Irungo Udalak jakinarazten du astelehen honetan hasi direla Santa Elena ermita hobetzeko lanak. Goiz honetan ekin diete lanei, erromatarren garaiko nekropoli bat daukan aztarnategia eta taillaketak babestuta. Aurreikuspenen arabera, aste honetan bertan hasiko dira argiztapena berritzeko lanak ere.
Proiektuak zenbait helburu ditu, besteak beste teknologia berriak txertatzea San Elena ermitako erakusketan, espazioaren egoera hobetzea bisitarientzat eta eremua irisgarriago egitea, aldarea eta eraikinaren sarbide nagusia lotzeko pasarela bat eraikita. Obrek bi hilabete eta erdiko iraunaldia izango dute gutxi gorabehera, eta ZETABI Arkitektura Bulegoko Aitor Zubia Azkue arkitektoak zuzenduko ditu. Esperientzia handia dute ondareko esku-hartzeetan, hala nola Artzain Onaren katedraleko dorrea berritzea, Bergarako San Pedro eliza birgaitzea edo Zeraingo kiskalketa-labeak zaharberritzea.
Lan hauei esker, aurki Oiassoko nekropoliaren 3D-ko birsorkuntza ikusteko aukera egongo da Santa Elena ermita-museoan. Espazioa egokitzeko lanetan instalazio elektrikoa eta argiztapena berrituko dira eta komun bat instalatuko da sakristian. Ermitaren irisgarritasuna ere hobetuko da, ate nagusitik aztarnategira sartzeko aukera emango baita. Horretarako, plataforma edo pasarela bat eraikiko da bertatik aldareraino. Plataforma horri esker, gainera, bisitariek gertutik ikusi ahal izango dituzte aztarna arkeologikoak. Jarduketa horien guztien helburua da Irungo ondare historiko eta arkeologikoaren harribitxi horretara joaten diren bisitarien esperientzia hobetzea.
Esku-hartze hau inguruan egin egin asmo diren beste batzuei batu behar zaie: aztarnategiaren sarbidea den Ermita kalea berritzeko proiektua, gaur egun mahai gainean dagoena, edota Santa Elena eta Urdanibia plaza lotzeko uneotan martxan diren obrak.
Arkeolan Fundazioaren eskutik (Oiasso erromatar museoaren erakunde esleipenduna), jarduketa honek Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntza jaso du, Santa Elena ermita babes bereziko ondasun kulturalaren balioa aitortzeko eta ezagutzera emateko. Proiektuak 176.685,00 €-ko aurrekontua du.
Lanak abenduaren 2ra arte luzatuko dira gutxi gorabehera. Ordura arte, ermita itxita egongo da, eta ez da bisita gidaturik egingo.
Gune sakratua hogei mendez
Santa Elena ermita erlijio-kontuetarako erabili da 2.000 urtetan. Hasieran, Oiassoko biztanleen nekropolia edo hilerria izan zen, eta bertan egiten ziren hileta-gurtzak. Errautsak gordetzeko 106 urna aurkitu dira bertan, bai eta harrizko hiru mausoleoren aztarnak ere. Aurrerago, X. mendean, eliza txiki bat altxatu zuten bertan, erromatarren garaiko eraikinetako bat aprobetxatuta. Eliza txiki hori XIV. mendean eraitsi zuten, eta beste bat eraiki, berriagoa. XVI. mendean osatu zen gaur egun duen tamaina erdietsi arte. Ermita 313. urtean kristautasuna baimendu zuen Konstantino enperadorearen amari eskainia dago. Jesus Nazaretekoa gurutziltzatu zuten egurrezko gurutzearen hondarrak aurkitzeagatik santutu zuten Elena.
Irungo Santa Elena ermita euskal ondare kulturalaren babes bereziko kultur ondasun gisa sailkatua dago (6/2019 Legea, maiatzaren 6koa, Euskadiko Kultur Ondasunarena, lehen xedapen gehigarria) eta, urtarrilaren 10eko 2/2012 dekretuaren bidez, monumentu-multzoa eta Done Jakue bidearen eraikin atxikia ere bada.