Ane Saseta, Bidasoa XXI klubeko lehendakaria: “Bidasoa XXI klubaren jarraipena bermatzea lortu dugula uste dut”

Argazkia: Estudio Gover

Konfinamenduaren ostean, Bidasoa XXI kluba ohiko erritmoa berreskuratzen hasi da. Klubean igerian dabiltzan edo waterpoloa praktikatzen duten kirolariak entrenamendu eta txapelketetara itzuli dira. Ane Saseta Bidasoa XXI-eko lehendakariak klubak bizi duen egoeraren inguruan hitz egin du.

Pandemiaren ostean Bidasoa XXI. klubak erritmoa hartzen hasi da?
Bai, kostatu zaigu, baina, orain dela hilabete bat klubak ohiko erritmoarekin lan egiten hasi dela esan dezakegu. Dena den, talde txikietan entrenatzen jarraitzen dugu eta, ondorioz, entrenamendu gutxiago egiteko aukera dugu. Hala ere, aurretik pasa ditugun guztiak ikusita, berriro normaltasunez lan egiten ari garela esan dezakegu.

Etxean inork gutxik igerilekua duenez, ia ezinezkoa izan zen konfinamenduan entrenamenduei eustea?
Bai, oso konplexua zen. Egoerarengatik guztiz baldintzatuak egon arren, Skype edo Zoom bezalako plataformak erabiliz kirola egiteko taldeak sortzen saiatu ginen. Gure kirola igeri egitea da eta urarekiko kontaktua behar dugu eta konfinamenduan zehar ezinezkoa izan zen.

Erraza izaten ari da klubeko kirolarientzat entrenamendu eta txapelketen erritmoa hartzea?
Kirolarik gogoz itzuli dira eta horrek asko lagundu du. Etxetik atera ezinik ibili ostean, gogo askorekin itzuli dira igerilekura. Entrenatzeko gogo asko daudenean nabaritu egin da, emaitza hobeak lortzen dira eta aurreko errendimendua berreskuratzea errazagoa da. Kiroldegiak itxita jarraitzen zuten bitartean itsasoan igeri egiten hasi ginen, baina, igerilekuak zabaldu zirenean gogo askorekin itzuli ziren denak.

Zein segurtasun protokolo jarraitzen duzue?
Bidasoa XXI klubeko kirolarientzat neurri bereziak hartu ditugu, kiroldegietan hartutako oinarrizko neurriez gainera. Entrenatzaileak taldeko kirolarien tenperatura neurtzen du instalakuntzetara sartu aurretik. Momentuz sei pertsonako taldeetan entrenatzen ari gara, igerilekuko kale bakoitzean hori baita gehieneko pertsona kopurua. Hortaz gain, aldagelak ere talde murriztuetan erabiltzen dira. Neurri dezente hartu ditugu eta oraingoz gauzak ondo atera direla dirudi.

Klubeko kirolari kopurua asko aldatu da?
Izen-emate berri gutxi izan ditugu. Bajak, aldiz, gehiegi izan dira, batez ere, 13-14 urte arteko gazteen artean. Adin horietan ikasketek pisu handiagoa hartzen dute eta kirolarekin loturiko murriztapenak asko aldatu direnez, ikasketei lehentasuna ematea erabaki dute askok.

Martxoa txapelketez beteriko hilabetea izaten ari da?
Nahiko ondo hasi dugu hilabetea. Waterpoloko kirolariak motibatuta daudela dirudi eta aurretik zeukaten maila berreskuratzen hasi dira. Haien kasuan apur bat konplikatuagoa da, izan ere, waterpoloak kirolarien arteko kontaktu zuzena da eta sustoren bat izan dugu beste klubetako kirolariren batek positibo eman ostean, baina, saihestezina da horrelakoak gertatzea. Igeriketan, aldiz, Espainia, Euskal Herriko eta beste mailako txapelketak dauzkagu, beraz, normaltasunera itzultzen ari garela dirudi.

Hortaz gain, zuen instalakuntzetan berriro txapelketak antolatzeko asmoa duzue?
Bai, noski. martxoko bigarren asteburuan txapelketa dugu eta hirugarren astean txikientzako txapelketa izango dugu. Zentzu horretan, Irungo kiroldegietan txapelketak antolatzen jarraitzeko gogo asko dauzkagu.

Kluba Azken Portu eta Artaleku kiroldegien kudeaketaz arduratzen da. Zein da egoera?
Udalarekin bildu, egoera aztertu eta konponbidea bilatu behar izan dugu. Elkarrizketen bitartez akordio batera iristeko gai izango garela dirudi, bientzako onuragarria izango den irtenbide bat topatzeko. Bi kiroldegi kudeatzeak lan eta esfortzu asko eskatzen digu. Bestetik, udalak jarri beharreko diru kopurua handia dela ulertzen dugu, abonatu askok kiroldegiak utzi ostean, udaletxea arduratu behar baita dirua ipintzeaz. Klubak orain arte lortutako dirurik gabe Bidasoa XXI kluba arrisku larrian ikusten genuen, baina, udal ordezkariekin hitz egin ostean, elkarrekin zerbait egin dezakegula dirudi.

Konponbidea ezinbestekoa da klubaren desagerpena ekiditeko?
Bai, agian guk geure maila apur bat jaitsi beharko dugu edo beste zerbait, baina, Bidasoa XXI klubaren jarraipena bermatzea lortu dugula uste dut.

Hirian jende kopuru handia mugitzen duzue?
Bai, entrenatzaile asko dira eta asko dira gurekin igeriketa edo waterpoloa praktikatzen duten hiriko haur eta gazteak, beraz, hiriko familia asko dira. Gainera, historia handiko kluba dela uste dut eta tristea litzateke pandemiaren ondorioz honelako klub bat desagertzea.

Zeintzuk dira Bidasoa XXI klubaren helburuak datozen hilabeteetarako?
Momentuz denboraldia normaltasunez jarraitzea espero dugu. Covid-19aren intzidentzia-tasa eta kasu kopuruaren bilakaerara egokitu behar gara. Kasu kopurua gehiago murriztuz gero, klubeko txikiek txapel- ketetan parte-hartzeko aukera izango lukete eta, horrela, normaltasun absolutua berreskuratuko genuke. Denboraldia abuztuan amaitzen da eta ordura arte lanean jo eta ke arituko gara dena ondo atera dadila ziurtatzeko.

 

Elkarrizketa osoaren bideoa Txingudi Onlinen ikusgai dago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude