Sara Villasante, korrikalaria: “Niretzat atletismoa hobby bat da eta nire helburua disfrutatzea da”

Sara Villasante Bidasoa Altetiko Taldeko korrikalaria da. Azkenaldian emakumeen sailkapenean Txingudi Korrika irabazteaz gain, Donostian egiten den hiru hondartzetako lasterketa irabazi du. Etxeko probetan aritu ostean, orain Valentziako 10 kilometroetako lasterketaren prestaketan zentratua dago. Kirolaria bere hurrengo kirol hitzorduez eta erronkez mintzatu da.

Azken lasterketetan emaitza onak lortu dituzu, Txingudi Korrika irabazteaz gain, hiru ondartzen lasterketa irabazi duzu?
Bai, egia esan oso pozik nago. Hiru Hondartza eta Txingudi Korrika lasterketak oso gogoko ditut. Gainera, bietan denbora ona lortu nuen eta eguraldi ona egin zuen.

Txingudi Korrikan, emakumezkoen lehen postuaz gain, lasterketako errekorra lortu zenuen, ezta?
Bai. Gainera, aurten lasterketa lehen aldiz homologatu dute eta berezia da nire klubak antolatzen duelako. Hendaian hasten da, Irundik igarotzen da eta Hondarribian amaitzen da. Ez da 10 kilometroko marka egiteko lasterketa aldapa asko dituelako, baina oso ibilbide polita du. Hortaz, helburuak beste batzuk dira, lasterketaz gozatzea zure jendeaz inguraturik. Lasterketan zehar oso ondo aurkitu nintzen eta errekor berria lortzeko aukerak ikusi nituenez horretan saiatu nintzen. Beraz, dena primeran atera zen.

Donostiakoa izanda ere, Bidasoko eskualdearekin lotura estua duzu.
Txiki txikitatik Bidasoako taldeko atletekin harreman oso ona izan dut eta urte batzuk geroago, 14 urterekin, talde horretan entrenatzen hasi nintzen. Ibon Muñoz izan dut entrenatzaile eta niretzako bigarren aita bat bezala da. Irunen Donostiarra naizela gogoratzen didate eta Donostian aldiz, ia Irundarra naizela.

Orain hurrengo lasterketen prestaketan zentratuko zara?
Orain pista estaliko denboraldira begira nire helburua da urtarrilean Valentziako 10 kilometroko lasterketa egitea, horrela distantzia horretan nire marka pertsonala jaisteko. Donostiako 15 kilometroko lasterketan lagun batekin parte hartuko dut, baina ez naiz marka bila joango, lagunari kilometroa 4,15ean egiten lagunduko diot. Oraindik ez dut beste lasterketarik buruan, baina ziur besteren batean parte hartuko dudala.

Txapelketek ere entrenamendu bezala balio dute zuretzat?
Bai, horrela da. Txapelketak entrenamenduak bezalakoak dira eta batzuetan emaitza oso onak lortu ditzakezu, entrenamenduetan bezala. Oraingoan bide batez lagun bati laguntzea erabaki dut. Niretzat atletismoa hobby bat da eta nire helburua disfrutatzea da. Horrela, lasterketaren aitzakia hartuta nire lagunarekin ondo pasatzeko aukera baldin badut eta gero bazkaltzera baldin bagoaz pozik gerazen naiz.

Atletismoak bakarkako kirola dela ematen du, baina ondo pasatzeko aukera ere badago, ezta?
Azken batean, lasterketaren egunean zuk bakarrik parte hartzen duzu, zure dortsalarekin. Baina, entrenamenduetan edo beste edozein unetan arreta ipintzen baduzu beti ikusiko duzu taldeko lana. Serieak egiterakoan batak besteari laguntzen diogu edo baita lasterketan zehar ere. Gainera, lasterketan bertan zure taldeko jendea edo lagunak egon ohi dira eta horiek animo asko ematen dizkizute. Nik normalean bakarrik entrenatzen dut, baina horrek ez du esan nahi bakarrik sentitzen naizenik.

Zeintzuk dira zure helburuak aurtengo denboraldirako?
Printzipioz Valentziako lasterketan zentratuko naiz. Martxoan Laredon 34,11 denbora egitea lortu nuen. Beraz, Valentzian denbora hori jaitsi ahal izatea gustatuko litzaidake eta denbora hori jaisteko entrenatuko dut. Gero ikusiko dugu zer ematen duen denboraldiak. Argi dut aire zabaleko denboraldian parte hartuko dudala, izan ere gure kluba sailkapenean maila gorenean dago eta argi dut beraiekin batera lehiatuko naizela, emaitza onenak lortze aldera. Urtarriletik udara ez dakit zer egingo dudan, ea deskantsu bezala pare bat aste hartuko ditudan edo zer. Valentzian gertatzen denaren arabera erabakiko dut hori. Pistan ziur lehiatuko naizela eta taldekako txapelketetan parte hartuko dut. Indarrak eta burua orain Valentzian zentratuak ditut.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude