Urtarrilaren 27an Irungo kirolaren sariak banatuko dira

Urtarrilaren 27an kirolari zein klub irundarren lana errekonozitzeko sariak banatuko dira. Ekitaldia Irungo Kontserbatorio eta Musika Eskolako auditorian egingo da. Sari horien bitartez hiriko emakume, gizon eta klub onenak omenduko dira. Berrikuntza gisa, herritarrek bozkatutako sari berezia banatuko da, herritarrek udal webgunearen bitartez emandako botoen arabera hautatua izango dena.

Sariak banatzeko ekitaldia 19:30etan hasiko da. Borja Olazabal udal kirol ordezkariak adierazi duenez, “Irungo kirolaren festa izatea nahi dugu”. Kirol ordezkariak azaldu duenez, Irun bertako emakume zein gizonen esfortzuari esker historikoki ibilbide garrantzitsua izan duen hiria izan da, kirol esparruan helburu handiak lortzea ahalbidetu duena. Zentzu horretan, “ekitaldi honen bidez, azken urte honetan sona gehien izan duten izenak bildu nahi  ditugu, baina denboraldian zehar hiriko klub guztiek egiten dituzten ahaleginak ere aitortu nahi ditugu”, gaineratu du Borja Olazabalek.

Ekitaldian, gizonezko eta emakumezkoen arteko kirolari onenaren eta klub onenaren sariak banatuko dira. Nobedade gisa, aurten laugarren sari bat egongo da: “Irundarron Saria“. Herri bozketaren bitartez aukeratuko da zein izango den sari berri honen irabazlea, aurretik nabarmendutako hainbat izenen artean. Udalaren webgunean jarritako gune batean, urtarrilaren 14tik 23ra bitartean Irun Txartela duten 16 urtetik gorako pertsonek eman ahal izango dute Irundarron Sariaren irabazlea aukeratzeko botoa.

Urteurrenentzako omenaldia

Halaber, Kirol alorretik baieztatu dutenez, aurten efemeride garrantzitsuren bat ospatu duten klubei aintzatespen berezia egingo zaie sari-banaketan. “2019 urte berezia izan da hiriko hainbat talde mitikoentzat, eta horiek ere hitzordu honetan gurekin izan daitezela nahi dugu”, gaineratu zuen Olazabalek.

 Saio musikatua

Saioa osatzeko, rap saio bat izango da, “oilar borroka” modalitatean; bertan, eskualdeko bi rap abeslarik zuzenean inprobisatuko dute ekitaldia animatzeko. Alex Fernandez irundarra eta Igor Diaz hondarribitarra izango dira protagonistak;rapero horiek San Pedro eta San Martzial jaietan hemengo talentu artistikoari balioa ematen dion jardueran, hau da, San Martzial Gune jaian, egin ziren ezagunak, jaiaren lehenengo edizioan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude