Parean elkarteak eta Elikaeskolak indarrak batu dituzte presio estetikoak gizartean duen eraginaz ohartarazteko. Hitzaldi programa bat antolatu dute horretarako, martxoan hasi, eta ekainean amaituko dena. Guztira, lau hitzaldi egingo dira, hilabeteko bigarren asteartean, 18:30ean Palmera Monteroko bigarren aretoan.
Elikaeskolak 2020an sortu zuen presio estetikoak osasun fisiko eta mentalean duen eraginaz hausnartzeko hitzaldi programa hau. Nutrizioa eta psikoterapia batuz, elikadura portaeren nahasmenduak eta patologia digestiboak tratatuz ezagutu dituzten egoerek piztutako kezka islatu eta jorratu nahi izan dute. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, ez da izenik eman behar hitzaldietan parte hartzeko. Azalpenak euskaraz izango dira, baina pantailan gaztelaniazko aurkezpenek lagunduko dute solasaldia.
Hitzaldien helburua batez ere emakumeek jasaten duten indarkeria estetikoaz edota elikadura nahasmenak detektatzeko klabeak partekatzea izango da. Era berean, gorputz perfektuaren mitoaz hausnartuko dute, bai eta jasaten duten presio estetikoak negozioa ala osasuna ote dakarren ere. Azken batean, dieten eta pisu idealaren gainetik, benetan elikadura osasuntsua zer den azaltzen saiatuko dira Elikaeskolako kideak.
“Gure ustetan oso garrantzitsua da ulertzea askotan,
obesitatea edo gainpisua eta elikadura nahasmenduak batera etortzen diren entitateak direla”
Jone Larrañaga, Elikaeskola
Kezkatik sortutako proiektua
Elikaeskolako kideek lehen hitzaldiaren aurkezpenean azaldu zutenez, osasun inkesta nazionalek erakutsi dute obesitatea eta gainpisua gorakadan daudela. 2017an Euskadin adingabeen % 11,1ek obesitatea zuen, 2006. urtetik bikoiztu egin den zifra bat; % 13,6ak aldiz, gainpisua. Nahiz eta oraindik zifra ofizialik ez ezagutu, pandemiaren ostean egoerak okerrera egin duelakoan daude.
Arazo honen aurrean erakundeen erantzunarengatik kezkaturik daude Elikaeskolan. Izan ere, martxan jarritako zenbait estrategia, adibidez, 2017an Osakidetzak sortutako SANO programa, elikadura eta ariketa fisikoan zentratzen dira soilik. “Estatistikek aspaldi argi utzi dute, ordea, obesitatea ez dela horren xinplea eta ez dela konpontzen gutxiago janda eta gehiago mugituta edo ez behintzat, horri bakarrik garrantzia emanez”, azaldu du Jone Larrañagak.
Are gehiago, Osakidetzak pandemiaren ostean emandako datuen arabera, pandemiaren ostean, 2022an elikadura portaeren nahasmenduengatik lehendabiziko kontsultak % 72,6 areagotu dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Ondorioz, Elikaeskolan arduragabekeriatzat jotzen dute aurretik aipatutako estrategiari eustea. “Hau da benetan kezkatzen gaituena”, adierazi zuen aurkezpenean Garazi Lizarragak.
Errealitate ezezaguna
Elikaeskolatik azaldu dutenez, gizartean oro har, behin eta berriz bereizten diren problematikak dira. Alde batetik, obesitate eta gainpisua daudela dirudi, eta bestetik elikadura nahasmenduak, elkarren artean zerikusirik edo harremanik izango ez balute bezala. “Gure ustetan oso garrantzitsua da ulertzea askotan, obesitatea edo gainpisua eta elikadura nahasmenduak batera etortzen diren entitateak direla”, erantsi zuen Jone Larrañagak. Elikaeskolako kideen hitzetan, egunerokotasunean, ikusten dutenaren arabera, edozein dieta murriztatzailek, adibidez digestiboki ez gaudelako ongi, gainpisua/obesitateari aurre egiteko, edo edozein kontestu dela eta, eragin negatiboa du osasun mentalean eta ongizate emozionalean. Eta zer esanik ez osasun sozialean eta familian. Hain zuzen ere, murrizketek antsietatea, janariarekiko obsesioa, elikagaiekiko beldurrak eta gorputzarekiko insatisfakzioa areagotu ditzakete, eta horrek elikatze-jokabidearen nahasteak eragin edo larriagotu ditzake.
Gaur egun dieta egitea oso errotuta dago eta ondorioz, elikagai baimendu edo debekatuak markatzea, otorduak konpentsatzea, besteen gorputzari buruzko komentarioak egitea, estetikarekiko presio konstantearekin bizitzea… Elikaeskolakoen iritziz “guzti hau normalizatuta dago eta ez gara konturatzen horrek osasuna kentzen digula”.
Ziklo baten hasiera
Hitzaldi zikloaren barneko lehen ekitaldia martxoaren 11n egin zen. Eli Gallego eta Jone Larrañagak gidatutako hitzaldian indarkeria estetikoa eta lodifobia izan ziren hizketagai nagusiak. Elikaeskolako kideek lehen hitzaldirako hautatutako gaian sakondu zuten, erroetara iritsi eta arazo honen atzean dauden arrazoiak eta zergatiak azaltzeko. Horretarako, gaiarekin loturiko hitzak eta kontzeptuak definitu eta argitu zituzten lehenik, gizena izatea eta gizen egotea ezberdinduz. Esaterako, Jone Larrañaga gizarteak orokorrean pisua irabazteari dion beldurraz aritu zen, pisu galera, edozein arrazoi dela eta, beti ondo ikusi den bitartean.
“Kasu askotan arazoa ez da gorputza, baizik nola begiratzen zaion”
Eli Gallego, Elikaeskola
Azken batean, egun gizartearen ereduak eta estereotipoak noraino iristen diren aztertu zuten bertaratutakoekin. Ondorioz, sarri gorputz perfektuaren bilaketan, gorputz horri atxikitzen zaizkion ideiak eta uste okerrak daude. Beraz, Eli Gallegok aipatu zuenez, “kasu askotan arazoa ez da gorputza, baizik nola begiratzen zaion”. Ondorioz, gizartearen begirada aldatzearekin batera, diskurtsoa aldatzeko garrantziaz mintzatu ziren.
Hurrengo hitzorduak
Bigarren hitzordua, berriz, apirilaren 8an izango da, elikadura nahasmena detektatzeko gakoei buruz hitz egiteko. Maiatzaren 13rako “Gorputz perfektua osasuna ala negozioa? Presio estetikoaren eragina” hitzaldia antolatu dute. Azkenik, zikloa ekainaren 10ean itxiko dute “Dietak, pisu ideala… Zer da elikadura osasuntsua?” izenburuko hitzaldiarekin.
Elikaeskolatik aurreratu dutenez, ez da egia konstantziaz eta esfortzuz nahi den gorputza lortzerik dagoenik. Eli Gallegok azaldu duenez, “idealtzat saltzen diguten eta hainbeste irrikatzen dugun gorputz hori, gehienetan lortzen ezinezkoa da, ez baita soilik ondo elikatuz eta ariketa fisikoa eginez lortu daitekeen zerbait”. Gallegok aipatu zuenez, ideia hau barneratzeko, gorputz ideiaren dolua gainditu behar izaten da, askotan erraza ez den zerbait. Horregatik, ziklo honi esker gizartearen jabetzea bilatzen dute, jendeak jakin dezan jokabide eta ideia desegokiek zenbateraino kaltetu dezaketen bizi kalitatea.
Azken batean, Elikaeskolakoek azaldu dutenez, beraiek ezagutzen duten errealitatea hemen inguruak izan arren, ez da Bidasoa eskualdera soilik mugatzen den arazo bat. Are gehiago, zerbait berria denik ere ukatu dute. Edertasun estandarrak aspaldi sortutako kontua diren aldetik, gorputzarekiko insatisfakzioa luzaro hedatu den arazoa da. Konponbidea, konplexua izan arren, pentsamendu eta erantzun aldaketen bitartez lortu daitekeen zerbait dela defendatzen dute.



