Lehen urratsak kirol munduan

Kirolarekin lotura estua duen hiria da Irun. Asko dira goi mailan izan diren eta ari diren elkarte eta kirolariak. Hainbat kirol eta modalitatetan lortu dute oihartzuna irundarrek. Baina, horretarako, txikitatik kirol jarduera sustatzea ezinbestekoa izaten da. Udalak martxan jarritako Eskola Kirola eta Ikas Sasoi programek formazio-lan horixe dute helburu.

elatzeta

Urte osoan zehar kirola egiteko aukera izango dute haur eta gazte irundarrek 2014/2015 ikasturtean. Eskola Kirola programari esker, Lehen Hezkuntzako hirugarren eta seigarren maila arteko ikasleek aurreneko urratsak emango dituzte kirol munduan. Futbola eta eskubaloia dira tradizioz Irunen gaztetxo gehien biltzen dituzten kirolak. Baina Eskola Kirolak eskaintza zabaldu du azken urteotan. Saskibaloira, atletismora, igeriketara, tenisera, pilotara eta errugbira ere hurbilduko ditu haurrak.
Kirol mundura bideratzeaz gain, haurrak heztea ere bada Eskola Kirolaren helburua. “Ikasgeletan egiten den lan pedagogikoaren osagarria da”, azaldu du Fernando San Martin Udaleko Hezkuntza eta Euskara arduradunak. Gainera, euskararen erabilera sustatzeko aukera “ezin hobea” dela azpimarratu du San Martinek. Bide batez, Irungo neskak ere animatu nahi izan ditu Udalak, gutxiago izaten baitira parte hartzen dutenak, urtero.

txingudi

Gaztetan ere kirolari
Haur gehienek probatzen dute kirolen bat edo beste. Behin nerabezaroan sartuta, ordea, askok alde batera uzten dute jarduera fisikoa. Arazo horri aurre egin nahi dio Ikas Sasoi programak. Hori dela eta, Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago. Pedro Alegre Udaleko Kirol arduradunak azaldu du Ikas Sasoik Eskola Kirolari “jarraipena” ematen diola. Hogeita bost jarduera proposatuko dizkie programak hiriko nerabeei, Irungo hamasei kirol elkarterekin elkarlanean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude