neskak gogor heldu dira sailkapeneko lehendabiziko postura eta, aurten, liga irabazteko aukera ugari dituzte. Hala ere, Gasteizko Neskek bigarren sailkatuari ez diote gainetik begirik kentzen. Gizonezkoen nagusitasuna bistakoa den kirol munduan, emakume futbolarien indarra eta kalitatea argi uzteko, gogor lan egiten dute egunero Mariñoko neskek.
Ugaldeko futbol zelaian entrenatu ohi dute Mariño Kirol Taldeko neska-mutilek. Talde guztiek ez bezala, irundarrak gizonezkoen eta emakumezkoen talde kopuru berdina du. Emakumezkoen saileko koordinatzaile eta taldeko idazkari Angel Perezentzat, “futbolean nesken eta mutilen arteko berdintasuna lortzeko ezinbestekoa da bi sailentzat azpiegitura berdinak izatea”. Futbolak gero eta neska gehiago erakartzen du; hala ere, hauek lehendabiziko pausoa ematea ez da batere erraza. “Gure futbol eskolan 100 bat mutil ditugu, eta hiruzpalau neska baino ez. Hala ere, hazten doazen heinean, neskek alde batera uzten dituzte aurreiritziak eta guregana hurbiltzen dira”.
Balioen helaraztea
Adibidez, Nekane Quiñonesek, balio anitzeko jokalariak, oso gogoko izan du betidanik futbola. “Jende ugari ezagutzen duzu eta laguntasuna eta solidaritatea bezalako balioak erakusten dizkizu”. Nekanek ahizpa bikia du eta taldeko atezaina da. Nahiz eta ahizpen arteko ohiko liskarrak eduki, “berarekin jokatzea oso berezia da”.
Melodi Aguilar ere eskarmentu handiko jokalaria da. Kategorien arteko banaketa ezak markatu zituen jokalari gazte honen hastapenak; hala ere, oso oroitzapen politak ditu. “Garai hartan, nire adina eta indarra bikoizten zuten taldekideak nituen. Hala ere, haien laguntzari esker esperien-tzia eskuratu eta nigan sinisten ikasi nuen”. Gaur egun, berriz, “taldekide gazte berriei ahal dudan laguntza gehien ematen saiatzen naiz, beraien onena eman dezaten”.
Igoera helburu
Senior taldeak urteak daramatza nazional mailara igo nahian eta, nahiz eta helburua batere erraza ez izan, aurten egoera alde dute Mariñoko neskek. Carmelo Perez “Melo” entrenatzaile berriak nesken jarrera bikaina azpimarratzen du. “Lan fisiko ugari egiteko ideiarekin etorri nintzen eta primeran erantzun dute. Oso langileak dira eta entrenamendu eta partidu bakoitzean bihotz eta arima jar-tzen dute”. Aurten igoera lortzea da helburu nagusia Nahikari Anton kapitainarentzat, eta, “nahiz eta oraindik pare bat norgehiagoka geratzen zaizkigun, gure jokorik onena erakutsiko dugu, hainbestetan amestu dugun igoera lortzeko”.