Eguraldi ona eta beroa udako oporrekin elkartzen direnean, bazter berriak deskubritu eta txangoak egiteko gogoak pizten dira. Urrutira joan gabe, asko dira Irun inguruan bisitatu daitezkeen tokiak. Hona hemen udara honetan Irungo hiriaz eta haren inguruaz disfrutatzeko proposamen zerrenda bat:
Irun ezagutzeko bisita gidatuak
Joan den urtean antolatu zituen lehen aldiz Irungo Udalak bisita gidatuak. Ordubeteko bisita hauen helburua hiriaren ondare historiko eta kulturalaren toki garrantzitsuenak taldean bisitatzea da. Bisitak uztailaren 6tik abuztuaren 30era egingo dira, asteazkenetan 11:00etan eta ostiraletan 17:00etan.
Bisitak Junkaleko elizan abiatuko dira eta eliza, Oiasso erromatar ingurua, Urdanibia plaza, Ama Xantalen eta Udaletxea bisitatuko dira. Pertsonako bi euroko kostua izango dute eta 12 urtetik beherakoentzat, berriz, dohainik. Informazio gehiago eta izena emateko 943 020 732 telefonoan edo www.bidasoaturismo.com webgunean.
Gipuzkoa eta Nafarroa arteko ibilaldia bizikletaz
Guztira zazpi irteera gidatu antolatu dira Irun eta Doneztebe arteko Bide Berdea bizikletaz egiteko. Hauek dira hurrengo irteeren datak: uztailak 29, larunbata; abuztuak 29, asteazkena; irailak 2, larunbata; irailak 29, igandea; urriak 20, igandea. Txangoak Donezteben abiatuko dira eta 36 kilometroko bidea bizikletaz egingo dute parte-hartzaileek Behobiaraino iritsi arte.
15 euro ordainduta bizikleta, kaskoa, asegurua eta Doneztebera itzultzeko garraioa eskuratuko dira. Irteerak hiru ordu eta erdiko iraupena izango du, azalpenetarako egingo diren geldialdiak kontatuta. Txango egun bakoitzeko 20 plaza daude eta izen-ematea 948 450 028 telefonoaren bitartez egin daiteke.
Aitzondo ur-jauzira ibilaldia
Aiako Harrien parke naturalaren barnean kokaturik dago Aitzondo izeneko ur-jauzia. Ibilaldia Ibarlako auzoan abiatzen da eta ordu bat eta 50 minutuko iraupena duen ibilbide zirkular bat da. Guztira itzuliak 5,9 kilometro dauzka eta ibilbidearen zailtasun maila txikia da. Bidearen hasieran, Irugurutzetako Labeak bisitatu daitezke, meatzaritzak iraganean hiriaren eduki zuen garrantzia ezagutzeko.