Zer gertatu zen Irunen orain dela 100 urte?

29106: Trena nazioarteko zubia zeharkatzen Bidasoa ibaiaren gainetik.

1920ko urtarrilaren 25ean argitaratu zen “El Bidasoa”aldizkariaren 230. zenbakia. Bertan, hiriaren gaurkotasuna jarraitzen da albiste ezberdinen bitartez. Aldizkaria politikaren inguruko artikulu batekin hasten da, hauteskunde kanpainarekin lotutako txutxumutxuak laburbiltzen dituena. Jarraian, “Arrantzalia” titulua duen idatzi argitaratzen du Txori Txikik. “Aspectos locales” atalean, berriz, hiriko azken gertakarietan erreparatzen da, hau da, azken egunetako eguraldi ona, aguazil eta gauzainen antolakuntzan edo udal bilkuretako eztabaidetan. “Arkalek” Policarpo Balzolaren bizitza eta lana laburbiltzen dituen artikulua sinatzen du aldizkariaren zenbaki honetan.

 48956: Colon pasealekuaren argazkia XX. mende hasieran.

Kirolen sailean Eibar Klubak Real Union taldearen aurka aurreikusitako hitzorduan kale egin eta, bitartean, Santanderreko Racing Klubaren aurka lagunarteko partidua jolastea erabaki zuela salatzen da. Gainera, arratsalde horretan bertan talde irundarrak jokatuko duen hurrengo partiduaren xehetasunak ematen dira. Zenbaki honetan ere Jose Mariscalek Colon pasealekuaren bilakaeraz hitz egiten duen artikulua publikatzen da. Ondoren, hauteskunde kanpainari loturik, “Centro Republicano” alderdian gertatutako zatiketaz hitz egiten da. Horren ostean, trenbideetako langileek haien elkartearen inguruan antolatutako bazkaria aipatzen da, horrekin batera, bazkarira “El Bidasoa” komunikabideko kazetariak gonbidatu izanarengatik eskerrak ematen direlarik. Orrialdearen amaieran, Irunen izandako bisitari batek hiriari egindako kritika publikatzen da.

57772: Karabineroa eta trenbideetako langilea Iparraldeko trenbide alboan. Atzerago, Colon pasealekuko zubia eta Irungo tren geltokia. XX. mende hasierako argazkia.

Hirugarren orrialdean, berriz, “El Bidasoa” aldizkariko zenbaki guztietan errepikatzen diren atal finkoentzako lekua gordetzen da. Horrela, “El Municipio” atalak azken udal bilkuretan hartutako erabakiak biltzen ditu, ondoren, antzokien programazio guztia argitaratzen den bitartean. Jarraian, “Ecos de sociedad” atalaren segidan, “Hace años” edo “Noticias” bezalako ataletako testuak irakur daitezke. Azkenik, hiriko denda eta negozioen publizitate iragarkiekin betetako laugarren orrialde batekin “El Bidasoa” aldizkariaren 230. zenbakia amaitzen da.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude