Lapitze auzoan kokatutako tailer honetan sortzen dira Alberdi Makilak. Familia negozio honek hiru belaunaldiz eutsi dio euskal makila tradizionala sortzeko prozedurari. Bastoi dotore honen emaitzak lanordu luzeak ezkutatzen ditu. Beñat Alberdik eta Saioa Alberdik, Alberdi familiako hirugarren belaunaldia direnak, kultur ondare hau iraunarazteko lanean jarraitzen dute.
Beñat Alberdik azaldu duenez, artisautzarekiko lotura bere sustraietatik datorkie. Izan ere, Alberdi tailerra 1948. urtean sortu zuen José Alberdi Arrutik, bere aitonak. “Egurrarekin lan egiten zuen bertan, bustoak, heraldika eta egurrezko elementu apaingarriak sortuz”, azaldu du Beñat Alberdik. Beñaten osaba, José Manuel Alberdi, izan zen familiaren tailerrari jarraipena ematen lehena. Iñaki Alberdi, bere neba eta Beñat eta Saioaren aita, tailerrera batu zen eta 1980tik aurrera makila egiteko artea lantzen hasi zen. “Gure aitak bere ibilbide profesional osoa eman zuen makilaren sorreran”, aipatu du Iñaki Alberdik. Erabaki hori hartu zuen Hegoaldean ia desagertzear zegoen ikur bat zen bitartean, Iparraldean eta Frantzia osoan oso ezaguna eta miretsia zelako. Bere semeak azaldu duenez, “produktua asko gustatzen zitzaienez, Iparraldeko artisau batzuekin harremanetan jarri zen makilak egiten ikasteko, eta aurretik zuten ezagutzari esker, poliki-poliki makilak egiten hasi ziren”.
“Gure kulturan makila errekonozimendu adierazpen bat da, pertsona bat maite edo miresten duzula erakusteko edo baita aginte ikurra ere, beraz, ikur kultural bat da”
Hiru belaunaldiren ostean, euskal makila tradizionala sortzeko antzinako prozesua erabiltzen dute oraindik. Beñat Alberdiren hitzetan, “izan ere, hori da produktu hau berezi egiten duena”. 300 urte baino gehiago dituen produktua izanda, antzina egiten zen modu berean egiten dute oraindik. Horrela, bi dira egun Irungo tailer honetan egiten dituzten makila motak. Batetik, makila tradizionalak, eskumuturrean larruzko trentzatu bat dutenak. Bestetik, ohorezko makilak, eskumuturra, metalez egina dutenak. Beñat Alberdik azaldu duenez, “gure kulturan makila errekonozimendu adierazpen bat da, pertsona bat maite edo miresten duzula erakusteko edo baita aginte ikurra ere, beraz, ikur kultural bat da”.
Mizpira abiaburu
Makilak egiteko erabiltzen duten egurra mizpirondoarena da. Beñat Alberdik horrela azaltzen du erabaki honen zergatia: “egur oso gogorra da, baina aldi berean malgua”. Normalean material gogorrak erraz puskatzen badira ere, mizpirondoarekin hori ez da gertatzen. “Gure aiton-amonek jada egur hau aukeratu zuten makilak egiteko, beraz, haiek bezala egiten jarraituko dugu”.
“Egur oso gogorra da, baina aldi berean malgua”
Mizpirondo basatiak erabiltzen dituzte makilak egiteko egurra lortzeko. Horretarako, zuhaitza basoan bizirik dagoela marka batzuk egiten zaizkio. “Behin moztuta makilari ikusten zaizkion erliebeak, zuhaitzean egindako zaurien orbaintzeak dira”, azaldu du Alberdi artisauak. Beñat Alberdik azaldu duenez, “zauri horiek ez ditugu guk zuzenean egiten, guk eragiten ditugu eta naturak sorturiko markak dira”. Zuhaitzaren adarretik igotzen den izerdiak ebakiak saihesten ditu eta makilaren ezaugarri diren marrazkiak osatzen ditu. Zuhaitzen mozketa neguan egiten da.
Zur bera erabili arren, tamalez, Euskal Herrian jada ez dago lehen bezain beste mizpirarik. Beñat Alberdik adierazi duenez, “mizpirondoa baso basatietan hazten den zuhaitza da eta hemen inguruan horrelako geroz eta baso basati gutxiago ditugu”. Beraz, mizpirondoak hemen inguruan aurkitzeko zailtasunak ikusita, Pirinioen magalean dauden basoetara joaten dira mizpira bila. “Gainera, gaur egun egur landaketa txiki bat dugu, non poliki-poliki egurra lortzen ari garen, baina oraindik proiektu bat baino ez da”, erantsi du Beñat Alberdik.
“Zauri horiek ez ditugu guk zuzenean egiten, guk eragiten ditugu eta naturak sorturiko markak dira”
Atalka egiten den lana
Makila bakar baten sorrerak lan asko eskatzen ditu. Ondorioz, ez da egun batetik bestera lortu daitekeen zerbait. Dena den, prozedura hori azkartzeko eta lana errazteko asmoz, Beñat Alberdik azaldu du urtea 3 edo 4 zatitan banatzen dutela, urteko garai bakoitzean lan jakin batean zentratuz. “Pixkanaka makila osatzen duten atal ezberdinak sortzen goaz”, adierazi du Alberdik. Horrela, lana aurreratzeko aukera dute, eskaera bat iristen zaienerako, muntaketa ahalik eta epe motzenean egin ahal izateko.
Behin makila egiteko zura basotik lortuta, tailerrera ekartzen dute. Bertan makilak labe batean sartzen dituzte azala kentzeko. Beñat Alberdik azaldu duenez, “behin azala kenduta, makilak zuzendu egin behar dira eta hori beroari eta prentsa batzuei esker lortzen dugu”. Hori eginda, denboraren joanak du hurrengo urratserako giltza: urteetan zehar idortzen uzten dituzte. Beñat Alberdik adierazi duenez, egurra guztiz menderatzea ez da la makala: “Nahiz eta makilak behin zuzendu, bi urte pasa ondoren makilak beren jatorrizko formara itzultzen dira berriro”. Hortaz, makila berriro zuzentzeko prozedura 3, 4 eta baita 5 aldiz errepikatzea beharrezkoa da. “Beraz, 10 urteko lanaren ostean makila menperatzea lortzen da, makila jada zuzen dagoelako eta ez delako gehiago okertzen”, erantsi du artisauak.
“Pixakanaka makila osatzen duten atal ezberdinak sortzen goaz”
Egurrari merezi duen protagonismoa kendu gabe, badira euskal makila osatzen eta apaintzen duten bestelako elementuak. Adibidez, zorroak, metalez eginak, euskal sinbologiarekin grabatuak daude. Beñat Alberdik azaldu duenez, “zati hauek metalezko txapa batzuk dira, tolestu eta soldatu egiten direnak”. Beraz, artisauak poliki-poliki eta pazientzia handiarekin grabaketa egiteaz arduratzen dira. “Grabaketak egiteko beralak eta mailuak erabiltzen ditugu eta irudiak kolpeak emanez egiten dira, ez dago beste misteriorik”, gaineratu du Beñat Alberdik. Beheko puntakoa berriz, altzairuzkoa izaten da eta lurrarekin kontaktuan dagoen makilaren zatia da.
Eskumuturra berriz, euskal makila tradizionalean latoizko zorro handi bat da eta larruzko trentzatu batekin estaltzen da. Antxumearen larruarekin zerrendak eginez, tutua estaltzeko txirikordatzen dira. Hala ere, ohorezko makilak zilarrezko edo alpakazko heldulekua du. Beñat Alberdik aipatu duenez, “goiko zorroan inskripzioak egiten dira, makila pertsonalitzatzeko leku bat gordez”. Adibidez, norentzat den edo nork oparitua. “Guk atal honetan idazten dugu jendeak eskatzen diguna”, azaldu du Alberdik. Beste batzuek ordea, inskripzio tradizional esanguratsuak jartzea nahiago dute, adibidez, “hitza hitz”. Orokorrean esanahi handiko hitzen bidez egindako eskaintza laburrak izaten dira. Makila produktu herrikoia da, baina errege, aita santu, politikari, artista, kirolari eta abarren eskuetara ere iritsi da.
Makilaren barruan, heldulekuaren azpian ezkutatuta, barruko punta bat du. Ez da ahaztu behar hiru mende baino gehiago dituen produktua dela. “Pentsatzekoa da orain dela 300 urte bidexketan, ez zela arma bezala erabiltzen, baina bai errespetua adierazteko eta salbu egoteko modu gisa”, azaldu du Beñat Alberdik. Pomoa, berriz, adarrezkoa da eta antzina, idi-adarra erabiltzen zen hori egiteko.
“Nahiz eta makilak behin zuzendu, bi urte pasa ondoren makilak beren jatorrizko formara itzultzen dira berriro”
Hortaz hauek dira, behetik gora, euskal makila tradizionala osatzen duten atalak: Puntakoa, zorroa, zura, punta, heldulekua, goiko zorroa eta heldulekua. Atal guztiak eskuz eginak direnez, makila baten fabrikazio prozesuak 5 eta 10 urte artean iraun ditzake guztira. Alberdi tailerrean ordea, lan horiek ordenatuz, denborak optimizatzea lortu dute.
Hemen sortua, kanpoan aintzatetsia
Izenak berak makilaren euskal jatorria agerian uzten badu ere, ez dago bere ibilbidea igartzerik. Izan ere, lekuaren arabera makilari ematen zaion erabilera oso ezberdina da. Beñat Alberdik adierazi duenez, “hemen, Euskal Herrian, makila ikur emozional bat da bertako jendearentzat, beraz, oso opari sentitua da”. Horregatik, benetan kalera edo mendira ateratzeko erabili ordez, Alberdi Makilak paretetan zintzilik geratzen dira.
Hemendik kanpo ordea, makilei bastoi erabilera ematen zaie eta, beraz, bere erabilgarritasuna mantentzen dute. “Horrek harro sentiarazten gaitu, bestela produktuaren bizitza arriskuan egongo litzatekeelako eta makilak erabili ahal izateko eginak daudelako”, gaineratu du Beñat Alberdik. Horregatik, askok uste dutenaren kontra, asko eta asko dira, Alberdi Makilak enpresak Euskal Herritik kanpo saltzen dituen makilak. Beñat Alberdik azaldu duenez, Frantziarrak dira beren bezero garrantzitsuenetarikoak, bertan makila interes kulturaleko ondasun kontsideratzen baita eta oso produktu preziatu da. Horretaz gain, merkatu anglo-saxoitik, Ameriketatik, Ingalaterratik, … eskari asko jasotzen dituzte, beste hainbat herrialderen artean. “Gaur egun, internet eta gure hizkuntza ezagutzei esker, makilak ia edonora bidaltzeko prest gaude”.
Etorkizunerako begirada
Familiak abian jarritako tailer hau martxan mantentzea lortu dute Alberditarren hiru belaunaldik. “Gu hirugarren belaunaldia gara eta Lapitze auzoan jarraitzen dugu, aitonak egindako etxean eta tailerrean”, aipatu du Beñat Alberdik.
“Hemen, Euskal Herrian, makila ikur emozional bat da bertako jendearentzat, beraz, oso opari sentitua da”
Etorkizunera begira, Beñat Alberdik ez du arriskuan ikusten euskal makilaren biziraupena, izan ere, “hau ez da moda kontu bat”. Artisauak azaldu duenez, 300 urte baino gehiagoren ostean mantendu den zerbait izan da, etorkizunean ere hala izango da edo hori espero du berak behintzat. Alberdi tailerraren etorkizuna ordea, ez dago hain argi. Beñat Alberdiren hitzetan, “beldurra ematen diguna da gu hemen ez gaudenean, ea norbaitek lan honi jarraipena emango ote dion”. Hain zuzen ere, ez dira asko benetako euskal makila tradizionala eskuz egiten dutenak. “Hegoaldean gu gara bakarrak eta iparraldean bizpahiru gehiago daude”, erantsi du artisauak. Beñat Alberdik azaldu du berak bi alaba dauzkala eta etorkizunak esango duela ea bietakoren batek edo biek makilak egiten jarraitu nahi duten. “Hori beraiek aukeratu beharreko zerbait izango da”, adierazi du Beñat Alberdik. Izan ere, makilagintza hautu bat baino gehiago da, pasio bat da.
“Beldurra ematen diguna da gu hemen ez gaudenean, ea norbaitek lan honi jarraipena emango ote dion”
Alberdi tailerra
Alberdi tailerra José Alberdi Arrutik Irunen sortu zuen 1948an. Azpeitiko Azkue altzari fabrikan ikasi zuen egurra zizelkatzen. Espainiako gerra zibila amaituta, bere familiarekin Irunera bizitzera etorri zen eta Lapitze auzoan eraiki zituen bere etxea eta tailerra. Egurrezko altzariak zizelkatzen hasi zen, baina, denborarekin euskal irudi tipikoetan espezializatu zen. Bere seme José Manuel Alberdi eta Iñaki Alberdi aritu ziren berarekin lanean, ohitura zaharren tradizioari eutsiz. 1980an Iñaki Alberdi, bere semea, makila egiteko arteari dedikatzen hasi zen eta gaur egun haren seme-alabak, Beñat eta Saioa dira Alberdiko artisauen hirugarren belaunaldia.
Elkarrizketaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai.