Emakume migratzaileen ikuspuntua aztergai Parean elkarteak antolatutako hurrengo erakusketan

Parean elkarteak Emakume Migratzaileak (AK) Artean erakusketa antolatu du urtarrilaren 17tik 30era. Palmera Montero gunean egingo da erakusketa eta Irungo hirira etorritako 8 emakumeen historia biltzen da bertan. Erretratu eta bertsoen bitartez jatorri ezberdineko irundar hauen parekotasunak agerian jartzeko helburua du erakusketak.

Erakusketaren aurkezpen ekitaldia urtarrilaren 17an, ostiralean, izango da. Ekitaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da Palmera Montero gunean eta erakusketako protagonistak diren emakumeak bertan izango dira. Hortaz gain, proiektuan lan egin duen Gari Garaialde argazkilariak eta Irunabar elkarteko bertsolariak ere aurkezpen ekitaldian parte hartuko dute. Parean elkarteko Miren Lantz kideak azaldutakoaren arabera, “proiektua aberasteko eskualdeko artista eta taldeen arteko lankidetza oinarrizkoa iruditu zaigu”. Lankidetza horri esker, 8 emakume etorkinen bizipenak argazki eta bertsoen bitartez ezagutuko dituzte erakusketara hurbiltzen direnek. Gainera, Lantzek gaineratu duenez, hasiera batean bertsoekin disko bat sor-tzeko asmoa zegoen, baina, proiektua garatzeko lortutako diru-laguntzen kopurua ikusita, ideia hau alde batera utzi behar izan zuten.

Emakume Migratzaileak (AK) Artean erakusketak era askotariko errealitateak bizi izan dituzte emakumeen testigantzak biltzen ditu. Erakusketaren bitartez ahotsa eman nahi izan zaien emakume batzuek kilometro gutxi zeharkatu zituzten iraganean Irunera iristeko eta badira orain dela bost hamarkada baino gehiago etorritakoak. Beste batzuek, ordea, itsaso eta ozeano zabalak zeharkatu zituzten honaino iristeko.

“Proiektua aberasteko eskualdeko artista eta taldeen arteko lankidetza oinarrizkoa iruditu zaigu”

Miren Lantz, Parean elkarteko kidea

Erakusketan Felicianaren historia konta-tzen da, Caceres atzean utzi eta trenari esker Irunera iritsi zen neskatoarena. Raquelek, aldiz, indarkeria matxistak eragindako beldurraren ondorioz Nigeria atzean uztea erabaki zuen. Nati abenturazalea sanferminetara egindako bidaiak bultzatuta etorri zen Euskal Herrira. Gainera, emakume migratzaileen inguruko propiektu honek lau seme-alabaren ama eta laginle porrokatua den Liliana bezalako emakumeen bizitzak ezagutzeko aukera emango du. Guztira, zortzi emakume, zortzi erretratu eta bertsoen bitartez jasotako zortzi historia.

“Emakumeen istorioak, eta emakume etorkinenak bereziki, hauspotzeko ahalegina da proiektu hau”, azaldu dute Parean elkarteko kideek. Azaleko kolore anitzek eta ezberdintasun kulturalen gainetik, erakusketako antolatzaileek kasu ezberdinetan errepikatzen diren sentimendu, gertakari eta bizipenak antzeman dituzte. Izan ere, emakume guzti horiek egindako bidaien atzean desira berbera ezkutatzen da: bizitza duin berri bat topatzeko nahia. Haien bizitza hobetzeaz gainera, emakume horiek egindako bidaia egungo irundarretan ere eragina izan duela nabermendu du Parean elkarteak, haien jakintza eta bizipenak gizartera transmitituak izan diren aldetik. Erakusketa amaitu ondoren, bertan bildutako informazio guztia Irungo hiriaren historiaren parte bihurtzea espero dute antolatzaileek, pixkanaka, hutsuneak bete eta historiaren puzzle erraldoia osatzen laguntzeko asmoz.

Hutsuneen ahotsak
Parean elkarteak azaldu duenez, pertsonen baten joan etorriek hiriaren historia markatzen dute. Zentzu horretan, Aduanak, trenaren etorrerak edota baserritar gune batetik gaur egungo Irungo eraikuntzek hiriren oraina eta geroa baldin-tzatzen dute. Parean elkarteko kideek erakusketaren inguruan azaldu dutenez, “aitortu eta kontatutako historia da hau”. Proiektuaren izaerari dagokionez, Miren Lantz Parean elkarteko kideak adierazi duenez, “Parean elkartetik ideien transmisiorako kultura eta artea elkartzea garrantzitsua dela uste dugu”.

“Parean elkartetik ideien transmisiorako kultura eta artea elkartzea garrantzitsua dela uste dugu”

Miren Lantz, Parean elkarteko kidea

Era honetan, belaunaldi batetik bestera historiaren zabalpenaren itzaletan geldi-tzen diren gertakari eta bizipenak bildu nahi izan ditu Parean elkarteak erakusketa honen bitartez. Izan ere, emakumeek historiari egindako ekarpena bigarren maila batera kondenatu egon da ia beti. Liburuetan ez dituzte emakumeen eginkizunak biltzen eta, are gutxiago, ez dute haien bizipenetan erreparatzen. Ondorioz, emakumeen historia ezkutuan mantendu izan da orain dela gutxi arte. Emakumeen historian galdutako pasarte horien artean aurkitzen dira emakume etorkinen testigantzak, hau da, etorkizun oparo baten bila haien sorterria atzen utzi eta bizitza berri bat hasteko asmoz Irun bezalako hirietara etorri ziren emakumeek bizitakoak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude