GURE ATTONA DENARI

DOINUA: Gogoan daukat ez du aspaldi

Egilea: Igauri Lopetegi Amostegi

I
Korapiloan, korapiloan,
denbora luzez gordea,
ahoskatzeko nahiz ta ez izan
beharrezko adorea.
Ahotsa ahul, hankak alferrik,
beso bat guztiz morea.
Aspaldi heldu zen egoeraz
ohartzeko tenorea,
ohartu noski, ohartu gara,
ezin onartu ordea.

II
Sendi euskaldun batean sortu
arren erderaz hezia,
haurrengan alda zitekeela
zinen zinez sinetsia.
Tronpeta jole, kantari, bihotz
biguna bezain hertsia.
Bidasoako seme jatorra,
handik nekez bereizia.
Gizon arrunta izanagatik
guretzat zein berezia.

III
Zu zarenetik nik zenbat bildu
ote nezakeen nigan?
Zure zurezko zenbat ezpata
burdinezkoak bailiran
batera datoz Koxka txakurra,
Mimizan… denak segidan.
Oroitzapenak zer diren ni hau
berbizitzeko desiran:
falta zaizkizun hatz horiekin
sudurra kentzen zenidan.

IV
Pasodobleak, pauso motelak,
baso erdi bete ardo,
lehertzeraino tailerrean lan,
“gaur bazkaltzeko zer dago?”
Musean beti uzten ninduzun
aho zabalik zeharo,
mutikotutan “ama joan da,
tori bi sagardo trago!”
Guzti hau zara zu niretzako,
guzti hau eta gehiago.

V
Zer da adina, gazte garaitan,
Carpe Diem dela zina?
Zer da adina? Helduaroan
Tempus Fugiten samina.
Zer da adina? Orain karga bat,
bizitzeko lana, mina.
Zer da adina? Zenbaki soil bat
behintzat sasoiko bazina,
baina gaur ez da hala: bizitza
ez da herio adina.

VI
Pentsatuz “tira, oraindik ere
egin dezake hobera”
etxean denek gezurra dela
jakinagatik sobera.
Berandu baina noiz ez dakigun
datozen trenen antzera,
azkenaldian agurrak zuri
ataritik so atzera:
egun bakoitza bilakatu da
heriotzaren bezpera.

VII
Kausa ezgauza denez zurea
gurea dugu negarra,
baina, finean, ez al da hori
gelditzen zaigun bakarra?
Agortu zaizu izateari
eusteko azken oldarra.
Ta gorpu soil bat izan baino lehen
orain zarena: oharra;
gorputz batetik hauts bilakatu
arteko bizi hondarra.

VIII
Amorruaren sugarra eta
zure bihotzeko horma,
itzaliko da laster hainbeste
maitatu dugun gizona.
Pentsa ezazu zure pertsona
zenbateraino den ona,
zurea dela joana baina
pena ordea denona.
Besterik ezer ezin dut esan,
agur bihotzez Attona!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude