“Erakundeei eskatuko nieke hain ezagunak ez diren kirolak sustatzea”

21 urteko irundarra Espainiako txapeldun izendatu berri da, Benasquen, sprint eta distantzia luzeko (30km) probetan. Denboraldiari amaiera jartzeko, errelebo eta distantzia ertaineko lasterketetan parte hartuko du eskiatzaileak. Lau Munduko Txapelketetan parte hartu duen Zuzenbideko ikasle honen helburu nagusia egunero hobetzen jarraitzea da.

maialen erretratuaMG_3441

– Eskiarena odolean daramazula esan daiteke. Nolakoak izan ziren zure hastapenak?
Nire aita monitorea zen eta eski ikastaroak antolatzen zituen Irungo Mendizaleak elkartekoekin batera. Gauzak horrela, bost bat urterekin eskiatzen ikasi nuen. Ondo ematen zitzaidanez, txapelketetan parte hartu eta nire lehendabiziko dominak irabazten hasi nintzen.
– Zerk erakarri zintuen eskiaren mundurantz?
Ezagutzen dudan edozein kirolekiko erabat desberdina da. Erresistentzia handia eta teknika ona izatea ezinbestekoak dira. Gainera, bidaiatzeko eta leku berriak ezagutzeko aukera eskaintzen dizu.
– Iraupen-eskiari esker, munduko zein herrialde bisitatzeko aukera izan duzu?
Adibidez, aurten, Munduko Txapelketa Italian izan da. Aurreko urteetan, berriz, Italia, Estonia, Alemania eta Polonia herrialdeak ezagutzeko aukera izan dut. Orokorrean, Europa Erdialdeko estatuak dira gehienbat bisitatzen ditugunak.

Errelebo podiuma- espainako txapelketa- 2012
– Txoritxo batek esan didanez, badago a-tzerritar lehiakideak asko harritzen dituen gauza bat, ezta?
Bai. Gure aurkariek bi edo hiru orduko bidaiak dituzte txapelketak izaten diren lekuetaraino. Gu, berriz, furgonetan hamasei bat orduko bidaia egitera iritsi gara, eta horrek aho zabalik uzten ditu.
– Bestalde, neguko kirola izatean, nola antolatzen duzu zure urtea?
Maiatzetik irailera arte elurrik ez dagoenez, lehorreko entrenamendu gogorrak egiten ditut. Aiako Harria, Jaizkibel eta inguruko mendietan korrika egiten dut, baita roller skia praktikatu ere. Irailetik aurrera, ordea, intentsitate eta abiadura handiagoko entrenamenduak antolatzen ditut. Abendutik martxora arte txapelketa garaia dut; beraz, ia egunero entrenatzen dut.
– Kirol honi hainbeste ordu eskainita, zaila al da ikasketentzat edota beste ekimenentzat denbora ateratzea?
Bai, zaila da; baina zure burua ondo antolatuz gero eta orduak ondo banatuz gero, dena egin dezakezu. Ni, adibidez, Zuzenbide ikasketetako azken urtean nago eta, nahiz eta azkenaldian txapelketak direla-eta nahikoa faltatu, egunean noa.
– Gero eta dirulaguntza gutxiago dauden kirol munduan, zer eskatuko zenieke erakundeei?
Hain ezagunak ez diren kirolak sustatzea eskatuko nieke, eta parte-hartzeak behera ez egitea. Gizartearen gutxiengo batek praktikatzen dituen kirolak ez ahaztea behintzat; izan ere, gurea kirol desberdina da eta gutxieneko baliabide batzuk izanez gero, emaitza onak lortzen dituen jende gehiago egon daiteke.

Espainako txapelketak 2012- Beret
– Hurrengo denboraldira begira, zein dira zure erronkak?
Hobetzen jarraitzea da nire helburu nagusia. Hemendik lau urtera Neguko Joko Olinpikoak izango dira eta bertan egotea ametsa izango zen niretzat. Nahiko zaila da, baina gutxieneko emaitzak lortzeko gogor lan egingo dut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude