Zer gertatu zen Irunen orain dela 100 urte?

50299: Uranzu kalea urez bete zen 1933ko ekainaren 16ko ekaitzaren ondorioz eta argazkian kalearen erdian jendea ikusi daiteke txalupa batean.

1922ko otsailaren 5ean argitaratutako “El Bidasoa” aldizkariak orain dela 100 urte Irunen albiste ziren gertaerak biltzen ditu. “¡Así se escribe la historia!” idatzian “El Bidasoa” aldizkariko erredakzioak hauteskundeetan zuhurtziaz eta ahalik eta modu inpartzialenean jardungo duela ziurtatzen du. Jarraian, G. Echeverriak gerren sorrera eta izaeraz hausnartzen du, idatziaren amaieran gatazka belikoen desagerpena eskatzeko. Lehen orrialdearen amaieran, berriz, txaluparien eta txalupetako jagolearen arteko gatazka aipatzen da, gizon eta emakume batek telefonoz izandako eta telefonistak moztutako konferentziaren bitartez.

28967: Irungo fabrikaren barruan pospoloak egiten zituzten emakumeak (XX. mendearen hasiera).

Aldizkariaren bigarren orrialdean kirol kronika ageri da. Kirol berrien artean, egun horretan bertan Atotxan jokatuko den partiduaren nondik norakoak laburtzen dira, irundarrak Donostiako partidura erosotasunez joan ahal izateko tren berezi bat antolatu dela azaltzeaz gainera. Ostean, “Futbolerías” izeneko atalean futbolarekin loturiko hainbat albiste labur biltzen dira. “Aduanerías” titularraren azpian beste behin ere aduanetako langileek bizi duten krisiarekin lotura estua duten gertaerak laburbiltzen dira. Ostean, Isidoro Fagoaga tenore beratarrak bere ibilbide profesionala egonkortze aldera egindako azken urrats garrantzitsuak kontatzen dira. Gainera, aldizkariaren zenbaki honetan “Desaparecido” izeneko liburuaren lehen atala argitaratzen da. Bigarren orrialdearen amaieran, berriz, “De todo un poco” atalean hainbat albiste labur biltzen dira. Bertan Benedicto XV. aita santuaren heriotza dela eta, Irunek omenaldietara egindako ekarpenak zerrendatzen dira, beste gai batzuk aipatu aurretik.

57771: Ezkerrean, Aduanako instalazioak ikusten dira, eta, eskuinean, Irungo trenbide-geltokia (irudia 1906a baino lehenagokoa da).

Aldizkariaren azken aurreko orrialdean “Charlas Femeninas”, hiriko antzokien programazioa, “Notas Municipales”, “Ecos de sociedad” eta “Noticias” atal aski ezagunak kontsultatu daitezke publizitatez betetako azken orrialdearen aurretik.

 

 

 

 

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude