Jon Azkue, Bidasoa Iruneko jokalaria: “Otsaila hilabete gogor bezain polita izango da”

Bidasoa Irun taldea prest dago denboraldiko bigarren zatiari ekiteko. Bigarren zatiaren hasieran otsaila eskubaloi talde irundarrarentzako erronkez beterik dator, partidu eta bidaia ugariak entrenamendu exkaxekin tartekatu beharko dituztelako. Jon Azkue jokalariak denboraldiaren lehen zatiaren balorazioa egin du.

Nola baloratuko zenuke urteko lehen zatia?
Nire ustez orokorrean lehenengo zatia nahiko ona izan da. Egia da agian Europako lehiaketan partiduren batean punturen bat gehiago lortu izana falta izan zaigula. Punturen bat gehiago lortu izan bagenu ondo legoke. Uste dut Europa mailako lorpenik garrantzitsuena Suitzaren aurkako partidua irabaztea izan zela, izan ere, horri esker laugarren postuan gaude. Oraindik borrokan jarraitzen dugu, oraindik hurrengo fasera pasatzeko aukerak dauzkagulako. Gainerakoan, urte oso ona izan dela uste dugu, Ligan oso maila ona eman dugu, puntu asko lortu ditugu eta nire ustez lehenengo zatia nahiko txukuna izan da.

Eguberrietako atsedena indarrak berreskuratzeko balio izan dizue?
Bai, batez ere, oporren aurreko azken hilabetea nahiko gogorra izan zen, azken zati horretan nahiko denbora geldirik egon ginelako. Horren ostean, partidu asko izan genituen eta uste dugu sei hilabeteren ostean Gabonetako geldialdia ondo etorri zaigula. Etenaldian berriro indarrak hartu ditugu eta bigarren zati on bati ekin diogu.

Urtarrilaren 10ean entrenamenduetara itzuli zineten. Nolakoa izan zen itzulera?
Egia esan, oso ona. Talde mailan ez dugu ia atzeman denbora batez geldirik egon garenik, hasieratik oso entrenamendu onak egin baititugu. Aurreko astean jokatutako partidua, ordea, ez zen guk nahi genuen bezain ondo atera. Hala ere, hainbat gauza lantzeko balio izan zigun. Nire ustez urtarrilak aukera eman digu gauzak landu, geldi egondako denbora berreskuratu eta, etenaldia atzeman gabe, abenduan ginen talde bera izatera itzultzeko. Nik uste bide horretan ondo goazela eta taldea ondo lan egiten ari dela.

Partidu erritmora itzultzeko entrenamendu berezirik egin duzue?
Otsaila oso hilabete gogorra izango da, partidu kopuru handia izango dugula aurreikusten da. Gainera, Errege Kopako kanporaketa orduan erabakiko da eta Europako zenbait partidu ere izango ditugu, denboraldiaren lehen zatian atzeratutakoak berreskuratzeko. Urtarrileko helburu nagusia behintzat abenduan ginen talde bera izatera iristea zen edo, ahal izatekotan, hobeagoa. Helburu nagusia 15 eguneko geldialdi hori ez antzematea zen. Gustura gaude egindako lanarekin, oso ondo entrenatzen ari gara eta datorrenari aurre egiteko guztiz prest gaude.

Otsaileko partidu kopuru handia ikusita, beldur apur bat sentitzen duzue?
Bai, inpresio apur bat ematen digu. Izan ere, aste honetan entrenatzaileak otsaileko antolaketaren plangintza bidali digu eta hilabete osoa partiduz josita dago eta entrenamenduak, berriz, oso gutxi dira. Horregatik, urtarrilean zehar entrenamenduetan egin dugun lana oso garrantzitsua da, gero ezingo baitugu entrenatu. Bertigo apur bat ematen du hainbeste partidu jarraian ikusteak. Nik uste taldea erronkari aurre egiteko prest dagoela. Gainera, partidu oso zailak dauzkagu, tartean Errege Kopako kanporaketa eta nik uste garrantzi berezia eman behar zaiola. Azken urteetan Bidasoa Irunek final-zortziren horretara iristea lortu du eta berriro hala izatea nahiko genuke. Europan atzeratutako partiduetan ASOBAL kopako borroka hor egongo da. Otsaila hilabete gogor bezain polita izango da. Entrenatzea ez zaigu hainbeste gustatzen, partiduak jokatzea bai eta otsailean horretarako aukera asko izango ditugu.

Partidu batzuei besteei baino garrantzi handiagoa emango diezue?
Seguru baietz. Egia da guk partidu guztiak irabazi nahi ditugula, baina ezinbestean partidu batzuk besteak baino garrantzitsuagoak dira. Bidasoa Irun taldea azken urteetan maila gorenean mantendu bada partidu guztiei garrantzi bera eman dielako izan da. Errege Kopako kanporaketa garrantzitsua bada, ezin dugu ASOBAL liga guztiz ahaztu, bigarren postua lortu nahi badugu. Europan gauza bera gertatzen da, sailkapeneko laugarren postura edo gorago iritsi nahi badugu ezin ditugu gainontzeko partidu guztiak ahaztu. Partidu asko izango dira bata bestearen jarrian, baina bakoitzari behar duen garrantzia ematen ahalegindu beharko da.

Hainbeste bidai izanda, nola antolatuko dituzue bidaiak tartean?
Partiduak izango dira gure entrenamendu onenak eta baliagarrienak. Orokorrean, hiru egunetik behin jokatuko dugu eta azken egunean bi egunetik behin izango ditugu partiduak. Tartean bidaiatu eta jokatzeko denbora besterik ez dugu izango. Izan ere, partiduaren osteko egunetan indarrak berreskuratzeko egun batzuk beharko ditugu. Ezinezkoa da atseden garaiak gehiegi kargatzea, partiduek nahiko lan emango digute eta.

Hala ere, lehiara itzultzeko gogoa duzue?
Bai, izan ere, eskubaloi jokalariak bagara kirol honetan jokatzea gustatzen zaigulako da. Entrenamenduak gustatzen zaizkigu, baina partiduak jokatzea askoz gehiago. Alde horretatik, otsaila hilabete polita izango da partidu asko izango ditugulako.

Taldea denboraldi amaierako erronkei aurre egiteko prest ikusten duzu?
Taldea oso gogotsu dago. Oraindik taldea osatzeko jokalari batzuk falta zaizkigu, jokalari batzuk oraindik beren selekzioekin entrenatzen ibili baitira. Jokalari guztiak itzultzen direnean taldeak beste aurrerapauso bat emango duela uste dugu. Urtarrila batzuetan gogorra izaten da, entrenamendu asko izan ohi ditugulako eta partidu gutxi. Beraz, beste urrats bat egiteko gogoz gaude, otsailean sartu eta benetan lehiatzen hasteko.

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude