Cristina Laborda, Irungo alkatea: “Has gaitezen Oinaurrerekin; Ezin da gehiago itxaron”

Cristina Laborda Irungo alkateak Bozeramaileen Batzarrera deitu du gaur goizean, Osasun Sailak hiriko osasun-ekipamenduen inguruan proposatzen dituen azken aldaketak partekatzeko.

Gogoratu behar da Irungo osasungintza Osasun Sailaren zor historiko bat dela. Irungo Udalak eta Osasun Sailak 2015etik hitzartua zuten osasun-azpiegituren plangintza. Akordio horrek Oinaurren hirugarren anbulatorio bat eraikitzea eta Bidasoa ESIk zehaztutako erabilera eta zerbitzu batzuk aurreikusten zituen.

2022an, plan hori ezerezean geratu zen, Udalak Bidasoa ESIren plan zuzentzailearen dokumentu berria prentsaren bidez ezagutu zuenean. Dokumentu horretan, kontrasterik eta eztabaida politikorik eta sozialik gabe, Osasun Sailak alde bakarrez iragarri zuen hiriko erdigunean anbulatorio handi bat eraikitzeko asmoa zuela. Osasun Sailak behin eta berriz planifikazio-aldaketak egin ondoren, kokapen ezberdinen eskariekin, azken berriek Udaletxe ondoko orubera garamatzate.

Testuinguru honetan, Bozeramaileen Batzarrean, Labordak lehenik eta behin azpimarratu du plan zuzentzailea adostuta eta itunduta egin behar dela hiriko osasun-ekipamenduak eta horiek eskainiko dituzten erabilera eta zerbitzuak modu integralean antolatzeko: “Gobernuak inprobisatzen jarraitzen du, hirigunean milaka metro karratu eskatuz, zehazki zertarako ez dakigula: zer erabilera izango dituzten, zer espezialitate, zenbat profesional, zenbat denbora eta beste ezinbesteko gai batzuk denen artean adostu beharrekoak”.

Bigarrenik, alkateak berriz adierazi du Udalak apustu irmoa duela Oinaurren berehala eraikitzeko: “Oinaurren anbulatorioa eraikitzeko asmoa alde guztiek babesten dute: Udalak; profesionalen kolektiboak, plataformaren bidez, eta Osasun Sailak berak. Inork ez du ulertzen zergatik blokeatzen den ekipamendu hori, gaur egun adostuta dugun berehalako irtenbide bakarra denean. Has gaitezen Oinaurrerekin. Ezin da gehiago itxaron”, azaldu du alkateak.

Alkateak nabarmendu nahi izan du, halaber, Eskualdeko Ospitalea handitu eta hobetu beharra dagoela, Osasun Sailak berak bere Plan Estrategikoan jasotzen zuen defizit bat baita.

Eta Udaletik eskaini diren aukerak baztertu ondoren (erdiguneko anbulatorioa zabaltzea edo Oinaurren anbulatorio handi bat eraikitzea) Osasun Sailak egin duen eskaera berriari erantzuteko, Labordak mahai gainean jarri du Euskal Administrazioaren betekizunak betetzen dituen beste bat: “Osasun Sailak hiriaren erdialdean anbulatorio handi bat eraiki behar dela esaten jarraitzen du, hori zaila den arren. Lehentasuna Oinaurre da, baina erantzunak erraztu eta eskaintzeko ildoari jarraituz, aukera bideragarri gisa planteatu genuen Ospitale Zaharreko bulegoen atzealdea. Erdigunean dago, eta eskatu dizkiguten metroak ditu. Gainera, ondo komunikatuta dago, eta erabat bateragarria da inguruko bizitza sozialarekin. Hala eta guztiz ere, prest gaude ahalik eta adostasun eta akordio handiena izango duten alternatibak aztertzeko. Horretarako beti dago denbora, lehentasuna Oinaurre baita”.

Alde horretatik, alkateak azaldu du zergatik ez den alternatiba bideragarria udaletxearen aurreko orubea anbulatorio handi bat eraikitzeko: “Espazio horrek ez ditu betetzen eskatzen dituzten betekizunak, ez espazio aldetik ez eta irisgarritasun aldetik ere. Gainera, irundarrentzat izaera sinbolikoa duen plaza bati buruz ari gara, hiriaren bihotza baita eta gure elkargune enblematikoena”.

Alkateak egiaztatu du jarrera horrek Bozeramaileen Batzarraren gehiengoaren bermea duela.

Bozeramaileen Batzarra amaitu ostean, alkateak Osasungintzaren defentsa aldarrikatu nahi izan du, “bizi izan duguna desleialtasun instituzionala izan baita. Osasun Sailak eten egin du gure arteko elkarrizketa, nahiz eta Udalak benetako konponbideak bilatzen jarraitzen zuen eta jarraitzen duen. Hala ere, nire borondatea beti izango da hizketa eta instituzioen arteko lana, hori baita konponbide bakarra. Ororen gainetik, herritarren interesak eta beharrak daude; beraz, gure ardura da adostasunaren bidetik akordio bat lortzea, osasunarekin zerikusirik ez duen guztia alde batera utzita”.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude