Kirol azpiegitura guztiek behar izaten dituzte mantentze lanak. Denborarekin, erabileraren ondorioz, hondatu egiten dira. Saihestu ezineko prozesua da hori. Kirolariak izaten dira lehenak degradazioa nabaritzen. Baina konponketak ere, beste inork baino gehiago eskertzen dituzte. Stadium Galen, Arretxe-Ugalden, Plaiaundin eta Santiagotarrak elkartean, berrikuntza nabariak topatuko dituzte oporretatik bueltan. Konponketak egiteko baliatu baitu udara Irungo Udalak.
Hobekuntzak eta mantentze lanak egin ditu Irungo Udaleko Bide Publiko eta Obra Arloak azken asteotan. Kirol Arloarekin eta hiriko elkarteekin elkarlanean aritu da, kirol azpiegituretan egin beharreko lanak aurrera eramateko. “Kirol kluben ohiko jarduerak behera egiten du udan. Horregatik, lan batzuk egiteko aprobetxatzen dugu. Helburu nagusia da, ahal den neurrian, hiriko kirol instalazioen egoerarik onena bermatzea”, azaldu du Cristina Laborda Obretako ordezkariak. Lau instalazio konpondu dituzte aurten. Edo konponduko dituzte, batzuetan lanean ari baitira oraindik.
Stadium Gal futbol zelaian, harmailetako estalkiak margotzen ari dira. Real Unionen partidak jarrai-tzera hurbildu ohi diren zaleek aspaldi ikusiko zuten egitura metaliko osoa herdoilduta zegoela. 1995ean hasi ziren eraikitzen egungo Stadium Gal. Hogei urteren ondoren, behar ditu hobekuntzak. Arretxe-Ugaldeko futbol zelaia berriagoa da, baina hasi da denboraren igarotzea nabaritzen. Alde batetik, ateen aurreko belar artifiziala ordezkatu dute, higadura gehien jasaten duen eremua baita. Era berean, zelaiko izkinetako batean ere esku hartu dute, hondoratutako zelai zati batean putzuak sortzen baitziren. Gainera, komun publikoak jarri dituzte, eraikin txiki batean.
Santiagotarrak Kirol Elkartearen egoitzaren aurrean dagoen ontziralekuan ere aritu dira. Hasteko, pantalanaren azpiko lokatza kendu dute. Ondoren, pantalana konpondu eta margotuko dute, eta pasabide berriak jarriko dituzte. Denborarekin pilatutako lokatzaren ondorioz, itsas beheretan pantalanak behea jotzen zuen. Hori dela eta, pasabideen loturak eta pantalanak gehiegizko tentsioa jasaten zuten. Plaiaundiko kirol instalazioan, atletismo pistako pertika jauziko zuzena birmoldatu behar izan dute. Zoladura aldatu dute, egoera txarrean zegoela eta. Pertika jauziko espezialistek eroso entrenatu ahal izango dute orain.
Pedro Alegre Kiroletako ordezkariak uste du hobekuntzak agerikoak izango direla: “Kirol instalazioetako erabiltzaile guztientzat izango dira onuragarriak, bai kirol gogokoena praktikatzera joaten direnentzat, baita lehiaketa edo entrenamendu bat ikustera hurbiltzen diren horientzat ere”. Lan guztien aurrrekontua 5.989,50 eurokoa izan da.