Urtero azaroan milaka lagunek egiten dute Irungo Behobia auzoaren eta Donostiaren arteko bidea. Horien artean, asko emakumeak dira, gero eta gehiago gainera. Zehazki, % 31,8 emakumek eman dute izena aurtengo lasterketan. Azken urteetan, batez ere, ahalegin berezia egin da lasterketan emakumezkoen parte-hartzea sustatzeko, lehenbailehen benetako berdintasunaren helmugara iritsi eta helburua gogobetetasunez zeharkatzeko.
Une hori iritsi bitartean, asko dira espiritu berezia duen lasterketa honetan beren lekua aurkitu edo egin behar izan duten emakumeak. Izan ere, askotariko emakumeak batzen ditu kirol proba honek. Esaterako, Sara Villasante kirolari aparta, iazko lasterketan bigarren izan zen iraupen lasterkaria. Baina badira ere, lasterketetan hasiberriak izan arren, Behobia-Donostian parte hartzera animatzen diren emakumeak. Horientzat Biziki eta Anerenak taldeen laguntza ezinbestekoa da, esfortzutik maila honetako erronka bati aurre egiten ikasteko. Korrika talde horietan Susana Ruiz eta Ane Bayore prestatzaileen babesa jasotzen dute, ezinezkoak posible egiteko. Eta hori guztia, B/SS 50/50/25 proiektuaren aterkipean, Fortuna kirol elkarteak lasterketan emakumeen parte-hartzea sustatzeko proiektuan.
B/SS 50/50/25
Fortuna kirol elkarteak 2018. urtean hasi zuen proiektu hau eta aldaketak eragin ditu lasterketan bai kanpora zein barrura begira. Fortuna elkartetik adierazi dutenez, “kirol elkarte bezala urteak daramatzagu berdintasunaren gaia kirolean lantzen”. Behobia-Donostia lasterketa integratzailegoa izate aldera, erabaki txiki-handiak hartu dira. Fortuna elkartetik azaldu dutenez, elitezko emakumeen irteera aurreratu da telebistaz ikusarazteko. Bestetik, “webgunean argitaratzen ditugun argazki eta bideoetan ere zaintzen dugu mota guztietako, ez bakarrik eliteko, emakumeen presentzia”, gaineratu dute Fortuna elkartetik.
“Proiektua hasi zenetik, hazkuntza izan da urtero emakumeen parte–hartzean”
Fortuna Kirol elkartea
Keinu txiki horiek fruitua ematen hasi dira eta zifrek hala erakusten dute. Fortuna kirol elkartetik adierazi dutenez, “proiektua hasi zenetik, hazkuntza izan da urtero emakumeen parte-hartzean”. Are gehiago, belaunaldi berriak dira joera aldaketa horren gidari nagusiak. Izan ere, Fortuna Kirol elkartetik baieztatu dutenez “gaur egun 21-30 urte bitarteko emakumeak dira gehiengoa eta hori kalean ere nabaritzen dugu”. Proiektua ordea, zenbakietatik haratago doa, egun denek legez eskubide berdinak izan arren, egun oraindik berdintasun erreala lortzea ekiditen duten muga sozialak daudelako. Horregatik, Fortuna kirol elkartetik azpimarratzen dute, “hurrengo belaunaldien eredua gaur egungo parte-hartzaileak dira”. Beraz, zenbat eta normalizatuagoa egon emakume batek 20 kilometrotako lasterketa bat egitea, orduan eta errazagoa izango da gaztetxoek erronka hori naturaltasunez hartzea.
Fortuna klubak gizartean eta etxean jasotako eredu eta hezkuntzan ikusten ditu berdintasunezko lasterketa bat lortzeko zailtasun nagusiak. Fortuna elkartetik gogoratu dute, 80ko hamarkadan kaletik korri egiten zuten emakumeek irainak jasotzen zituzten gizarte batean gauzak ez dira egun batetik bestera aldatzen. Hortaz, “aldaketa eredu eta pentsamolde berrien bidez lortuko da soilik”, gaineratu dute Fortuna kirol elkartetik.
“Hurrengo belaunaldien eredua gaur egungo parte–hartzaileak dira”
Fortuna Kirol Elkartea
Proiektuaren helburuari dagokionez, Fortuna kirol elkartetik adierazi dutenez ezinezkoa dirudi 2025ean parte-hartzaile zifrak guztiz berdintzea. Fortuna kirol elkartetik azaldu dutenez, “% 24an geunden 2018an eta orain % 32an, beraz, 2025an ziur % 50tik gertuago egongo garela”. Belaunaldi berriekin tarte hori azkarrago ixtea espero dute. “Bestalde, oso pozik gaude gizarteak mezua oso ondo hartu eta ulertu duelako eta horrek balio handia du guretzat, adierazi dute Fortuna kirol elkartetik.
Biziki
Antropologia adituek egindako ikerketek erakutsi dute Behobiara datozen emakume asko korrika egiten hasi eta lasterketak prestatzeko taldeetatik datozela. Hori ikusita, Fortuna elkartetik Biziki proiektuari bultzada berri bat ematea erabaki zuten, taldeek jendea kirolera atxikitzea laguntzen dutelako, eta Bidasoa Atletiko Taldearekin elkarlanean ari dira horretarako. Fortuna elkartetik adierazi dutenez, “Urtebete pasa da ordutik eta oso pozik gaude, zeuden taldeak indartu eta berriak sortzen ari dira, azkenak Tolosan eta Eibarren.
“Oso garrantzitsua da gorputza pixkanaka indartzea eta entrenatzea”
Susana Ruiz, Biziki taldeko entrenatzailea
Susana Ruiz Irungo Biziki taldean entrenatzailea da. Entrenatzaileak adierazi duenez, “Biziki taldeak maila guztietara bideratutako entrenamendu talde mistoak dira, hasiberrietatik hasi eta maila aurreraturaino”. Susana Ruizek azaldu duenez, talde hauen parte hartzaileen % 80 emakumeak dira. Susana Ruizek azaldu duenez, Behobia-Donostia mailako lasterketa bati begira prestakuntza oso garrantzitsua da. Entrenatzaileak azaldu du, erritmoa alde batera utzita, horrelako lasterketa bat ez dela hilabete batetik bestera prestatzen: “oso garrantzitsua da gorputza pixkanaka indartzea eta entrenatzea”. Entrenamenduak bakoitzaren gaitasunetara egokitzeko beharra azpimarratu du Susanak, ez soilik emakume eta gizonen aldearengatik, baizik eta genero bakoitzaren barnean maila ezberdinak egon daitezkeelako. Entrenamenduak taldeka egiteak ere bere onurak ditu korrikalarientzat. “Taldean antolatuta, entrenamenduak askoz ere gustagarriagoak dira, eta eguneroko erronka txikiak ez dira hain latzak”, aipatu du Susana Ruizek.
B/SS 50/50/25 proiektuaz galdetuta, Biziki taldeen helburuarekin bat datorrela azaldu du Susanak, kirolean emakumeen parte-hartzea sustatzea bilatzen baitu. “Helburua anbizio handikoa bada ere, jende asko mobilizatzea eskatzen baitu, uste dut Biziki bezalako ekimenei esker errazagoa izango dela horren lorpena”, erantsi du Susana Ruizek. Berdintasun hori benetakoa izan dadin, beharrezkoa izango da emakumeak laguntzen eta motibatzen jarraitzea.
“Biziki taldeak maila guztietara bideratutako entrenamendu talde mistoak dira, hasiberrietatik hasi eta maila aurreraturaino”
Susana Ruiz, Biziki taldeko entrenatzailea
Biziki taldeak Irunen bi talde ditu. Lehena, astelehen eta asteazkenetan goizetan, 9:15etik 10:15era. Bigarrena, astelehen, asteazken eta ostegunetan, arratsaldeetan, 18:00etatik 19:00etara. Susana Ruizek korrika egiten hasi nahi duten horiek Biziki taldeetara batzera animatzen ditu. “Aurretik kirolik egiten ez zuen jendeak, taldean kirola egiteaz gozatzea lortzen dugu”, azaldu du Susanak.
Anerenak Emakumezkoen Running Taldea
Izenak ondo erakusten duenez, Anerenak Ane Bayoren ekimenez sortutako proiektua da. Emeki elkartearen laguntzarekin, emakumeen artean korrika sustatzeko talde bat sortzea erabaki zuen. Proiektua pixkanaka handitzen joan da eta lau urteren ostean, jada 20 neska inguru dira taldean.
“Gure taldean sasoi eta mota guztietako neskentzako lekua dago”
Ane Bayo, Anerenak Emakumezkoen Running Taldea
Iaz Anerenak taldeko 6 emakumek Behobia-Donostia lasterketan parte hartu zuten eta aurten 10 izango dira. “Lasterketa herrikoia izan arren, proba zorrotza da eta prestakuntza luzea eskatzen du”, azaldu du Ane Bayok. Horiek hastapen taldeetan hasi ziren eta entrenatzaile gisa oso pozgarria da horrelako lasterketa bat egiteko gai izan direla ikustea. Horregatik, kirolaz gain, osasuna ere asko zaintzen dute. “Emakumeek gure gorputza entzun behar dugu, adibidez, ziklo menstrualak gure entrenamenduak baldintzatu ditzakeelako”, azaldu du Ane Bayok.
Ane Bayok emakumeen kirol taldeen garrantzia azpimarratu du. “Kirolean emakume eta gizonen bilakaera ez da berdina, horregatik garrantzitsua iruditu zitzaidan emakumeen talde bat sortzea”, azaldu du Bayok. Gainera, taldeko nesken arteko babesa indargune handia ere bada. Ane Bayoren hitzetan, “entrenamenduetatik harago, talde sozialak dira eta oso harreman estuak sortzen dira kideen artean”. Horrela, entrenamenduekin jarraitzeko motibazioa handiagoa da.
“Emakumeek gure gorputza entzun behar dugu, adibidez, ziklo menstrualak gure entrenamenduak baldintzatu ditzakeelako”
Ane Bayo, Anerenak Emakumezkoen Running Taldea
Anerenak taldeko nesken entrenamenduak Hondarribiko jostaldi pilotalekuan hasi ohi dira. Astelehen eta asteazkenetan entrenatzen dute 18:30etik 20:00era. “18:30etik 19:00etara entrenamendu funtzional txiki bat egin ohi dugu core, lesioen prebentzioa eta lasterketako teknika lantzeko, running munduaren funtsezko alderdiak baitira”, aipatu du Ane Bayok. Horretaz gain, Anek animaturik, taldeko neskek bestelako entrenamenduak edo irteerak proposatzen dituzte elkartzen jarraitzeko. “Gure taldean sasoi eta mota guztietako neskentzako lekua dago”, azpimarratu du Ane Bayok.
Sara Villasante
Sara Villasantek iaz parte hartu zuen lehen aldiz Behobia-Donostia lasterketan. 1:14:28 denborarekin lasterketaren helmuga zeharkatzen bigarrena izan zen, espero gabeko emaitza lortuz. Sara Villasantek azaldu duenez, “lasterketara iritsi nintzen ia 20 kilometroak prestatu gabe eta aldapetan entrenatu gabe”. Horrela, lasterketaren egunean, kilometro bakoitzaz, giroaz eta gehien gustatzen zaiona egiteaz gozatzea erabaki zuen, bere mailarekin top 10 batean egon zitekeela jakinda. “Beraz, nire bigarren postua garaipen bat baino gehiago izan zen niretzat, kirolaz eta kirolaz kanpoko mailan”, gaineratu du Sara Villasantek.
“Korrika egitea ez da sasoiari eusteko modu bat bakarrik, norberarekin konektatzeko modu bat ere bada”
Sara Villasante, 58. Behobia-Donostian bigarren emakumea
Aurten ordea ez du lasterketaren 59. edizioan parte hartuko. Apirilean, Akileseko edema batengatik korrika egiteari utzi behar izan zion, eta lesio horretatik sendatzen ari zela, sakroan haustura bat izan zuen. “Gaur egun, azken bi asteetan, 4 egunez korrika egiten saiatu naiz, oso leun, eta badirudi dena ondo doala, baina kontu handiz jarraitzen dut”, adierazi du Villasantek. Beraz, aurten inbidia handiz, lasterketa espaloitik biziko du, korrikalariak disfruta dezaten animatuz.
Hala ere, hurrengo edizio batean itzuliko dela argi du eta gainera, ahal bada, indartsuago. Donostiarra izanda, proba berezia da berarentzat. Sara Villasanteren hitzetan, “iaz arte ez nuen barrutik bizitzeko esperientziarik izan, eta sinestezina izan zen”. Lasterketa bat izatetik harago, festa handi bat dela adierazi du.
Sara Villasantek adierazi duenez, kirolaren praktika emakume zein gizonengan bultzatzeko beharra ikusten du: “korrika egiten duen mundu bat mundu hobea dela uste dut”. Zentzu horretan, 50/50/25 proiektua ezagutzen du eta running eta kirol munduan horrelako proiektuak oso beharrezkoak direla uste du, kirolaren bidez gizartean eraldaketa esanguratsuak lor daitezkeelakoan. “Korrika egitea ez da sasoiari eusteko modu bat bakarrik, norberarekin konektatzeko modu bat ere bada”, erantsi du Sara Villasantek.
“Nire kasuan, txikitatik sustatu da etxean kirola egitea, eta uste dut hori funtsezkoa dela”
Sara Villasante, 58. Behobia-Donostian bigarren emakumea
Berdintasunerako bidean, etxean jasotako ereduak duen garrantzi azaldu digu Sara Villasantek. “Nire kasuan, txikitatik sustatu da etxean kirola egitea, eta uste dut hori funtsezkoa dela”, adierazi digu Villasantek. Horretaz gain, emakumeen kirola ikusarazteko emakumezko kirolarien erreferenteak eredu gisa nabarmentzea garrantzitsua ikusten du. Sare sozialek zeregin horretan egin dezaketen ekarpena aipatu du. Adibidez, Oysho Community egitasmoa aipatu du, Espainiako hainbat hiritan aurrez aurreko eta asteroko entrenamenduak antolatzen dituena. Bere kasuan, berriro korrika egiteaz gozatu ahal izateko, errekuperazioan zentratua dago orain, noizbait berriro korrika egiteaz gozatzeko.
Erreportaje honek Behobia-Donostia lasterketarekin eta emakumeen parte-hartzearekin loturiko 4 adibide biltzen ditu. Milaka dira, ordea, urtero lasterketa hau bizipen eta erronka pertsonalez betetzen duten pertsonak. Aurrerantzean testigantza horien artean emakume ahots gehiago izango direlakoan, azaroaren 10ean egingo ditu lasterketak berrogeita bederatzigarrenez Irun eta Donostia arteko 20 kilometroak.