Irugurutzetako ingurua birgaitzeko lanen kontratazioa onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak

Cristina Labordak gaur goizean komunikabideen aurrean egindako agerraldian jakinarazi du Tokiko Gobernu Batzarrak Irugurutzetako inguruan jarduteko lanak kontratatzea onetsi duela. Irungo alkateak esku-hartzearen asmoa Irungo meatzaritzaren iragana sustatzea dela azaldu du. Hain zuzen ere, helburua da Irugurutzetako meatze-eremuari balioa ematea turismo-mailan, dagoen interpretazio-zentroa eguneratuz.

Birgaitze-proiektuak 1.750.474,23 euroko aurrekontua du, BEZa barne. 1.300.000 euro Europar Batasunaren Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planak finantzatzen ditu (Next Generation EU Funtsak), eta 12 hilabeteko egikaritze-epea du.

Alkateak nabarmendu duenez, “Proiektu honek Irugurutzetako meatze-eremua aldatuko du, bisitatzeko moduan jarriko baita, irisgarria izango da-eta, etortzen den orok ahalik eta bisita onena eta aberasgarriena bizi dezan”. Cristina Labordak azpimarratu duenez, ondare-ondasun bat da, garrantzi handikoa, bai Irunentzat bai lurralde osoarentzat. “Horrenbestez, hiriaren kultura- eta turismo-eskaintza osatzen jarraitzeak esan nahi du udalerriak osasun ona duela alde horretatik”, gaineratu du Labordak.

Espazio naturalari balioa emateko, beste baliabide batzuetan ere lan egingo da, besteak beste, kultura- eta ingurumen-eduki eta -jarduerak sortuz labeen inguruan ez ezik Aiako Harriaren inguruko meatze-hondarren, akueduktuen, meatze-zuloen eta galerien inguruan ere.

Ekintza horiek lagundu egingo dute kokaleku hori Irundik Aiako Harriko parke naturalera sartzeko ate bihurtzeko helburuan, baliabide digitalak eta ondare-elementuak izango dituen museo-instalazio aurreratu bat ere egingo baita.

Sartzeko ate honetara iristeko, Irungo Udalak jada ezaguna den erakarpen turistiko bat berreskuratu eta martxan jarriko du: tren berdearen zerbitzua, %100 elektrikoa izango dena eta hiri-zentroa enklabearekin konektatuko duena. Honek 450.000 euroko kostua izan du, 200.000 euro Europar Batasunaren Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Planak finantzatuta (Next Generation EU Funtsak).

Irugurutzetako labeen zaharberritze monumentalaz gain, aurreikusten da naturagunea garbitu, labeak segurtasunez sendotu eta irisgarritasuna hobetzeko lanak egitea.

Esku-hartzea, xehetasunez

Honako hauek dira egingo diren ekintza nagusiak:

Proiektuak eremu osoko elementuak berreskuratzeko lan batzuk aurreikusten ditu, betiere ikuspegi jasangarri batetik: landaretzako sasi-kentzea eta garbiketa, natura eta biodibertsitatea babestea eta indartzea, eta abar.

Aurrekoaz gain, gune estali bat aurreikusi da gunera hurbiltzen diren bisitarientzat. Gune hori solairutan banatuko da, igogailu baten bidez konektatuta, eraikina guztiontzat irisgarria izan dadin. Eraikinak elkartzeko gune bat eta interpretazio-gune bat izango ditu, besteak beste, labe-bateriara sartzeko.

Interpretazio-zentroaren barrualdea birgaituko da, eta argi naturala aprobetxatuko da, espazioa argitzeko. Gainera, zerbitzu-azpiegiturak ezarriko dira, hala nola hornidura, saneamendua, energia fotovoltaikoa, argiztapena, aireztapena eta abar. Eta guztiak izango dira efizienteak energia aldetik.

Irugurutzetako labeak

Irugurutzetako ondare-eremuan meatze-galeriak eta minerala kiskaltzeko labeak daude. Hango labe-bateria Euskal Herriko garrantzitsuenetariko bat da.

Nahiz eta Aiako Harriko eta inguruko meatze-ustiapenak erromatarren garaian hasi ziren, Irugurutzetan bisita daitezkeen egiturek XX. mendeko meatze-jarduerarekin dute zerikusia, burdina erauzten zuten.

Minerala erauzketa-lekuetatik labeetara garraiatzen zen, burdinbidetik bagoneten bidez edo airetik, kableetan galdarak esekita. Behin hara iritsita, labeetan kiskaltzen zuten, oxido bihurtzeko eta horrela bere metal-legea areagotzeko.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude