Urriaren 30ean amaitzen da datorren urteko udal egutegirako argazkiak aurkezteko epea

Lehiaketaren aurreko edizioetan saritutako argazkietako bat.

«Lau urtaroak Irunen» izenburupean, herritarrek bidalitako argazki ugari jaso ditu udalak azken hilabeteetan, Udalaren egutegian ere herritarren parte-hartzea sustatzeko egiten den ekimenaren barruan. AFI elkartearen laguntza jasotzen du Udalak urtero egutegia osatzeko, eta irundarrek eginiko argazkiak erabiltzen dira. Aurten, deialdia aurreratu da, parte-hartzaileek eta AFIk berak behin eta berriz egindako eskaria zelako argazkiak jasotzeko epea lehenago hastea, urte osoko irudiak aurkeztu ahal izateko. Horrela, epea otsailean ireki zen, eta urriaren 30ean amaituko da. Muga-egun hori beharrezkoa da, argazkiak hautatzeko eta editatzeko eta egutegia ekoizteko denbora behar baita.

Informazio praktikoa
Udalak dagoeneko ireki du espazio bat wegunean. Han begiratu daitezke irudiek gutxieneko zer ezaugarri bete behar dituzten, eta argazkiak bidaltzeko formulario bat ere bete daiteke. Bidalitako irudi guztien artetik hamairu hautatuko dira: hilabete bakoitzeko bat eta azalekoa.

Argazkiak originalak izan beharko dira, inongo lehiaketatan saritu gabeak eta inongo hedabide profesionaletan argitaratu gabeak, Eta Irungo leku jakin bat berez agertu edo identifikatzen duten argazkiak onartuko dira.

Beste urteetan bezala, arreta jarri nahi da irudietan adingabeak agertu ez daitezen. Adingaberik agertzen bada, egileak gurasoen baimena izan beharko du, bere argazkia egutegian argitaratzeko.

Argazkiek .jpg luzapena eta formatu horizontala izango dute, eta 30 x 20 cm-ko luzezabala izango dute, edo antzekoa, eta hazbeteko 250-300 puntuko bereizmena izango dute gutxienez, hautatuz gero editatuak izateko kalitate nahikoa izan dezaten. Argazkiak udalaren webgunearen bidez bidaliko dira udalera. Parte-hartzaileen erantzukizuna izango da aurkezten diren lanetan hirugarrenen batek eskubiderik ez izatea eta irudi-eskubideak direla-eta inolako erreklamaziorik ez aurkeztea. Parte hartzaileek hiru argazki bidali ahalko dituzte gehienez. Baina azken hautaketa egiterakoan, egile bakoitzeko argazki bakarra aukeratuko da. Abendurako argitaratuko da egutegia, eta 11.000 ale kaleratuko dira.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude